Espainiako Bigarren Mailakoa oso txapelketa luzea da, eta mota guztietako gorabeherak eta boladak izaten dituzte talde guztiek sasoi bakar batean. Bada, Joseba Etxeberriaren Eibar bolada txar betean sartuta dago azken asteetan: ligako azken hiru partidak galdu ditu, eta, gainera, Bigarren Federazio mailako UD Logroñesek Espainiako Kopatik kanporatu zuen.
Azken asteetako emaitza horien ondorioz, sailkapenaren erdialdean dago orain Gipuzkoako taldea, eta, egoera irauli ezean, ez gora ez behera geratzeko arriskua dauka. Egun, seigarren sailkatua den Mirandesengandik lau puntura dago, eta jaisteko postuekiko sei punturen aldea dauka.
«Orokorrean, uste dut taldearentzat denboraldi hasiera zaila izaten ari dela. Igoeraren lehian murgilduta egon da Eibar azken hiru denboraldietan; taldeak identitate jakin bat zeukan, baina jokalari garrantzitsu askok alde egin dute uda honetan. Hala, uste dut identitate berri baten bila ari direla. Josebak [Etxeberria] bere betiko jokoa egin nahi du, eta ea jokalariek hori ulertu eta barneratzen duten. Agian denbora pixka bat beharko da estilo berri hori txertatzeko». Roberto Lombraña Txiki (Durango, Bizkaia, 1975) Eibarreko jokalari ohiaren hausnarketa da hori; sei denboraldi egin zituen Eibarren, 2006 eta 2012 bitartean, eta, denera, 212 neurketa jokatu zituen Gipuzkoako taldearekin.
Lombrañaren ustez, «konfiantza» da egoera iraultzeko gakoa. «Taldea orain arte ez da gaizki aritu, baina bolada txar batean sartu da orain. Bigarren Mailan orotariko momentuak izaten dira denboraldi batean. Bolada hau berehala eteten badu, uste dut berriro ere goiko postu horietako borrokan sar daitekeela». Denboraldi hasiera ona egin zuen Etxeberriaren taldeak, aurreneko sei partidetan hamabi puntu bilduta. Hala eta guztiz ere, Lombrañak dio emaitzak jokoa baino hobea izan zirela aurreneko partida horietan. «Etxean jokatutako lehendabiziko norgehiagoketan iruditzen zait aurkaria hobea izan zela oro har. Edonola, Eibarrek agian ez zuen ondo jokatzen, baina orain ez bezala, ondo lehiatzen zen. Jokalarien maila, orain eta lehen jardunaldian, berbera da, eta, beraz, konfiantza da gakoa. Garaipen bat behar dute berriro ere eurengan sinisteko».
Garaipenaren bidera itzultzeko, Eibarrentzat behar-beharrezkoa izango da ate aurrean eraginkorragoa izatea. Izan ere, partida gehienetan gol aukera dezente sortu arren, hamabi gol baino ez ditu sartu aurreneko hamalaugarren jardunaldietan. Aurreko sasoian 72 gol sartuta ligan gol gehien sartu zituen taldea izan zen, baina, gaur-gaurkoz, gol kopurua aintzat hartuta, ligako talde txarrenetan laugarrena da. «Gol gutxi dira, bai. Jon Bautistaren golekiko menpekotasun handia dauka taldeak, eta nabaritzen da berak golak sartzen ez dituenean. Aurreko denboraldian bikain aritu zen, eta ea orduko gol sena berreskuratzen duen. Dena den, Antonio Puertas, Xeber Alkain eta halako jokalariek, adibidez, golak sartuz ere lagundu behar diote taldeari».
Baina bada aldatu ez den kontu bat: Eibarrek oraindik ere gol dezente jasotzen ditu. Izan ere, 15 sartu dizkiote ligaren heren bat jokatuta. «Aurreko denboraldian 72 gol sartu zituen, baina 48 sartu zizkioten. Zama handiegia da hori igo nahi duen talde batentzat. Ate aurrean oraingoz ez da asmatzen ari, baina bolada kontua ere izan daiteke».
Etxeko gehiago
Taldearen erdia baino gehiago aldatu behar izan du Cesar Palacios kirol zuzendariak denboraldi berriari begira, eta Ager Aketxeren, Juan Diego Molina Stoichkov-en edo Alvaro Tejeroren gisako jokalariek hutsune handia utzi dute. Fitxaketa asko egin dituzte armaginek taldea osatzeko, eta horietatik zazpi euskal jokalariak izan dira. «Etxeko jokalari gehiago izatea beti da ona. Nire garaian, gutxi-asko, taldearen %80 etxeko jokalariek osatzen genuen. Aldagelarentzat ona izango da hori. Eibarren, beti, etxeko jokalari askok jokatu dute, eta fitxaketa hauek balioko dute Eibarren betiko izaera hori mantentzeko».
Laugarren denboraldia du Eibarrek jarraian Bigarren Mailan, eta helburua igotzea edo behintzat berriro igoeraren borroka horretan egotea bada ere, urtero zailagoa izango da Eibarrentzat. Lombrañak ez dut uste denboraldia hasi aurretik Eibar igotzeko hautagai nagusia zenik. «Zaragoza, Malaga edo Santanderko Racing aurretik daude, besteak beste. Azken hamarkada oso polita izan da, baina Eibarren historia arakatzen baduzu, Bigarren Mailari eusteko borrokatu da gehienetan».
Horren harira, jokalari durangarrak argi dauka aurrekontu handiena duten taldeak direla igotzeko hautagai nagusiak. «Klubaren kudeaketa oso ona izan da; kirol arloan gauzak ondo egin ditu asko gastatu gabe, eta, gainera, Ipurua berritu eta kirol hiri bat eraikitzeko gai izan da. Exijentzia handiagoa da orain, bai, baina exijentzia horrek aurrekontuaren tamainakoa izan behar du. Lehen Mailako gurpil horretan sartu behar duzu urte batzuetarako aurrekontua handitu ahal izateko. Bestela, tarteka lortzen bada ere, oso zaila da aurrekontu handiagoa duten taldeak egun batean bai eta hurrengoan ere bai menderatzea».
«Exijentzia handiagoa da orain, bai, baina exijentzia horrek aurrekontuaren tamainakoa izan behar du» ROBERTO LOMBRAÑA 'TXIKI'Eibarreko jokalari ohia
Igoerako kanporaketak jokatzeko eskubidea ematen duten postuetara gerturatzen hasteko, Eibarrek gaur egin behar du lehen urratsa. Horretarako, jaisteko postuetan dagoen Ferrolgo Racing menderatzea behar du. «Bolada txar hau etetea da lehentasuna. Denboraldia oso luzea da, baina, irabazi ezean, agian bestelako helburuetan pentsatzen hasiko da taldea. Ipuruak gotorlekua izan behar du taldearentzat, eta jokalariek denboraldi hasieran erakutsi zuten maila eman behar dute berriro».