Klubak eskatu, Berizzok babestu

Athleticeko agintariekin hala adostuta, entrenatzaileak deialditik kanpo utzi zuen Alex Remiro ligako lehen partidan. Atezainari sasoi honen amaieran bukatuko zaio kontratua, eta jokalaria eta kluba ez dira ados jartzen. Zuzendaritzak ez du gura Kepa Arrizabalagarekin gertatutakoa berriz gertatzerik.

Alex Remiro, San Mameseko palkora jauzi egiten, herenegun, Leganesen aurkako partida hasi aurretik. LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Denon artean hartu dugu erabakia. Klubak ikasi egin du iraganean gertatutakotik, eta ez du gura halakorik berriz gertatzea». Leganesen aurkako partida amaitutakoan, Eduardo Berizzo argi eta garbi jardun zen Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995) deialditik kanpo utzi izanaz. Remiro hasieratik aritzekoa zen, baina Ibaigane eta jokalaria ez dira ados jartzen kontratua berritzeko, eta zuzendaritzak neurriak hartzea erabaki du. Ez dago prest Athletic buruan ez duen atezain baten aldeko apustua egiteko. Eskarmentua izatea ez baita alferrik.

Ez da atzera asko egin behar antzeko egoera bat aurkitzeko. Kepa Arrizabalagaren lehen urratsak eta Remirorenak antzhandia dute: dohain handiko atezainak biak, eta gazte eta gorengo mailako lehen pausoak ematen ari direla kontratuaren azken urtean daudenak. Keparekin gertatu zena jakinekoa da: Chelseara joan zen, 80 milioi euroren truke. Lehen Mailan jokatu zuen partida bakoitzeko, handitu egin zen haren balioa merkatuan. Goi mailako atezaina zela erakutsi zuen hasieratik, eta horrek nahastu egin zuen kontratua berritzeko negoziazioa. Kluba eta jokalariaren ordezkariak elkartzen ziren bakoitzean, aldatu egiten ziren mahai gaineko baldintzak. Aldeak, gerturatu beharrean, urrundu egiten ziren. Azkenean, gaiztotu egin zen bien arteko harremana.

Ez da berriro halakorik gertatuko. Ez, behintzat, Josu Urrutiak Athleticen agintzen duen bitartean. «Klubaguztion gainetik dago», gaineratu zuen Berizzok. Baina, aurrez, liga hasi aurretik egindako agerraldian, Urrutia izan zen klubaren ikuspuntua jakinarazi zuena. Keparen agurraren eta Iago Herreriren lesioaren ondoren Remiroren egoera aldatu egin ote zen galdetuta, ez zuen zalantza egin. «Ez dut uste haren egoera aldatu denik. Bigarren Mailan lan ona egin du, baina zenbait gauza erakutsibehar ditu oraindik. Athleticek ahalegin handia egin du haren heziketan».

Ezohiko neurria da Athleticen Ibaiganek agindu eta Berizzok babestutakoa, eta hautsak harrotu ditzake, baina zaleen artean askok ulertzen dute zuzendaritzaren erabakia. Kontuak kontu, kontratua berritu ezean, ez dirudi Remirok talde zuri-gorrian gehiago jokatuko duenik.

Egonezina atean

Remiro ez da azken asteotan zeresana eman duen Athleticeko atezain bakarra. Cascantekoa hirugarren atezaina zen duela aste bi. Aspaldiko kontua dirudi, baina Keparen ordezkariek hilaren 8an ordaindu zuten haren etete klausula. Ordura arte, hurrengo hamarkadarako goi mailako atezaina lotua zutela uste zuten Athleticen. Baina, egun batetik bestera, Chelseak konbentzitu egin zuen ondarroarra, eta atezain batengatik inoiz ordaindu den kopururik handiena pagatu zuen.

Kepa da Lezamak luzaroan eman duen atezain belaunaldi oparoaren ordezkari nagusia. Kepa taldean egonda, Herrerinek (Bilbo, 1988), Remirok eta Unai Simonek (Gasteiz, 1997) ezinezkoa ikusten zuten Athleticen jokatzea. Unai Simon izan da bere egoera naturaltasunez onartu duen bakarra. Lauretan gazteena da, eta hasieratik argi ikusi du kontratua berritu eta utzita jokatzea dela onena beretzat. Duela hamar egun, Elxen zegoen, bere kirol ibilbidean beste urrats bat egiteko lehiatzen. Baina Kepak taldea aldatu izanak eta Herrerin lesionatu izanak uste baino lehenago abiarazi du itzulera operazioa. Bada, egun gutxi batzuk baino ez dira pasatu laugarren atezaina zenetik San Mamesen debutatu eta lan bikaina egin duen arte.

Egun, Unai Simonek hartu du Kepak utzitako lekua. Baina hasieran Herrerinen eta Remiroren arteko lehiatik zen irtetekoa ateko nagusia. Herrerinek aukera handiagoa zuela zirudien. Atezain ona izateaz gain, eskarmentua du. Baina, Kepak Lezama utzi berritan, besoan min hartu zuen, eta zelaietatik kanpo egingo da aste batzuk. Europa ligan eta Espainiako Kopan jokatzeari utzi, eta atezain nagusi moduan aritzeko aukera gal dezake lesio horren ondorioz. Hori bai, bere bizitzako aukera agertu aurretik zeresana eman zuen. Keparen ordezko izateko gogo gutxi zuen, eta Athletic ahul eta Kepa Real Madriletik gertu zegoela berritutako kontratu garrantzitsu baten babesean utzita jokatzeko asmoa agertu zuen. Athleticek ateak itxi zizkion hasierarik. Berizzok konfiantza eman zion, eta Urrutiak postua borrokatzeko gonbidapena egin zion.

Remiro zen beste aukera, baina hura ere ez dago gustura bere egoerarekin. Hasieran, Keparen itzala omen zen hura lotzeko oztopo nagusia. Baina Kepa joana da, eta arazoa ez da konpondu. Orain, Athleticek bere premia duelako ari omen da estutzen atezaina. Kontuak kontu, Athletic ez dago prest Remirok eskatzen duen diru kopurua ordaintzeko. Eta, beste harribitxi bat galduko duen beldur, ondo lotuak dituenen alde egin du. Nolanahi ere, ez dirudi Remiro auzia Athleticek hurrengo hilabeteetan izango duen buruko min bakarra izango denik. Makina bat jokalariri bukatuko zaie kontratua denboraldiaren amaieran, tartean Iker Muniain eta Ander Iturraspe. Bi jokalari horien etorkizunak ere emango du zeresanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.