Tati Garmendia. Super Amara Bera Berako kirol zuzendaria

«Klub honek oso argi du nola lan egin eta zein diren bere balioak eta oinarriak»

Bederatziko nota jarri dio sasoiari. Berriro liga irabazi eta Europan lehiakor aritu izana nabarmendu ditu, eta esan du kolpea izan zela Kopa ez irabaztea. Baikor mintzo da geroaz.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Amaitu da pistako lana Bera Beran. Ez, ordea, bulegokoa; datorren sasoia prestatu beharra dago. Jo eta su dabil horretan Tati Garmendia (Donostia, 1974).

Zer nota jarriko zenioke denboraldiari?

Nota oso ona jarriko nioke: bederatziko bat.

Zertan oinarritu zara?

Batetik, berriro irabazi dugu liga; zortzigarrenez, hirugarrenez jarraian. Sekulako meritua du horrek: kontrarioak gero eta indartsuagoak dira, eta gero eta zailagoa da irabaztea. Beti irabazten dugunez, kanpoan badago erraza den ustea. Baina izugarri zaila da. Horren erakusgarri da kosta egiten ari zaigula Kopa eta Superkopa irabaztea. Faboritoak gara beti, eta aurkari guztiek hartu nahi gaituzte mendean. Ez da erraza. Bestetik, Europako bigarren lehiaketarik indartsuena jokatzen dugu: Europako Liga. Hau ez da Europako Kopa, lehengo Challenge kopa. Sekulakoa egin dugu: lehenbizi, Paris kanporatu dugu, jokalari ikusgarriak dituen talde bat; nola-eta haren pistan irabazita; eta, gero, gogotik sufriarazi dugu Valcea, talde klasiko bat. Baina hori guztia urri-azaroetan gertatu zenez eta titulurik ez zegoenez, ahaztu egiten da, eta ez zaio ematen merezi duen balioa. Baina izugarria du.

Ro'Casak eta Malagak Europako Kopako finala jokatu dute. Hartuko zenuke haien lekua?

Ez. Aintzat hartzekoa da Ro'Casak eta Malagak eginikoa; ez da erraza Europako Kopako finala jokatzea. Baina lehiaketa horretan ez dago liga indartsuenetako talderik: ez Danimarkakorik, ez Hungariakorik, ez Alemaniakorik, ezta Frantziakorik ere. Askoz gogorragoa da Europako Liga, eta hartan aritzeak jokalari gisa hazteko balio dizu, baita esperientzia aberasgarriak bizitzeko ere. Ez da gai honetaz eztabaidatu dudan aurreneko aldia. Esan izan didate hobeto dela lehiaketa apalago bateko finala jokatzea indartsuago batean lehen kanporaketan kalera joatea baino. Ni ez nago ados. Nire ustez, hainbat urtez lehen kanporaketan kalera joanda pilatutako esperientziak lagundu egin zigun duela hiru urte ligaxkarako sailkatzeko, baita iaz Paris kanporatzeko ere. Agian, lehiaketa apalago bat jokatuta, ez genuke esperientzia hori izango. Jokalaria banintz oso argi izango nuke: nahiago nuke lehiaketa gogorrago bat jokatu.

Espainiako Kopa irabazi izan bazenute, hamarrekoa litzateke denboraldia?

Bai. Kolpea izan zen: etxean jokatu genuen, eta ez ginen gai izan finalera iristeko. Jokalariek ere dezenteko kolpea hartu zuten. Kopa jokatu osteko asteburuan, liga genuen jokoan Gijonen [Espainia], eta jokalariek ez zuten burua altxatu ia bezperara arte. Kolpea izan zen Kopakoa, eta kosta egin zitzaien barneratzea.

Zer nabarmenduko zenuke taldearen inguruan?

Zein serio jardun den ligan; hiru puntuk bakarrik egin diote ihes. Oso zaila da hori, bete-betean aritu ezean, puntu asko gal ditzakezu. Europan, berriz, oso lehiakorra izan da. Talde osoa izan gara.

