Roland Garros hasi aurretik gutxik ezagutuko zuten Jelena Ostapenko. Baina, atzofinalean emandako erakustaldia ikusita, ziurtzat eman daiteke etorkizunari begira oso kontuan hartzeko tenislaria izango dela. 4-6, 6-3, 6-4 gailendu zitzaion Simona Halepi. Kolpeka atera zuen pistatik, erasokor eta lotsagabe jokatuz, arriskatuz, partidak ihes egingo ziola zirudien uneetan bere estiloari eutsiz. Onerako eta txarrerako, berak egin zuen dena. Behartu gabeko 54 oker egin zituen,baina beste horrenbeste puntu irabazle. Hor egon zen gakoa. 33 urte ziren Parisen zerrendaburua ez zen tenislari batek irabazten ez zuela. Hunkituta jaso zuen letoniarrak txapeldunaren trofeoa. «Amets bat bizitzen ari naiz. Ezin dut sinetsi Roland Garros irabazi dudanik».
20 urte bete berri ditu Ostapenkok —ostegunean egin zituen—, eta atzo arte 47. postuan zegoen WTAren zerrendan.Aurrean eskarmentu handiagoko kontrarioa zuen, Halep bosgarren baitzen WTAren zerrendan, eta 25 urte ditu. Irabazi izan balu, lehenbiziko jarriko zen zerrendan. Ostapenko, ordea, erasokor eta lotsagabe atera zen hasieratik. Presiorik gabe. Philippe-Chatrier pistan jokatzeak ez zuen kikildu. Lehen unetik arrastoaren atzealdetikjokatzera behartu zuen Halep. Berak, berriz, pistaren barrutik jokatu zuen, arriskatuz etatorneo osoan erakutsi duen kolpe gogor eta azkarra erakutsiz.
Emakumeen torneoan bera izan da eskuinarekin pilotari abiadura handiena eman diona: orduko 122 kilometro. Gizonezkoena ere kontuan hartuz gero, laugarrena da. Soilik Dominic Thiemek (orduko 135 kilometro), Stan Wawrinkak (orduko 130 kilometro) eta Rafa Nadalek (orduko 127 kilometro) jo dute pilota berak baino gogorrago. Jokamolde hain oldarkorrak, baina, bere arriskuak ditu, eta hala ikusi zen atzoko finalean, batez ere lehen setean. Halep gai izan zen Ostapenkoren joko zurrunbiloari eusteko. Buru gehiagorekin jokatu zuen errumaniarrak, taktikoago. Hala,Ostapenkoren akatsak baliatuz, 4-6 gailendu zen.
Bigarrena ere ildo beretik hasi zen. Lehen hiru jokoetan, Ostapenkok akats asko egin zituen, eta Halep 3-0 aurreratu zen. Gainera, hiru aukera izan zituen 4-0 jartzeko. Bazirudien letoniarrari ihes egingo ziola finalak. Jokoan bezala, lotsagabea eta oldarkorra da pistan. Barruan duena askatu egin behar du, eta une horietan egindako hainbat keinuk agerian utzi zuten berak eremalda-gora ikusten zuela finala.
Baina bere buruan sinesten jarraitu zuen. Galtzekotan, arrastoa utzita galdu nahi zuen, eta amaiera arte bere estiloari fidel izanik. Gainera, ziurrenik, torneoan gertatutakoa izango zuen gogoan. Izan ere, ordura arte jokatutako sei norgehiagoketatik hirutan, lehen seta galdu zuen partida markagailua iraultzea lortu zuen. Bada, atzokoan ere hala gertatu zen. Bigarren set jorretan, Halepek beste joko bat irabazi ahal izan zuen soilik. Berak, berriz, sei. Hala, 4-6 irabazi zuen bigarren seta.
Zaleek gozatu ederra hartu zuten Ostapenkok neurketaren zati horretan emandako ikuskizunarekin.Puntu asko galdu bazituen ere, kolpe irabazle sinestezinak ere eman zituen. Muturreraino arriskatu zuen, puntu horietako gehienetan pilotak ozta-ozta jo baitzuen marraren arrastoa. Abiadura ikusita, Roland Garrosen bainoago, Wimbledonen ari zela zirudien. Halep saiatu zen lasaiago jokatzen eta puntuak luzatzen. Baina ezin zuen. Nahikoa zuen ahal zuen moduan Ostapenkoren kolpeei erantzuten.
Hirugarren seta antzeko bidetik joan zen. Halepek sakea alde izan zuen 4-1 aurreratzeko. Baina berriro ere ez zuen asmatu Errumaniako tenislariak. Hortik aurrera, gainera, okerrak egiten hasi zen. Ostapenkok, berriz, zortea alde izan zuen pare bat kolpetan.Txapeldunaren zoria. Errebesez emandako kolpe bizi eta gogor batekin biribildu zuen neurketa txapeldun berriak.
Hamargarrenaren bila
Gaur jokatuko da, berriz, gizonezkoan finala. Rafa Nadal eta Stan Wavrinka ariko dira nor baino nor gehiago (15:00, Telecinco eta Eurosport FR). Nadalek hamargarrenez irabazi nahi du Parisen, eta bera da faborito. Orain arte, torneoan ez du set bakar bat ere galdu. Gainera, finalerdietan aurkariak baino askoz partida erosoagoa izan zuen. Bi ordu pasatxotan gailendu zitzaion DominicThiemi (6-3, 6-4, 6-0)
Wawrinkak, aldiz, oso partida gogorra jokatu zuen Andy Murrayren aurka, ia bost ordukoa (7-6, 3-6, 7-5, 6-7 eta 1-6). Fisikoki astindua hartu zuen, eta hori baliatu nahiko du Nadalek. Dena den, Wavrinka eroso aritzen da faborito ez denean, eta ezustea eman nahiko du.
Kolpeka lortu du garaipena
Jelena Ostapenko tenislari gazteak irabazi du Roland Garros torneoko finala (4-6, 6-4 eta 6-3)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu