Ez da erronka handi bati aurre egiteko modurik onena aurreko partida galtzea. Bada, egoera zail horretan egingo dio aurre Realak datorren asteartean Anoetan Mallorcaren aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalerdietako itzuliko neurketa erabakigarriari. Talde txuri-urdinak galdu egin du gaur gauean Vila-realen aurka, Anoetan, Espainiako Lehen Mailako 26. jardunaldian: 1-3. Sei partida daramatza etxean irabazi gabe, duela ia hiru hilabete Sevillari irabazi zionetik.
«Vila-realen aurka hasi behar dugu Kopako finalerdia irabazten», esan zuen Imanol Alguacilek atzo, neurketa jokatu bezperan. Bada, gaizki hasi dira lan horretan txuri-urdinak. Partida txarra jokatu dute, eta ez dute nahikoa lan egin punturen bat lortzeko. Vila-real ez da distiratsu aritu, baina bai, ordea, oso eraginkor. Ezin hobeto baliatu ditu etxekoek egin dituzten hutsak, eta merezita irabazi du.
Kopako norgehiagoka erabakigarrian burua izan arren, Imanolek ez ditu aldaketa asko egin; bi besterik ez: Pacheco Zubeldiaren ordez aritu da, eta Zakharian, Merinoren ordez. Bestelakoan, ohiko taldea zelairatu du Realeko entrenatzaileak; talde lehiakorra zen.
Zelaian ez da izan aldaketa handirik. Harmailetan, ordea, bai. Aurretik iragarri zuen bezala, Bultzada Realaren jarraitzaile taldea ez da sartu estadiora, «azken egunetan sufritu duen errepresioa salatzeko». Kontzentrazioa egin dute Bultzadako kideek estadioaren kanpoaldean. Horren ondorioz, zale asko falta izan dira Aitor Zabaleta harmailan, eta ohi baino giro apalagoa egon da partida osoan. Bultzadaren bultzada falta izan zaio taldeari.
Giro hotzagoa egonagatik ere, Reala gogotsu zelairatu da. Hala ere, berehala hartu du kolpea: Barrenetxeak min hartu du gerrialdean, eta zelaia utzi behar izan du zazpigarren minutuan. Olasagastik ordezkatu du. Baina zailtasunei aurre egin, eta arriskua sortzen hasi dira txuri-urdinak, batez ere Kubori esker. Hala, hamalaugarren minutuan, japoniarrak korner bat bota du, Brais Mendezek buruz errematatu du, eta Capouek atearen azpitik atera du baloia. Lehen abisua izan da.
Vila-realek ere eman du abisua, bi minutu geroago, etxekoen huts bat baliatuta. Baina Remirok geldiketa ona egin dio Guedesi, eta kornerrera bota du baloia. Kornerrean, ordea, huts larria egin du Realeko atezainak. Comesañarekin lehian ari zela, lurrera erori da; baloia Ruben Albiolek ukitu du buruz, eta haren pasea buruz errematatu du Comesañak sarera. Realeko jokalarien ustez, Comesañak falta egin dio Remirori, baina ez zelaiko epaileak, ez VAR-ekoak ez du legez kanpoko ezer ikusi. 0-1. Hamazazpigarren minutua zen.
Gola kolpea izan da etxekoentzat, baina ez dira jota geratu, eta ahalegin betean jarraitu dute. Baina, saiatu arren, ez dute gol aukera garbi-garbirik sortu. Zakharianek izan du garbiena, 48. minutuan. Urrutitik jaurti du falta bat, eta baloiak langaren goialdea ukitu du. 0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarren zatian saiatu beharra zuen Realak.
Baina bigarren zatiaren hasieran bi kolpe hartu ditu: batetik, Traorek min hartu du, eta Aramburuk ekin dio bigarren zatiari; bestetik, lehen minutuan huts egin dute atzelari txuri-urdinek, eta Comesañak berriro aprobetxatu du gola sartzeko. 0-2. Hasi orduko oso maldan gora jarri zaio partida Realari.
Gol batek partidan sar zezakeen etxeko taldea. Imanolek aldaketak egin ditu, eta Merino, Sadiq eta Becker zelairatu ditu, Brais Mendezen, Andre Silvaren eta Zakharianen ordez. Zakharianek ere min hartu du, sorbaldan. 86. minutuan sartu du gola Realak. Merinok egin du, jokaldi nahasi batean.
Golak itxaropena piztu du, baina txuri-urdinak ez dira gai izan susperraldia gauzatzeko. Hori gutxi ez, eta Realeko jokalari ohi batek, Sorlothek, azkena eman die etxekoei 96. minutuan, Vila-realen hirugarren gola sartuta. Burumakur bukatu dute partida jokalari txuri-urdinek, baina egindako hutsez hausnartu eta burua altxatu beharra dute. Partida ezin garrantzitsuagoa dute ate joka.