Athletic. Unai Simon; Capa (Vivian, 62. min), Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Vesga, Dani Garcia; Iñaki Williams (Herrera, 89. min), Sancet (Muniain, 78. min), Nico Williams (Berenguer, 78. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 62. min).
Reala. Remiro; Gorosabel (Aritz Elustondo,46. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Brais Mendez (Barrenetxea, 46. min), Zubimendi, Silva (Navarro, 82. min), Merino; Kubo(Cho, 61. min) eta Oiartzabal (Sorloth, 61. min).
Golak. 1-0. Iñaki Williamsek (33. min);2-0. Iñaki Williamsek (70. min).
Epailea. Soto Grado. Txartel horiak: Athleticeko Capari, Guruzetari, Dani Garciari, Yeray Alvarezi eta Viviani; eta Realeko Zubeldiari eta Le Normandi.
Bestelakoak. 49.287 ikusle San Mamesen.
Iñaki Williams distiratsu dabil azkenaldian, baina Athleticen eta Realaren arteko derbietan beti izan da protagonista aurrelari bilbotarra. Atzo, partidako bi golak sartu zituen, eta hiru puntuak eman zizkion bere taldeari. Ondo moldatzen da txuri-urdinen aurka: zazpi gol sartu dizkie, beste inori baino gehiago.
Aldaketa nabarmen bakarra egon zen bi hamaikakoetan: Ander Capa berriro aritu zen hasieratik, bi urte itzalpean igaro ostean. Ez zen sobera nabaritu oso gutxi jokatu zuela. Intentsitate handiz zelairatu ziren bi taldeak, elkarrekiko errespetu handiz, baina gutxi arriskatu gabe. Gutxi arriskatu nahi horretan, Realak baloia atzetik ateratzeko garaian egindako huts bat baliatu zuen Athleticek neurketako lehen gol abagune garbia sortzeko. Martin Zubimendiri lapurtutako baloiak Nico Williamsen oinetan amaitu zuen area barruan, eta haren jaurtiketa gurutzatua bikain urrundu zuen Alex Remirok.
Handik zortzi minutura, anaia zaharraren txanda izan zen. Areaz kanpotik ahalegindu zen, baina atezain nafarrak kornerrera bidali zuen aurrelari zuri-gorriaren jaurtiketa. Kornerraren jaurtiketan bertan iritsi zen etxekoen lehen gola, 33. minutuan. Iñaki Williams bizi ibili zen, eta Mikel Vesgak orraztutako baloia harrapatu zuen bigarren zutoinean. Lehen saiakeran huts egin eta gero, ez zuen barkatu bigarrengoan. Realeko jokalariek protesta egin zuten, aurrelariak eskuarekin jo zuelako baloia, baina epaileak eta VAR-ak balekotzat eman zuten gola.
Ernesto Valverderen taldea nagusi zen markagailuan, baita zelaian ere. Golak aurrera egiteko konfiantza eman zien bizkaitarrei, eta, atsedenaldira bitartean, gertuago egon zen 2-0ekoa banakoa baino. Imanol Alguacilenak gozatu ezinik aritu ziren lehen 45 minutuetan.
Etxekoen presioaren eraginez, huts asko egin zituen talde txuri-urdinak, baina baita presiorik ez zutenean ere. Zelaian ikusitakoarekin gustura ez, eta teknikari oriotarrak bi aldaketa egin zituen atsedenalditik bueltan: Aritz Elustondo eta Ander Barrenetxea zelairatu zituen, Gorosabelen eta Brais Mendezen ordez. Jokatzeko sistema ere aldatu zuen Imanolek: zelai erdiko erronbotik 4-3-3ra. Take Kubo eta Barrenetxea jarri zituen hegal banatan, eta Mikel Oiartzabal aurrean, bakarrik.
Iñaki Williams berriro
Bigarren zatia hasi eta hamar minutura iritsi zen aurreneko aldiz Reala Unai Simonen ate ingurura. Ezker hegalean bikain iltzatutako jokaldi bati amaiera bikaina emateko zorian egon zen Ander Barrenetxea, baina Iñigo Martinezek lehenengo eta atezain gasteiztarrak ondoren, ezerezean utzi zuten ahalegina. Aldaratzean, Kuboren jaurtiketa hankarekin gelditu zuen atezain zuri-gorriak. Bi gol abagune paregabe izan ziren.
Hobeto ari ziren donostiarrak, baina emaitza bera zen oraindik ordua pasatuta. Momo Cho eta Alexander Sorloth zelairatu zituen Imanolek, arbola are gehiago astintzeko asmoz; Valverdek, berriz, Raul Garcia eta Daniel Vivian atera zituen, taldea sendotu nahian.
Kontraeraso batean utzi zuen erabakita neurketa Athleticek, 70. minutuan. Raul Garciak jokoa aldatu, Iñaki Williamsek Robin Le Normandi izkin egin, eta jaurtiketa bortitz batekin gola sartu zuen. San Mamesek eztanda egin zuen Iñaki Williamsek bigarren gola sartu eta gero.
Errenta handituta, aginte makila berreskuratu zuen une batez etxeko taldeak, baina Realak ez zuen etsi, eta aldea murrizten saiatu zen azken txanpan. Cho saiatu zen lehenbizi areaz kanpotik, eta, aldaratzean, area txikian, gora bidali zuen baloia Sorlothek. Ondoren, Barrenetxeak ez zuen aprobetxatu Unai Simonen huts larri bat, eta harmailetara bidali zuen baloia.
Pozarren zegoen Iñaki Williams amaieran. «Duela astebete zaleei eman ez geniena eman diegu [Osasunaren aurkako Espainiako Kopako finalerdietako itzulikoaz ari da]. Larunbat ederra izan da. Biribil atera da dena».
Imanol Alguacil, berriz, triste mintzatu zen. «Athletic hobeto aritu da lehen zatian, eta gu bigarrengoan. Baina haiek aukerak aprobetxatu dituzte».
Athletic 2 Reala 0
Kolore zuri-gorria izan du
Athleticek derbia irabazi dio Realari San Mamesen, Iñaki Williamsek sartutako bi golei esker. Etxekoek kontrolpean izan dute lehia ia une oro, eta hobeto baliatu dituzte aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu