Kolore zuri-gorriak ordezkari

Miarritzek zazpi denboraldi behar izan ditu Top14ra bueltatzeko. Federico Martin Aranburu jokalari ohiak uste du «hiru edo lau jokalari on» fitxatu beharko direla hurrengo sasoirako.

Miarritzeko nagusitu zen larunbatean Baionaren aurkako partidan, eta hala lortu zuen Top14ra igotzea. BOB EDME.
Iñaki Berastegi.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Miarritze errugbi taldeak sekula ahaztuko ez duen igoera lortu zuen larunbatean. Irabazteko moduak eta, nagusiki, aurkariak egin dute bereziagoa. Izan ere, penalti jaurtiketetan irabazi zion Baionariinoizko derbirik garrantzitsuena, eta Top14an aritzeko azken postua lortu zuen hala.Aguileran jokatzeak indarrak orekatuko zituen arren, Top14ko taldea, hots, Baiona zen faboritoa kanporaketa irabazteko. Baina, azken urteetan gertatu bezala, beheko mailako taldea nagusitu zen, ezustean.

«Orain arte ikusi ditudan errugbi partidarik arraroenetako bat da larunbatean Aguileranjokatu zena. Oso partida eroa, lehiatua eta tentsio handikoa. Baiona ez zen partidara ondo egokitu, eta Miarritzek irabazteko gogo handia erakutsi zuen. Hala ere, partida berbera hamar aldiz jokatzen baduzu, behin baino ez duzu irabazten». Federico Martin Aranburu (La Plata, Argentina, 1980) Miarritzeko jokalari ohiaren lehendabiziko hausnarketa da. Bi denboraldi egin zituen taldean, 2004tik 2006ra, Miarritzek bere azken bi Frantziako ligak irabazi eta Txapeldunen Kopako txapeldunorde izan zen urrezko garaian. Beste hainbat taldetan ibili eta errugbi profesionala utzi ostean, Miarritzera itzuli zen, bizitzera.

Patrick Polidori Hernani errugbi taldeko entrenatzaileak partidaren atarikoan aurreikusi zuen moduan, puntu gutxiko partida itxia izan zen Aguileran jokatutakoa. Hala ere, Martin Aranbururen ustez, ikuslearentzat partida «ikaragarria» izan zen: «Egia da errugbi maila ez zela oso handia izan, baina ikuskizun aparta izan zen. Ikusleak emozioak nahi ditu, jokalariak gorputz eta arima aritzea, eta hori, zalantzarik gabe, ikusi egin genuen larunbatean ».

Partida erabaki zuten gakoak aztertzen hasita, urduritasuna eta presioa kudeatzeko ahalmena nabarmenduko luke argentinarrak: «Baionak asko nabaritu zuen presioaren zama: galtzeko gehiago zeukan. Horrez gain, ikusi zen ezen, talde txiki bat, lan egiteko gogoarekin eta grinarekin, gai dela indartsuago bati irabazteko. Futbolean ere askotan gertatzen da, eta kirolaren alderik politenetako bat da hori».

Taldea egokitu

Behin igotzea lortuta, datorren sasoiko exijentziari aurre egingo dion taldea osatzeko lana dauka orain Jean Baptiste Aldigek zuzentzen duen klubak. Taldearen «diziplina, batasuna eta izpiritua» dira Martin Aranbururen ustez Miarritzen lehengairik onenak, baina, maila berrira egokitzeko, fitxaketak «beharrezkoak» direla dio: «Ezin dugu geure burua engainatu. Baionari irabazi arren, Top14an ari diren taldeen mailatik urrun dago egun Miarritze. Taldean eragin handia izango duten hiru edo lau jokalari on fitxatu behar dira». Hasteko, aurreko lerroa indartuko luke: «Indar eta pisu handiagoa behar dute. Top14an jende sendoagoa behar da postu horietan».

Baina ez hori bakarrik: denboraldia luzea denez, ordezkoen maila hobetzea ere «funtsezkoa» dela gaineratu du: «Ia 11 hilabeteko denboraldi batean, nekea eta lesioak asko nabaritzen dira. Asteburuero final bat jokatzea bezala izango da Miarritzerentzat Top14an aritzea. Beraz, ordezkoen maila oso garrantzitsua izango da».

Berriki lortutako igoerarekin kirol arloan egoera «oso ona» bada ere, beste arlo batzuetan klubak daraman bidearekin kezka badu argentinarrak. Taldeko jokalari ez ezik, administrazio kontseiluko kide ere izan zen, 2015etik 2018ra, akziodunen ordezkari gisa. «Top14ra igo ostean, kirol arloan oso ondo dago kluba, baina gainontzeko arloetan asko hobetu behar du. Ez nago oso lerrokatuta egungo zuzendaritzaren lan egiteko moduarekin».

Klubean jokalari moduan egin zituen bi denboraldiekin alderatuta, Miarritze «oso bestelako baldintzetan» bueltatuko da gorengo mailara: «Kluba egoera ekonomiko zailean dago, eta tristea izan da kirol arlotik kanpoko gertakariengatik albiste izatea. Baina Top14ra itzultzea oso ona da, eta disfrutatu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.