Taldeak aldaketak izango ditu. Batetik, lau jokalarik ez dute jarraituko: Eli Cesareok, Maria O'Mullonyk, Ainhoa Etxeberriak eta Mirene Morenok. Askotariko arrazoiak daude.

Gogorra da jokalariek taldea utzi behar izatea, are gehiago klubak hartu badu erabakia. Mirenek ez jarraitzea da horren adibidea; gogorra izan da, aspaldiko harremana baitzuen Imanolekin [Alvarez, entrenatzailea]. Mariaren kasua ezberdina da. Elkarrekin hartua da erabakia: atzera egin behar du, berriz ere indarra hartzeko; asko sufritu du lesioak direla eta. Ainhoa, berriz, harrobiko jokalaria zen, eta ikasketengatik Bilbora joan zen jokatzera. Harrobikoa zenez, itzuli zenean, proba egin genion, eta ekinaren ekinaz toki bat lortu zuen; oso lan ona egin du. Azkenik, Elik oso argi zuen aurrerapausoa eman nahi zuela, eta liga indartsuago batera joan. Halakoa da Frantziakoa [Dijonen ariko da].

Hiru fitxaketa egingo zenituztela esan zenuten, eta jada bi iragarri dituzue: Giuliana Gavilan pibotea eta Anne Erauskin eskuin hegalekoa. Nolako jokalariak dira?

Shula [Gavilan] pibotean jokatzera dator, ez Eliren tokia betetzera. Langilea da, eta oso indartsua. Defentsan, Eli joanda, erdian sortutako hutsunea estaltzen lagundu diezaguke; oso ondo defenditzen du. Erasoan, berriz, lan ona egin dezake; oso ondo bilatzen du tokia. Bikote ona osa dezake Poloniorekin. Annek, berriz, sekulako garapena izan du Zuazon jokatu dituen lau denboraldietan. Hegaleko ona da, eta azkarra. Bi postutan defendatu dezake.

Paula Arcos lehen lerrokoa ere fitxatu duzue, baina oraindik ez duzue ofizialki jakinarazi.

Klubak oraindik ez du ofizialki jakinarazi; beraz, nik nolako jokalaria den bakarrik azalduko dizut. Paula oso jokalari garrantzitsua da: bikain moldatzen da erasoan eta defentsan, baloiarekin eta gabe; azkarra da. Oraina eta etorkizuna da. 20 urte besterik ez ditu.

Deigarria litzateke Bera Berara iristea. Halako jokalariak atzerrira joan ohi dira nabarmendu eta berehala.

Nire iritziz, gauzek poliki joan behar dute. Paularen moduko jokalari gazteek etorkizun oparoa dute, eta izango dute denbora atzerrira joateko. Ez da horren erraza atzerrian jokatzea; garai aproposa topatu behar da. Nik ezagutzen ditut jokalari asko, gertukoak, gurean aritutakoak, atzerrira goizegi joan direnak, ez direnak gustura egon, eta itzuli behar izan dutenak; itzuli ez direnek oso gaizki pasatu dute. Oinak lurrean izan behar dira, pazientziaz jokatu, eta presarik ez eduki; pausoz pauso egin behar da bidea, ez korrika eta presaka. Halako erabakiak oso ondo pentsatu behar dira.

Bestelakoan, ez da aldaketarik izango. Blokeari eutsiko diozue.

Bai. Gure apustua da. Jokalariek denbora asko daramate elkarrekin jokatzen, eta guk oso argi dugu zenbat eta gehiago jokatu elkarrekin orduan eta hobeto dela taldearentzat. Oinarri sendo horri pieza solteak gehitzen ere saiatzen gara.

Entrenatzaileari ere kontratua bukatuko zaio. Emaitzak kontuan hartuta, pentsatzekoa da segituko duela, ezta?

Imanolekin hizketan ari gara, eta uste dut gelditu egingo dela. Beste entrenatzaile guztiekin errespetua izanda, nire ustez, talde batek izan dezakeen entrenatzailerik onena da Imanol. Baina, zehazki, Bera Berarentzat, aproposena da; filosofia eta balio berak ditugu klubak eta berak, eta norabide berean goaz. Entrenatzaile guztiek ez dute balio edozein talde zuzentzeko, eta guk oso argi dugu klub honek izan dezakeen entrenatzailerik onena dela.

Iaz, hamazazpi jokalarirekin ekin zenioten denboraldiari, eta, aurten, hamabostekin; bi gutxiago dira. Hori zen asmoa?

Bai. Imanolek eskatu zigun jokalari gutxiago izateko taldean. Ados gaude. Uste dugu jokalari gutxiago izanda guztiek gehiago jokatuko dutela, eta, horri esker, sasoikoago egongo direla eta lehiaketa erritmo handiagoa izango dutela. Horrek ez du esan nahi hamabost jokalari baino gehiago izatea baztertzen dugunik; ikusiko dugu nola doan denboraldia eta lesioekin zortea dugun edo ez; badaezpada, giltza bat izan behar dugu gordeta tiraderan, gerta daitekeen edozein arazo konpontzen saiatzeko, hain zuzen.

Bi jokalari gutxiago izanda, tentazioa egon daiteke dirua aurrezteko. Baina ez duzue egingo. Are gehiago, jada iragarri duzue datorren sasoian soldata hamar hilabetez ordaindu beharrean 11 hilabetez ordainduko duzuela.

Hala da, eta inork ez du halakorik egiten ligan. Denbora generaman egin nahian, baina ez zegoen baliabide nahikorik. Lan handia egin da baliabideak egon daitezen. Aprobetxa genezakeen diru hori beste jokalariren bat fitxatzeko, eta 11 hilabetez soldatak ordaintzeko pausoa ez eman. Ez gaude behartuta hori egitera, lehen esan dudan bezala, inork ez baitu halakorik egiten. Baina klub honek gauzak egiteko modu bat du, balio jakin batzuk, eta hitzez ez ezik, ekintzez ere aurrera eramaten saiatzen gara, betiere baliabideak badaude.

Eredu izan zarete beti lan baldintzei dagokienez; adibidez, zuen jokalariek aspaldi kotizatzen dute gizarte segurantzan.

Hau ez da bakarrik tituluak irabaztea, harago doa; klub honek oso argi du nola lan egin eta zein diren bere balioak eta oinarriak.

Horregatik egiten zaie erakargarri jokalariei?

Horregatik ere bai, noski. Pozgarria da kanpoko jendea entzutea horren ondo hitz egiten gure klubaz. Barruan egonda, agian, uste duzu askotan irabazten dugulako bakarrik egiten zaiela erakargarri kanpoko jokalariei, baina, galdetzen diegunean, esaten digute izugarri gustatzen zaiela gure lan egiteko era.

Baikor zara hurrengo denboraldiaren inguruan? Kontrarioak inoiz baino fitxaketa gehiago egiten ari dira, eta ligara iritsiko diren jokalari asko punta-puntakoak dira. Irudipena duzu zerbait aldatzen ari dela?

Bai, eta oso argi dut orain arte zaila bazen liga irabaztea are eta zailagoa izango dela aurrerantzean. Malagak, adibidez, sekulako taldea du, eta oso ondo indartu da. Ro'Casa, berriz, Danimarkako eta Suediako jokalariak fitxatzen ari da, baita Espainiako selekzioarekin aritu diren eta aritzen diren jokalariak ere. Aurkari batzuk aurrerapausoa ematen ari dira, eta hori albiste ona da; askoz handiagoa izango da maila, eta horrek mesede egingo dio lehiari. Guretzat zailagoa da tituluak irabaztea, baina gu talde ona izango gara aurrerantzean ere, eta ziur izan nor baino nor gehiago arituko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.