50 urte betetzen dira aurten Realak lehen aldiz Europan jokatu zuenetik. Estreinakoa Txekiako Errepublikan jokatu zuten. Gaur, Viktoria Pilsenen zelaian ziren partida hura jokatu zutenetako batzuk: Arkonada, Gorriz, Idigoras eta Lopez Ufarte, adibidez. Baina egungo Realeko jokalariek ezin izan diete garaipena eskaini. Alderantziz. Izan ere, txuri-urdinek 2-1 galdu dute. Etxekoek bukaera-bukaeran sartu dute gol erabakigarria, 90. minutuan.
Kolpea Realarentzat, gutxienez berdinketa merezi baitzuen. Baina, beste behin, argitasuna falta izan zaio erasoan, eta partidaren aginte makila izateak ez dio ezertarako balio izan. Hala, lau punturekin, zaildu egin zaio Europa ligako kanporaketetarako sailkatzea. Hurrengo lau jardunaldietan, gutxienez bost puntu batu beharko ditu, eta aurkari gogorrak izango ditu aurrean: Ajax eta Lazio, adibidez.
Realak ez zuen lantegi erraza. Izan ere, Viktoria Pilsen talde gogorra eta lehiakorra da, defentsako lanean oldarkorra eta taktikoki ondo landua. Gainera, bizkor ateratzen da erasora.
Txuri-urdinek ondo ekin diote partidari, hasieratik izan baitute neurketaren aginte makila. Hala, Jedlickaren atera hiruzpalau aldiz gerturatu dira, joan-etorriko jokaldi on batzuei esker. Baina Pilsenek ere bere asmoak erakutsi ditu ahal izan duenean, eta aurretik jarri da 13. minutuan. Realeko atzealdea bigun aritu da, eta baloia Aduri iritsi zaio, txekiarren aurrelariari. Zutoin motzera jaurti du, eta gola sartu. Remiro ez da fin aritu jokaldi horretan.
Hurrengo minutuetan, Realak apur bat galdu du neurketaren kontrola. Baina, pixkanaka, berriro ere nagusitzen hasi da, baloia bere esku baitzeukan. Txekiako taldearen zelai erdiari bizkarra irabazten zion aldiro, arriskua sortu du, batez ere hegaletatik. Oiartzabal eta Kubo ondo mugitu dira hor. Jokaldi horietako batean, Oiartzabal ondoko marrara iritsi da ia, eta haren erdiraketa neurtua Oskarssonek errematatu du, buruz, area txikian. Azken neurketetan aulkian geratu ostean, islandiarrak behar zuen gola, konfiantza hartu eta egokitzeko prozesuan aurrera egiteko.
34. minutua zen, eta atsedenaldira bitarte Reala nagusi izan da teknikoki eta taktikoki, eta izan du aukeraren bat aurrea hartzeko. Baina banakoarekin bukatu da lehen zatia.
Min egin gabe
Bigarren zatiari ere aginduz ekin dio talde txuri-urdinak, eta Oiartzabalen jaurtiketa on bat kornerrera bidali behar izan du Pilsenen atezainak. Baina, hortik aurrera, dezente parekatu da jokoa. Etxekoek 60. minutuan izan dute bigarren zatiko lehen aukera, Remirok zalantza egin du irten edo ez, eta Adu baloia lortzen ahalegindu da.
Neurketari beste martxa bat jartzea falta izan zaio txuri-urdinei, erasoan min egin ahal izateko. Beckerren erdiraketa batean Oiartzabalek egindako errematea izan da sortu dituzten aukera apurrenetako bat. Bukaera aldera, Realak atzean sartu du Txekiako taldea, baina gola Pilsenek sartu du. Realaren atzealdeko jokalarien aldaratze bat Kalvachi iritsi zaio. Bitan pentsatu gabe, errematea egin du, eta, Vasulinen jo ostean, baloia sareetara joan da. Realak pare bat aukera izan ditu luzapenean, baina Oskarssonek eta Oiartzabalek ez dute asmatu, eta hala amaitu da. Txuri-urdinak esku hutsik itzuli dira etxera.
Viktoria Pilsen: Jedlicka; Havel, Paluska, Markovic, Jemelka, Cadu (Souare, 73. min.); Kalvach, Cerv, Sulc (Sojka, 94. min.); Jirka (Vydra, 73. min.) eta Adu (Vasulin, 88. min.).
Reala: Remiro; Aranburu, Zubeldia (Aritz, 81. min), Aguerd, Javi Lopez (Brais Mendez, 74. min.); Zubimendi, Sergio Gomez, Sucic; Kubo (Becker, 60. min.), Oskarsson eta Oiartzabal.
Golak: 1-0: Adu (13. min.). 1-1: Oskarsson (35. min.). 2-1, m.89: Vasulinek (89. min.).