Bazen ordua, motel!». Ozen eta barru-barrutik atera zaio Ladis Galarzari aitormena (Baraibar, Nafarroa, 1990). Ez da harritzekoa. Bosgarren ahaleginean sailkatu da lehen aldiz Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako, Joseba Ezkurdia bikotekide duela. «Denetarik» pasatu zitzaion aurreko lau aldietan. «Aurrenekoan, Bengoetxearekin, eskuin eskuan min hartu nuen, eta bost partida baino ez nituen jokatu; bigarrengoan, Urruti-rekin, bi besterik ez, oinean lesionatu bainintzen; hirugarrengoan, Josebarekin, gutxigatik ez ginen sartu aurreneko lau bikoteen artean; eta iaz, Jokinekin [Altuna], laugarren izan ginen, baina kanporaketa sartu zuten lehen aldiz, eta partida horretan Laso-Albisuren aurka galdu genuen. Atarian geratu naiz askotan, baina aurten, barruraino sartu gara Joseba eta biok. Eta, egia esan, hori lortuta arantza atera dut. Oso pozik nago».
Sailkatzeko, «argi» zuten «sufritu» egin beharko zutela, eta halaxe egin dute. «Gaizki hasi ginen, aurreneko hiru partidak galduta. Baina lehen garaipena lortzeak mesede handia egin zigun. Lehen hiru partidak galdu ondoren, zazpi irabazi ditugu 11 jardunalditan. Oso ondo dago. Behetik gora egin dugu, eta nahiago dut hori eginda sailkatu, goitik behera eginda baino. Gogotsu eta indartsu gaude. Sasoi onean harrapatuko gaitu finalerdietako ligaxkak».
Finalerdietan, ordea, hiru partida baino ez dituzte jokatuko. Ez dago denborarik behetik gora egiteko. «Ligaxka oso laburra da, eta goitik ekin behar diogu. Funtsezkoa da ondo hastea. Bestela, huts egiteko tarterik gabe geratuko gara». Igandean dute aurreneko partida, Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren aurka, Logroñon (Espainia). Behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka ligaxkan, lehen itzulian Iraitz Zubizarretak Peña II.a ordezkatu baitzuen, hura bakartuta baitzegoen. Hain zuzen, egun horretan irabazi zuten aurrenekoz Aspekoek: 22-14. Bigarren itzulian, Baikoko bi titularren aurka, ordea, oso bestelakoak izan ziren gauzak: 22-7 irabazi zuten Peña II.a-Albisuk, Iruñean. Ez dute ahaztu Aspekoek. «Okerren jokatu ditugun partidetako bat izan da. Ez genuen gurea eman. Ea oraingoan ematen dugun. Ematen badugu, irabazteko aukera izango dugu, ziur».
Ezkurdia, «luxuzko kidea»
«Ondo» ikusi du bere burua, bikotekidearen «antzeko». «Biok hasi ginen behetik. Nik, adibidez, bizkarreko pare bat jaso nituen. Baina normala da; hasieran, jendea kosk egitera irteten da, eta ez dizu ura ere uzten. Eta Joseba eta biok ez ginen sasoirik onenean. Baina argi hitz egin genion elkarri, eta garbi geratu zitzaigun gauza batzuk aldatu behar genituela. Aldatu genituen, eta, horri esker, suspertu egin ginen. Mesede egin zigun gaizki hasteak, adiago egoteko eta tentsioa hartzeko. Oso gauza onak egin ditugu gero».
Bigarrenez ari da Ezkurdiarekin, eta, duela bi urte bezala, «oso gustura» dabil. «Sentipen onak izan genituen elkarrekin jokatu genuen aurreko aldian, eta, horregatik, pozik hartu genuen berriz bikote izatea. Niretzat, lagun batekin jokatzea da Josebarekin aritzea. Oso ondo moldatzen gara, eta gauzak oso argi esaten dizkiogu elkarri. Frontoian, berriz, gozamena da harekin jokatzea. Segituan ohartzen zara zergatik den onenetako bat. Sekulako erritmoa jartzen dio partidari, eta sekulako abiadura ematen dio pilotari. Defentsan ere izugarri moldatzen da. Konfiantza handia ematen du harekin aritzeak. Egia esan, luxu handia da hura bikotekide izatea».
Ezkurdiarekin eta Altunarekin jokatu du azken hiru urteetan. Txapel gehien irabazi dituzten pilotariak dira. Horregatik, «oso eskertuta» dago Asperekin, «bi pilotari handi horiekin» jokatzeko aukera emateagatik. Hala ere, zehaztu du «pozik» legokeela beste edonorekin jokatuta ere. «Sekulako maila dago enpresan».
Sekulako maila dago finalerdietako ligaxkan ariko diren atzelarien artean ere: Albisu, Jose Javier Zabaleta eta Jon Mariezkurrena. «Indar handikoak dira guztiak: Albisuk eta Zabaletak bi eskuekin jotzen dute gogor pilota, eta Mariezkurrenak, eskuinarekin». «Prest» da haiekin lehiatzeko. «Konfiantza» du lagun. «Gero eta konfiantza handiagoa dut neure buruan. Oso pozik nago izan dudan garapenarekin—2009an egin zuten debuta—, batez ere duela hiru urte Aspera itzuli nintzenetik eginikoarekin. Asko hobetu dut, eta, batez ere, gehiago sinesten dut neure buruan. Baina argi dut asko dudala hobetzeko. Prest nago gogor lan egiteko hori lortzeko».
Bere buruari «atseden ematen» ere ikasi du; «batez ere, pilotaz deskonektatzen». Aita izateak lagundu dio. «Bost hilabete eskaseko semea dugu, eta harekin nago ia egun osoan. On egiten dit harekin egoteak, pilotako egunerokoaz pixka bat ahazteko». Ladis du izena semeak, aitak eta aitonak bezalaxe. «Seguru» dago beste katebegi bat izango dela. «Honi ere gustatuko zaio pilota, ziur».
'Konfiantza' da hitz gakoa
Bosgarren ahaleginean lortu du Ladis Galarzak lehen aldiz binakakoaren finalerdietarako ligaxkarako sailkatzea; Joseba Ezkurdiarekin lortu du. Aitortu duenez, «arantza» atera du hori eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu