Osasuna

Braulio Vazquezek dio Osasunak «gestio arduratsua» egin duela merkatuan

Klubak lau jokalariren galera izan du neguko merkatuan, eta ez du inor fitxatu. Chimy Avilarena izan da irteera esanguratsuena, eta kirol zuzendaria haserre agertu da prentsaurrekoan jokalariaren ordezkariak izandako jarrerarekin.

(ID_17068795381265) BRAULIO VAZQUEZ
Braulio Vazquez prentsa aretoan
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 2a
17:50
Entzun

Kamerari ugari bildu ziren atzo Osasunaren bulegoetan irudi batzuk harrapatu nahian. Ezequiel Chimy Avilaren agurrak hautsak harrotu ditu Iruñean, eta atzo lotu zuten Betisek eta Osasunak argentinarraren fitxaketa. Fitxaketak egiteko garaia amaituta, Braulio Vazquez kirol zuzendaria pozik agertu da prentsaurrekoan, klubak diru sarrera handia izan baitu neguko merkatuan. Chimyk bezala, Darko Brasanacek eta Adama Boirok taldea utzi dute, eta Nacho Vidal utzita joan da Mallorcara. Osasunak ez du fitxaketarik egin, eta helburua argi eta garbi errepikatu du behin eta berriro kirol zuzendariak: mailari eustea.

Braulio haserre agertu da Chimy Avilak eta haren ordezkaritzak izandako jarrerarekin. Haren ordezkaria Sevillara joan zen Betisekin negoziatzera, eta komunikabideen aurrean agertu zen adieraziz jokalariak Betisen jokatu nahi duela. Kirol zuzendariak argi utzi du ez zitzaiola jokabide egokia iruditu. «Penagarria iruditu zitzaidan, eta jokalariari ere esan diot modu pribatuan. Kluba oso ongi portatu zen jokalariarekin. Denbora luzerako min hartu zuenean, kontratua berritu genion, eta ondo jokatzen ari zenean soldata igoera bat izan zuen. Dena den, Chimyren aroa amaituta zegoela uste genuen klubean».

Brasanacen eta Nacho Vidalen egoera guztiz bestelakoa zen klubean. Orain arte jokalari garrantzitsuak izan diren arren, sasoi honetan ez dute jokatu, jende asko baitago haien postuetan. Esker hitzak izan ditu bi jokalarientzat: «Asko eman diote klubari, eta armarria ohoratu dute. Darko atzo agurtu nuen, eta negarrez amaitu genuen biok. Jokalari batek dena ematen duenean, ezin zaio ezer leporatu. Planifikazio kontua da. Darkok ez zeukan tokirik. Nacho, berriz, baliteke ekainean itzultzea».

Izandako mugimendu andanaren ostean, Brauliok lasai hitz egin du komunikabideekin, eta, merkatuaren balorazio bat eskatuta, «pozik» dagoela adierazi du: «Lehen taldean, alde egingo zuela espero ez genuen bakarra Chimy zen. Argi genuen beste guztiak joatekoak zirela edo agian joango zirela. Klubak lau lehiaketa jokatzeko moduko taldea egin zuen, eta dagoeneko liga bakarrik daukagu. Hortaz, talde handiegia geneukan, eta nonbaitetik kendu beharra zegoen».

Adama Boirok taldea uzteak ezustean harrapatu ditu zaleak. Athleticek ordaindu egin zuen Osasunako bigarren taldeko jokalariak zeukan etete klausula, eta elastiko zuri-gorriarekin ariko da aurrerantzean. Vazquezek adierazi du espero zutela, «hainbat faktorerengatik». «Lehen taldean egonkortzeko prozesu naturala izaten ari zen. Guk lehen taldean ikusten genuen, baina ez oraindik». Osasunaren gazte mailetan jokatzen zuen beste jokalari bat ere fitxatu du Athleticek merkatu honetan –15 urteko jokalaria–, eta, hari buruz galdetuta, irribarre txiki batekin erantzun du: «Ezin dugu dirutza bat ordaindu 15 urteko gazte bakoitza hemen gelditu dadin. Ez daukagu horretarako botere ekonomikorik. 16 urteak bete aurretik ezin da kontratu profesionalik egin, eta ezin duzu jokalari bat klubera lotu. Egiari zor, beste batzuek merkatu murritzagoa daukate, eta hori egiteko gaitasuna ere izango dute. Ni han egongo banintz, akaso gauza bera egingo nuke». Kazetariei barre eragin dien hausnarketa bat ere utzi du: «Garai batean, lehen taldeko jokalariak oso diru gutxiren truke eramaten zituzten. Orain ez da hori gertatzen, eta maila apalagoetan begiratu behar dute. Ziur eskolartekoetan ere kontratuak egiten arituko direla! (barrez)».

Bestalde, Osasunak erabaki du fitxaketarik ez egitea eta sasoia dauzkan jokalariekin amaitzea. Guztira, lehen taldeko 21 kontratu profesionalekin. «Gestio arduratsua egin dugu, eta ez dugu inor fitxatu nahi izan. Gainera, diru sarrerek indartsuago egingo gaituzte datorren udako merkatuan. Horrez gain, ez dugu jokalari garrantzitsurik saldu beharko kontuak aurrera atera daitezen. Hori albiste ona da klubarentzat», adierazi du kirol zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.