Seigarren bandera irabazi zuen igandean Urdaibaik aurtengo San Miguel ligan. Bandera jasotzera seigarren aldiz igo zen Gorka Aranberri patroia ligako ontzira. Jaso zuen bandera, astindu bere arraunlariak azpian zeuzkan bitartean, Bou Bizkaia traineruan, ontziaren alboan. Une horrek, ordea, bazuen berezitik aurrekoetatik. Elastiko horia zeukan soinean patroiak, orduantxe ipini berri. Ligako buruan delako Urdaibai, lehen postuan ipini zelako igandean aurreneko aldiz aurten.
Asteburu biribila izan da Bermeokoentzat. Larunbatean, Portugaleten bertan, garaile izan ziren, eta igandean ere bai. Eta lider ligan, noiz eta bi estropada baino falta ez zaizkienean lanak amaitzeko. Kolpe latza eman dio lehiaketari, eta une jakinean, gainera. Hondarribia ere astindu du, jakina, orain arte lehen postuan egon den taldea. Eta Urdaibaik Orioren konplizitatea ere izan zuen herenegun aurkari zuzenari zapla jotzeko, bien artean sartu zirelako oriotarrak. Bi punturen aldea du orain Bermeoko taldeak. Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituzte azkeneko bi jardunaldiak, irailaren 17an eta 18an, Kontxako Bandera pasatutakoan.
Igandean gertatu zena esan daiteke iragarria zegoela kale zozketa egin zen unetik bertatik. Oso garbi jakiten delako Portugaleten kale bakoitzetik zer egin daitekeen. Herenegun, ura gora emanda zegoela, laugarren kalea zen onena, eta hirugarrena zen bigarren onena; txarrenak aurreneko bi kaleak ziren. Bada, Urdaibai hirugarren kaletik joan zen, eta Hondarribia, bigarrenetik. Aukera bikaina zeukan Bermeoko taldeak aurkari zuzena atzean geratzeko.
Hirugarren luzearen hasieran egin zuen hori. Ziaboga eman eta gero, ontziaren joerak laugarren kalera begira jarri zuen, norabidearen berezko bideari eutsiz. Laugarren kaleko San Juan oso atzean zuela baliatuz, gainera, kale horretatik eta haragotik egin zuen hirugarren luzea. Aldiz, Hondarribiak bigarren eta hirugarren kaleak zeuzkan luze hori osatzeko. Txarrenak, ur-lasterra kontra eta indartsuen esparru horretan zebilelako.
Sei segundo atera zizkion Urdaibaik Hondarribiari luze horretan, eta hantxe bukatu zen emozioa. Zortzi segundo zeuzkan alde hirugarren ziabogan, eta, azkenean, bederatzi atera zizkion. Bigarren txandako garaileari, Oriori, zazpi atera zizkion Urdaibaik.
Laugarren kaletik joan zen San Pedro ere lehen txandan, Orio bigarrenean bezala, eta astindua eman zien aurkariei. Seigarren bukatu zuen estropadan. Txanda horretan ziren Zumaia eta Portugalete, azkeneko biak, eta zumaiarrak aurretik sartu baziren ere hemezortzi ehunengatik, Portugalete ariko da ez jaisteko kanporaketan, eta Zumaia jaitsi da KAE 1 ligara.
KAE ligetako kanporaketa ere jokatu zen asteburuan, eta Bizkaiko bi traineruk lortu dute helburua: Arkote igo da KAE 1 ligara, eta Santurtzik maila horretan segitzeko aukerari heldu dio. Larunbatean, Santurtzi izan zen irabazi zuena, eta igandean, Arkote. Berdinduta bukatu dute kanporaketa, baina Plentziakoak aurretik, bi egunetako denborak kontuan hartuta. Hibaikak egin du hirugarren, eta KAE 2 ligan segituko du beste urtebetez. San Pedro B izan da azkenekoa, eta jaitsi egin da azken mailara.
Kolpea, une jakinean
Urdaibai, bi estropada falta direla, lehen postuan da aurrenekoz San Miguel ligan, igandean Portugaleten irabazi eta gero. Zumaia jaitsi da KAE 1 ligara

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu