Lau t'erdiko txapelketako finala

Kolorea baino gehiago da

Irujo eta Olaizola II.a gustura gelditu dira pilota aukeraketan.Iberokoak larru iluneko pilota bat hartu du, ohikoa baino biziagoa.Hautatzaileak kenduko die gantza etziko finalean

Martinez de Irujo eta Olaizola II.a, bizkarrez, piloten kutxa erakusten argazkilariei eta zaleei. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Bolo-bolo ibili da gaia azken egunetan. «Pilota ilunak», «Oinatzen pilota», «pilota arraro horiek»... Pilotari bakoitzak bere modura deskribatu izan du ohiko bihurtu den pilota mota berria. Juan Martinez de Irujok argi esan zuen ez zitzaiola gustatzen, baina atzo berak horietako bat aukeratu zuen etziko finalerako. Kanpotik ere ezberdin daitezke, marroi horixkak baitira. Dena den, hautuak ez zuen eztabaidarik sortu, eta Aimar Olaizolak berak laburbildu zuen hobekien pilotak nolakoak diren. «Berak ilun horietako bat hartu du, eta gure sortako bat. Ez dago alde handirik, bizi samarrak dira laurak. Garai batean alde handiagoa egoten zen biok aukeratutako piloten artean». Irujo ere gustura gelditu zen. «Banekien zen nahi nuen, eta berehala aurkitu dut». Denak pozik, beraz.

Baina nolakoak dira pilota ilun horiek? Irujok dioenez, biraka iristen dira eskura, eta pareta ukitzean bizkorrago erortzen dira behera, sakean bereziki. Efektuak ere hobeto hartzen dituzte. Juan Mari Juaristi EPELeko pilota hautatzaileak ere azaldu du aldea: «Larru ilunagoko horiek biziagoak dira. Gaur egun, horiek agertzen dira sortetan. Baina pilota horiekin partida onak eta txarrak ikusi ditugu». Atzo, esaterako, Aspek aurkeztu zuen pilota sorta guztia ilunagoa zen. Juaristik, dena den, ez du uste aldagai erabakigarria denik. «Partidak pilotariek aldatzen dituzte, ez pilotek».

Sortak enpresetako intendenteek jartzen dituzte, eta ilunak aukeratuta badakite zeren bila dabiltzan. Martin Alustiza da Aspeko intendentea: «Larru biziagoa da, eta pilotak biziago mugitzen dira lurrean. Pilotariek biziak nahi dituzte, eta gu horiek lortzen saiatzen gara. Aldea ere ez da hain handia, pilota zuri oso biziak badaude. Ilunak sakearekin min egiteko dira egokiak».

Roberto Garcia Ariño Asegarceko intendenteak ere ondo ezagutzen ditu, besteak beste Oinatz Bengoetxeak oso gustuko duen pilota mota delako. «Marroiak gehiago labaintzen dira, baina barrukoak ere eragiten du. Kanpoko itxura gordinagoa da, larrua freskoagoa balitz bezala. Gero ere sentsazioak daude. Ez dira hain ondo ikusten, eta garai bateko larrua bueltaturikoen antza dute». Asegarcek atzo aurkezturiko pilota sortan ez zegoen tankera horretako bakar bat ere.

Pilotek zeresan asko eman zuten aukeraketan. Intendenteek kutxan ondo kontserba daitezen ematen dieten gantza ere albiste izan zelako. Bengoetxea VI.a kexatu egin zen aurkariek guztia kentzen zietelako, eta finaleanJuaristik garbituko ditu pilotak. «Duela bi urteko finalean ere berak kendu zion», gogoratu zuen Olaizola II.ak. Martinez de Irujo ere ados zegoen erabakiarekin, inork bere iritzia galdetu ez badio ere. «Niri ez dit inork halakorik esan. Hori ez da ofiziala, baina ondo iruditzen zait. Horrela, ez dugu beroketako denborarik galduko. Bestela, bi minutu pasa behar dituzu hor saskiarekin».

Faboritorik ez

Finalean apustuak parean irtengo dira. Bitxia da —apustu etxeetan Olaizola II.aren alde daude—, bien ibilbidea eta azken partidak aztertuta Olaizola II.ak beharko lukeelako faborito. Haren sasoiaren inguruko zalantzek eta Irujoren une onak, baina, hori ekarri dute. «Irujok ematen dionean ziztu bizian irteten da pilota. Olaizola II.ari, aldiz, kosta egiten ari zaio», azaldu zuen artekari beterano batek. Zabaldu den ustea hori da, eta Olaizola II.ak berak esan zuenez, azken asteetan bere goputzaldiak ez du hobera egin. Dena den, Irujo ez da fio. «Iaz ere gauza bera esan zuen. Finala errematean gehien asmatzen duenak irabaziko du, eta, horretan, bera ni baino hobea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.