Pauso handiak ematen ari da azken urteetan Jone Magdaleno (Bilbo, 1997) taekwondoko borrokalaria. Aurreko astean bertan, zilarrezko domina kolkoratu zuen Turkiako Presidente Kopan. Han harrapatu zuen Turkiako eta Siriako eta Kurdistango hainbat hiri eta herri txikitu dituen lurrikarak; baina epizentrotik urrun zegoen, Istanbulen. Datorrenari aurre egiteko «gogoz» da.
62 kiloz azpiko mailan munduko borrokalaririk onenetakoa da. Zerbaitengatik da egungo Europako txapelduna. Otsail hasieran Turkian jokatutako Presidente Kopan Thepuola Sarvanaki, munduko txapeldunordea, bakarrik izan zen gai Magdaleno garaitzeko. Aho zapore gozoa utzi zion txapelketak: «Oso gustura nago, puntuak modu askotara lortu ditudalako. Horrek aberasgarriagoa egiten du nire borrokatzeko era, eta aurkariei zailagoa zaie defendatzea. Kolpe eta mugimendu berriak sartzea ezinbestekoa da hobetzeko».
Txapelketa hori ez zen Turkian lehiatu behar zuen bakarra, baina herrialde horretan izandako lurrikara dela-eta, Turkiako Irekia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Halere, «etxeko lanak eginda» itzuli zen etxera: «Egia esan, gu geunden lekuan seguru geunden. Dolu kontuengatik erabaki zuten txapelketa atzeratzea. Behin han egon, ordutegira egokitu eta pisu onean egonda, lehiatzea gustatuko litzaidake, baina behintzat Presidente Kopan postu oso on bat lortu nuen». Apirilean egingo dute Turkiako Irekia, eta ziur denak borrokalari bilbotarrari begira egongo direla, hark irabazi baitzuen aurreko urteko ekitaldia.
Buru-belarri ari da lanean Magdaleno 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko. Begiz joak ditu, baina badaki zaila izango dela sailkatzea. Munduko zerrendako lehen bostak bakarrik lortzen dute zuzenean sailkatzea, eta, egun, hamaseigarren dago. «Oso zaila da aurreko postu horietan egotea, baina ni hor sartzen saiatuko naiz. 11 kirolari ditut aurretik, baina aurten puntu asko banatuko dira, txapelketa garrantzitsuak ditugu, eta emaitza onak lortzen ahaleginduko naiz».
Ez ditu helburu makalak ezarri sasoi honetarako. Europar Jokoetan arituko da ekainean, eta maiatzean, Bakun (Azerbaijan) egongo da Munduko Txapelketan. Bietan, lehen hiru onenen artean egotea du xede: «Podiumetik ez jaisteko asmoarekin noa bietara. Zaila izango da, baina oso momentu onean nago, inoiz baino hobeto. Aurreko urtean Europako Txapelketa irabazi nuenean baino sasoikoago nago aurten».
Iaz, Manchesterren (Ingalaterra) jo zuen goia Europako Txapelketan. «Ustekabean» iritsi zen saria: «Ez nuen irabaztea espero. Dominen borrokan egotea bai, baina denei gailentzea hori ez nuen imajinatzen». Lorpen horrek denak bere begira egotea ekarri zuen, aldaketa handia Magdalenorentzat: «Europako txapeldun izateak arretagunean jarri ninduen. Borrokalari guztiek 'handi' baten moduan ikusten ninduten, eta modu oso ezberdinean hasi ziren borrokatzen. Ez zuten nirekin kolpeka hasi nahi, eta ahalik eta huts gutxiena egiten saiatzen ziren. Ni garaitzea sari nagusi moduan hartzen zuten».
Kosta egin zitzaion horretara ohitzea, eta 2022ko urrian jokatu zen Munduko Txapelketan larrutik ordaindu zuen. «Txapelketako laugarren zerrendaburuanintzen, eta presio hori ez nuen ondo kudeatu. Lehenengo kanporaketan etxerako bidea hartu nuen. Apenas borrokatu nuen, lehiatzera atera, eta mugitu ere ez nintzen egin».
Psikologo baten laguntzari esker lortu zuen egoera horri buelta ematea. Halere, ez zen erraza izan: «Txapeldun izan eta hurrengo lehen hiruzpalau hilabetetan oso gaizki pasatu nuen. Munduko Txapelketan hondoa jo nuen, eta orduz geroztik dena ondo joan da. Psikologoak guztia barneratzen lagundu dit. Baina goi mailako kirolari askok ez dute lortzen horrelako egoerak gainditzea».
Etxetik datorkio sena
Gazte hasi zen taekwondoaren munduan Magdaleno. 5 urte baino ez zituenean hasi zen lehen pausoak ematen gurasoen gimnasioan: «Gazte-gaztetatik nire gurasoak izan dira nire entrenatzaileak. Nik hasieran ez nuen borrokaldietan jarduten, Pumsae modalitatean aritzen nintzen [kontakturik gabeko koreografia antzeko batzuk]. Borrokatzea ez zitzaidan batere gustatzen, beldurra ematen zidan jendea niri aurpegian ostikoak ematen aritzeak. Ez nuen neure burua hor ikusten».
Magdalenoren gurasoek ondo ezagutzen dute taekwondoaren ingurumaria, eta alabari bere bidea egiten utzi zioten hasieratik. 15 urte bete zituenean iritzia aldatu zuen borrokalari bilbotarrak. 22 urterekin, Zuzenbideko ikasketak amaitu zituenean, beste pauso bat eman, eta Bilbotik Madrilgo Errendimendu Handiko Zentrora joatea erabaki zuen. Han dabil 2019 amaieratik, onenekin entrenatzen: «Etxean, egunero ordu eta erdi edo bi ordu entrenatzen nintzen; hemen, lau ordu. Gainera, Europako eta Munduko txapeldunekin entrenatzen naiz, eta horrek halabeharrez hobetzera behartzen zaitu. Oso gustura nago hemen».
«Oso bilbotarra» da Magdaleno, eta bi astez behin etxera itzultzen da: «Askotan etortzen naiz amamari eta aititari bisitatxo bat egitera. Gurasoen gimnasiora joaten naiz anaiarekin borrokatzera, eta gurasoei klaseren bat ematen laguntzen diet».
Jone Magdaleno
Kolpez kolpe, tontorreraino
Bere kirol ibilbideko momenturik onenean da Magdaleno. Taekwondoko Europako txapeldun da bilbotarra, eta aurtengo Munduko Txapelketa eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak ditu begiz joak, baina badaki zaila izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu