Virginia Finol

Kolpez kolpe, goraka

Izerdiaren bidetik aritzen da Finol, eta saialdien fruituak jasotzen ari da pixkanaka. Herri kiroletan lortu du azken garaipena: ingude altxatzeko Euskal Herriko txapelduna da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Libre ditudan ordu ia denak kirolari eskaintzen dizkiot». Virginia Finolen (Maracaibo, Venezuela, 1980) esaldi horrek agerian uzten duzein den kiroletan ondo aritzeko duen sekretua. Ez baita modalitate bakar batean aritzen; pisu altxaketan, crossfit-ean eta herri kiroletan lehiatzen da; horien artean, batik bat, harri jasotzean eta ingude altxaketan.

Hain justu, ingudearekin lortu du azken garaipena. Joan zen urtarrilaren 19an Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen, Mungian (Bizkaia), Maika Ariztegiri eta Karmele Gisasola Zelai III.ari aurrea hartuta. Finolek 96 kolpe egin zituen hamar kiloko ingudearekin, minutu eta erdian. Ariztegik, bi gutxiago, 94, eta 92 eginda geratu zen Gisasola.

«Gustura nago. Maika [Ariztegi] hor egonda, zail samarra ikusten nuen». Finolen ustez, lehen hiru sailkatuak izan zitezkeen emaitza ona lortzeko moduan, eta, horregatik, nahiago zuen oinak lurrean aritu txapelketan: «Ez dut sekula ezer ziurtzat jotzen. Bakoitza bere erara entrenatzen da, eta auskalo».

Bi jasoaldiko abantailak eman zion garaipena, eta baleko aldea izan zela adierazi du Finolek. Haren esanetan, «egun batzuk lehenago estuagoa izan zen hiruron arteko dema, eta halaxekoa izango zela espero nuen». Halere, aise aritu zen Venezuelan jaiotako iruindarra. Asteak igaro arren, garaipenarekin «gozatzen» ari dela azpimarratu du Finolek, eta «gorengo mailan» segitzeko asmoz dabil: «Aurkikuntza ederra izan da ingudea. Ezagutu nuenetik, hari lotuta nago».

Ariztegiren atzetik lehiatzea egokitu zitzaion Finoli, baina horrek ez zion abantailarik ekarri. Izan ere, haren lanari erreparatu gabe ekin zion Finolek. «Ez nekien zer marka egin zuen berak esan zidan arte». Alabaina, Ariztegiren marka ez zuen begiz joa izan bere proban zehar: «Sentipenen arabera aritzen naiz; zifra jakin bat ezartzen badut, kale egin dezaket».

Prestatzeko, 'crossfit'-a

Pixkanaka bidea urratzen ari da Finol. Herri kirolariak azaldu du «nahiko lehergarria» dela ingudearekin egindako proba, eta crossfit-eko entrenamenduak dituela saioak prestatzeko oinarri: «Erabat baliagarria da. Antzeko entrenamenduak egiten ditugu crossfit-ean. Oro har, proba baten atarian soilik aritzen naiz ingudearekin, giharren aldetik nahiko astuna egiten zait eta».

Ingudearekin ez, baina, bestela, gelditu ere ez da egiten Finol, eta uste du hori dela marka onak egiteko gakoa. Haren esanetan, «utziz gero, segituan galtzen da aurrez prestatutako guztia». Txapelketak etorri ahala, ordea, entrenamendu saio berezituak egiten dituela esan du Finolek: «Segidak tartekatzen ditut, hogei segundokoak-eta».

Arlo fisikoa garrantzitsua da ingudearekin ondo aritzeko, baina teknikak ere badu garrantzirik. Hala uste du Finolek: «Ni ez naiz teknika aldetik onena, baina, esaterako, asko nabaritzen da Maika Ariztegiren kasuan». Zehaztu du hark hobeto aprobetxatzen dituela beheko kolpeak, eta bere indarguneak oso bestelakoak direla: «Fisikoki ondo nagoelako ausartzen naiz parte hartzera. Crossfit-ean indarra eta lan aerobikoa uztartzen ditugu».

Herri kirolei lotuta

Azken garaipena ingudearekin lortu du, baina beste modalitateetan ere aritzen da Finol. Kirol ezberdinak uztartzen ditu, eta harriarekin ere aritzen da. «Harri jasotzen aritzen naiz gusturen», azaldu du. Finolen arabera, «harriak gehiago eskatzen du. Teknikaz gain, oso indartsua izan behar duzu; bestela, ezinezkoa da harria mugitzea».

Crossfit-ean, bolarekin entrenatzen da Finol; ez, ordea, kubikoarekin eta laukizuzenarekin. Hargatik, «ikasten saiatzen» ari da: «Xabier Urrutia ari zait laguntzen. Urruti samar geratzen zait, baina ahal dugun heinean moldatzen gara».

Alejandro Fernandezi esker ezagutu zituen herri kirolak. Hura du crossfit-eko prestatzaile, eta ingude lehiaketetan aritutakoa da. Hark esan zion probatzeko, eta gustatu egin zitzaion: «Inguruko jendea ez da askorik harritzen, indar eta erresistentzia kontuak direnez... Alderdi kulturalak gehiago harritzen ditu».

Urrun ikusten zuena bere eginda ari da Finol: «Esaten didate ez dudala enkajatzen. Venezuelarra naizenez... Halere, ez dut inoiz arazorik izan: onartua sentitzen naiz, eta oso gustura ari naiz». Herri kiroletan urratsak egiten segitu nahi du Finolek, eta «emakumeak «gerturatzen» saiatu, «gutxi» baitira. Berak, behintzat, jasoaldiak egiten jarraitzeko asmoa du: «Aizkorarekin-eta ez, oraingoz. Errespetu handia sortzen dit, eta denbora asko behar da ikasteko». Saiatuz gero, lortuko luke: ingudearekin eta harriarekin egin dituenak dira adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.