Ainhoa Hernandez. Zubileta Evolution Zuazoko jokalaria

«Klubak eskerrak eman dizkit hainbeste urtez hemen geratzeagatik»

Zuazo utziko duela iragarri du Ainhoa Hernandezek. Taldeko erreferente izan da urtetan. «Dena eman didate, baina erronka berriak behar ditut». Errumaniako Dinamo Bukarestek eman dio horretarako aukera.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
8 urterekin sartu zen Zuazon Ainhoa Hernandez (Barakaldo, Bizkaia, 1994). «Nire bizitzako taldea da». Azken partidak jokatzen ari da Barakaldoko taldearekin. «Partida eta entrenamendu guztiak oso bereziak izaten ari da». Gaur Balonmano Salud Teneriferen pabiloian jokatuko dute ligako partida.

Aste honetan iragarri duzu denboraldi amaieran Zuazo utziko duzula. Nola zaude?

Nahiko egun zoroak izan dira; dei eta mezu asko jaso ditut. Ez da erabaki erraza izan, nire betiko kluba baita hau, eta ez duzu sekula pentsatzen agur esateko ordua iritsiko denik. Baina Errumaniako liga Europako indartsuenetakoa da; erronka handia da, eta espero dut asmatu izana.

Taldeko erreferentea izan zaraaspaldiko urte hauetan, eta aurreko denboraldietan ere hitz egiten zen joango zinela. Zergatik orain?

Oso eroso eta gustura egon naiz hemen, baina erronka eta motibazio berriak behar ditut, exijentzia handiagoak. Neure buruari gehiago eskatu nahi diot, eta hobetzen eta hazten jarraitu. Uste dut hemen eman nezakeen onena eman dudala jada.

Klubak nola hartu du zu bezalako jokalari bat galtzea?

Espero zuten. Eskerrak eman zizkidaten hainbeste urtez hemen segitzeagatik; eta esan didate izan dudan progresioarekin bazekitela egunen batean beste erronka batzuk bilatuko nituela. Baina joateko erabakia lehenago ez dut hartu oraindik neure burua hemen ikusten nuelako eta gauza asko emateko moduan nengoelako. Taldekideentzat ere ez zen ezustea izan. Oraindik akordioa itxi aurretik esan behar izan nien, albiste bat atera baitzen.Triste geratu ziren, baina azken aste hauek ahalik eta gehien aprobetxatzen eta gozatzen saiatzen ari gara, niretzat oso pertsona garrantzitsuak baitira. Ilusio bereziarekin ari naiz etortzen entrenatzera.

Klubak duela aste batzuk iragarri zuen egoera ekonomiko zailean dagoela, eta laguntza eskatu zuen. Beste taldekide batzuek zure bidea har dezaketela uste duzu? Kezkatzen zaitu klubaren egoerak?

Argi dago egoera ez dela erraza, eta gerta daiteke beste taldekide batzuek bide hori hartzea. Baina espero dugu laguntza horiek iristea, bizkarrezurrari eustea, eta proiektuak aurrera egitea. Pena litzateke hala ez izatea, kirol ikuspegitik oinarria ona baita, eta harrobian lan handia eta ona egiten ari dira. Harrobiko jokalari horiei esango nieke ilusioz lanean jarraitzeko, eta disfrutatzeko. Hori da gakoa arrakasta izateko.

Zuazon igarotako momentu batekin geratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Europan jokatu genuen urtearekin. Ez dut sekula ahaztuko Lasesarre beteta ikustea.

Egon da aukerarik Espainiako Ohorezko Mailan jarraitzeko?

Klub baten eskaintza jaso nuen, baina ligan jarraitzeari ez nion pizgarririk ikusten. Alde horretatik, denboraldi hau ez da erraza izan: zaleekin ez jokatzea, hainbat partidatan izan diren aldeak... Zerbait berria nahi nuen, bai kirolari eta bai pertsona moduan.

Dinamo Bukarestera zoaz. Zerk erakarri zaitu proiektuaz?

Frantziako talde batekin ere aritu nintzen hizketan. Baina, azkenean, honen alde egin nuen. Izan ere, oso erakargarria iruditu zitzaidan. Entrenatzaileak ondo ezagutzen nau, Espainiako selekzioko hautatzaile Carlos Viver baita. Bertan jokatzen dute Marta Lopezek eta Alicia Fernandezek ere. Oso ondo hitz egiten didate proiektuaz. Hemendik bi urtera 100 urte beteko ditu. Ez da ligako talderik indartsuena. Baina apustu handia egiten ari dira taldea indartzeko. Europan jokatzeko erronka dute, eta ondoren hazten segitu, liga irabazteko borrokan egoteko. Hazten ari den klub bat da, eta nik ere gauza bera nahi dut. Beraz, aukera egokia iruditu zitzaidan. Eskutik hazten eta ikasten segitu nahi dut; pixkanaka, baina irmo.

Nolako liga espero duzu?

Oso liga indartsua da. Jokalari guztiak profesionalak dira, horretaz bizi dira, eta lehia handia da. Parekotasun handia dago. Oso joko fisikoa egiten da, eta horretara ere egokitu behar dut. Arlo horretan urrats bat egin nahi dut, eta hala jokalari osoago bat izan.

Egokitzapen bat eskatuko dizu horrek. Erraz moldatuko zarela uste duzu?

Hala espero dut. Udan Olinpiar Jokoak izango dira, eta espero duthautatuen artean egotea. Fisikoki horrek lagundu egingo dit. Ez dugu oporrik izango, eta hori ez da erraza izango. Baina taldeko beste jokalari asko ere egoera horretan egongo dira, eta alde horretatik ez nau kezkatzen. Mentalki prest nago, aurretik ditudan erronkak handiak baitira. Ilusio handiz nago.

Egunen batean Zuazora bueltatzea gustatuko litzaizuke?

Bai. Ederra litzateke, adibidez, erretiroa hemen hartzea; aipatu bezala, nire betiko taldea izan delako. Neure burua ondo ikusiko banu, eta taldeari zerbait emateko aukera izango banu, zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.