Carlos Gurpegi. Athleticeko jokalaria

«Klubak deitu dit, kontratua berritzeaz berba egiteko»

Gurpegik eta Iraolak bakarrik jokatu dituzte sasoi honetan Athleticen partida guztiak, hasi eta buka. Esan du gaitz nagusi bat duela taldeak: etxetik at «lotsatiak» izatea.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Athleticeko kapitaina gozatzen ari da (Andosilla, Nafarroa, 1980). Defentsaren nagusi izendatu du Ernesto Valverdek. Ondo ari da, baina taldearen antzera gehiago eskatzen dio bere buruari.Helburu nagusia puntuak batzea dela dio, baina argi utzi du ez dutela etsiko ondo jokatuta irabazi arte.

Gutxitan izan da Athletic irabazteko aukera txikiagoarekin Vicente Calderonen bezala. Atletico Madriletik zer ikasi badago.

Edozein entrenatzailerentzat erreferentzia da Atletico Madril egiten ari den lana. Taktikoki, perfekziotik gertu dago, eta maila oneko futbolariak ditu. Ispilua da guretzat. Elkarri asko laguntzen diote futbolari guztiek.

Athleticek puntu asko irabazi ditu:hogei, guztira. Baina ingurua ez dago lasai. Jokoan zer hobetu asko daukazuela ikusi da.

Argi dago. Guk ere badakigu hobetu egin behar dugula. Sailkapenaren goiko postuetan gaude, baina zenbait partidatan emandako itxurak zalantza asko sortu ditu. Ondo jokatuta irabaztea izan behar du gure helburuak.

Emaitzek lagundu duten bitartean inor gutxi kexatu da. Orain, ordea, taldeak ez omen daki zer gura duen.

Futbolak horrelako gauzak ditu. Egia da Elxeren aurkako lehen zatia oso txarra izan zela, eta horri Vicente Calderonen jokatutako neurketa gehituz gero gerta zitekeen egoera dela. Gehiago eman dezakegula uste duelako eskatzen du inguruak, baina, hala izango ez balitz ere, gu oso kritiko izaten gara egiten dugun guztiarekin.

Zer falta zaio taldeari?

Nire ustez, etxetik kanpo daukagu hobetu beharra. San Mamesetik urrun talde lotsatia gara. Asko kostatzen zaigu geure buruari esatea «jokoari aurrea hartu, eta agindu egin behar dugu». Etxean baloiaren jabe izatea eta aurrean presio egitea dugu gustuko, eta kanpoan ere berdin izan beharko luke.

Ander Herreraren eta Iker Muniainen ekarpena behar-beharrezkoa da esaten duzuna betetzeko. Baina pattal dabiltza aspalditik. Ba al dakizu zer gertatzen zaien?

Iker agertzen ari dela esango nuke. Eta Ander… nik ondo ikusten ditut. Ondo ari dira entrenatzen. Berandu baino lehen euren futbolik onena emango digutelakoan nago. Oso onak dira biak, eta sasoian daudenean erabakigarriak dira.

Eman dezaketena baino gehiago eskatzen al zaie?

Ez dut uste. Aurrez erakutsi dutelako eskatzen zaie.

Marcelo Bielsa ez da astelehenetako solasaldietan agertzen. Hori ez da txarra. Emaitzak onak direla esan gura du. Baina taldean igarriko zenuten entrenatzaile aldaketa, ez?

Arlo pertsonalean, Ernesto Valverde Marcelo Bielsa baino askoz gertuago dago jokalariengandik. Horrek ez du esan gura errespetua galdu diogunik. Argi uzten du bera dela nagusia. Kirol arloan, berriz, Valverde praktikoagoa da. Hala ere, futbola ikusteko duten era nahiko antzekoa dela esango nuke.

Zu bientzat izan zara ordezkaezina. Ez zara kexatuko.

Lesio larri batetik osatu berritan entrenatzailearen konfiantzaizatea oso garrantzitsua izan zen. Marcelok nigan sinetsi zuen. Hori gutxi ez, eta, taldeakgol asko jaso arren, konfiantza handia eman zidan. Beretzatoso futbolari garrantzitsua nintzela esaten zidan. Eskerrak eman behar dizkiot. Valverderekin, bestalde, denboraldi-aurrean irabazitako postuari eusten ari naiz.

Andoni Iraola eta zu zeu bakarrik aritu zarete orain arteko partida guzti-guztietan, hasi eta buka. Beteranoak maila ari zaretela ematen erakusten du horrek.

Bai Andoni, bai ni oso lehiakorrak gara. Oso gustuko dugu gure ogibidea. Lan saio batera kale egiteko oso txarto daukagu egon beharra. Borrokarako daukagun sena dela esango nuke nik.

Sasoi honen amaieran bukatzen zaizu kontratua. Klubaren deirik jaso al duzu kontratua luzatzeko aukeraz hitz egiteko?

Bai. Laster hasiko gara berbetan. Ez dut uste arazorik egongo denik. Jokalari batek taldean jarraitu gura baldin badu, eta zuzendaritzak ere asmo bera badauka, akordioa laster lor daiteke.

Inork ez du ikusten Carlos Gurpegi Athleticena ez den beste elastiko batekin.

Nik ere ez. Bai zaleen artean eta bai klubeko hainbat ordezkariren artean ere oso baloratua sentitzen naiz. Ez dut inolako minik, jokatzen ari naiz, eta horrek jarraitzeko gogoa ematen dit. Protagonismo txikia izango banu, beharbada beste bide bat hartu beharko nuke.

Iñigo Ruiz de Galarretak belaun biak txikitu ditu. Zuk badakizu zer den hori. Zure ustez, harengandik espero dena emateko aukera izango al du?

Nik argi daukat Iñigo itzuliko dela. Lehen lesio larria izan zuenean nola egin zuen lan ikusi nuen. Sendagileek astiroago joateko eskatzen zioten. Osatzeaz gain, ondo geratuko dela uste dut. Ni antzeko egoeran egon nintzen,eta aurrera egin nuen, baina. beharbada, Pablo Orbaiz da adibide egokiena: bi belaunak txikitu zituen, eta, hala ere, Espainiako selekzioarekin jokatzeko gai izan zen. Pena da Iñigori gertatu zaiona, jokalari ona izateaz gain taldekide aparta delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.