Belauneko lotailu gurutzatua ia erreskadan bitan apurtu eta gero, urrian itzuli zen lehiara Aileen Ripa Beti Onak taldeko jokalaria (Atarrabia, Nafarroa, 2003). Bi lesioen ondorioz asko ikasi duela dio. Ikasgaien artean: egunerokoaz gozatzea. Hala egin nahi du Espainiako Kopan. Guardes aurkari gaiztoa izan arren, baikor dago: «Ondo lehiatu izan gara haien aurka».
Estreinakoz jokatuko duzue Espainiako Kopako azken fasea, eta gaur ekingo diozue lehiari. Nola joan dira aurreko egunak? Nabaritu duzue urduritasunik?
Oso egun bereziak eta politak dira, eta entrenamenduetan ilusio handia antzeman da. Ez bakarrik jokalariongan, baita klubean lan egiten duten jendearengan ere. Izan ere, guztiontzat lehen aldia da. Bete-betean entrenatu gara, eta oso batuta egon gara, hau guztia elkarrekin bizitzeko. Oso txapelketa berezia da, parte hartu izan dutenek hala diote, eta egon ohi den giroaz gozatu nahi dugu.
Zer esanahi du bai zuretzat eta bai klubarentzat Kopa jokatzeak?
Ni harrobiko jokalaria naiz, hemen jokatuko dut beti, eta hau bizitzea ametsa da. Klubean, multzoan, beti izan dugu garbi helburua ligan mailari eustea dela. Baina denboraldi oro beste mugarri batzuk ezarriz joan gara. Adibidez, aurreko denboraldian titulurako kanporaketatarako sailkatu ginen, oraingoan Koparako sailkatzea lortu dugu... Horrek hazten lagundu dio klubari, bai kirol arloan eta bai ikusgaitasunaren aldetik. Adibidez, gero eta jende gehiago etortzen da gure partidak ikustera. Koparako autobusen bat antolatu dute, eta etxekoak eta gure zalerik fidelenak harmailetan izango dira. Harrobiko jokalariak erakartzeko ere balio du, ilusioa pizteko eta hemen jokatuta ere gauzak lor ditzaketela ikusteko.
Lehen itzuli oso ona egin zenuten, baina urte hasieratik kostata ari zarete. Nola zaudete?
Egia da azkenaldian hainbat partida galdu ditugula erreskadan. Gurpil zoro moduko batean sartu gara, eta kostatzen ari zaigu irabaztea. Baina normala da denboraldian halako garairen bat izatea. Gertatzen da. Aurreko denboraldian kanporaketak jokatu eta sasoi honi horren ondo ekinda, espektatiba handiak zeuden jarrita gugan. Horrek gure aurka egin du zertxobait. Ardura edo zama txiki bat izan da. Jokoz, dena den, ondo ikusi dut taldea. Nahiz eta egia den defentsako lanean apur bat behera egin dugula, eta horrek erasoan konfiantza galtzea ekarri duela, behartuago aritu baikara. Dena den, baikor nago. Egoera honetan askoz gehiago batu gara, eta horrek indartu egin gaitu. Kopa jokatzeak, gainera, ilusioa berpiztu digu.
Harri gogorra egokitu zaizue hasteko, final-laurdenetan Guardes izango baituzue aurkari, ligako liderra. Zer diozu kanporaketari begira?
Argi dago aurkari zaila, indartsua eta gogorra dela Guardes. Oso emaitza onak lortzen ari da, eta hori baliatu nahiko dute titulua lortzeko. Baina Kopan beti izaten dira ezusteak, eta normalean haren aurka beti ondo lehiatu izan gara. Estu hartu dugu maiz. Oraingoan ere hala izango da agian, eta konfiantzaz gaude. Baloi gutxi galtzea izango da gakoa, eta defentsan koska bat igotzea. Arlo horretan, haiek baino hobeak izan gaitezke, bete-betean arituz gero.
«Baloi gutxi galtzea izango da gakoa, eta defentsan koska bat igotzea. Arlo horretan, haiek baino hobeak izan gaitezke, bete-betean arituz gero»
Kopan ezusteak izaten direla aipatu duzu. Elx eta Malaga, adibidez, ez dira lehiatuko. Horrek are gehiago indartzen du zuen ustea?
Bai, noski. Horregatik diot garrantzitsuena arreta osoa gugan jartzea dela, eta txapelketa hauetan askotan talde batek izan duen azken boladak ez duela askorako balio.
Irabaziz gero, finalerdietan Granollers edo Morvedre izango duzue kontrario. Erreparatu diozue horri?
Final-laurdenetan egokitu zaigun aurkaria hain da gogorra, arreta guztia hor jarri baitugu. Gero gerokoak, baina argi dago txapelketa irekia izango dela.
Zure ustez, nor da garaikurra jasotzeko faborito?
Gu izango garela egiten dut amets. Bestela, Bera Bera edo Porriño esango nituzke.
Urrian itzuli zinen lehiara, bigarrenez belauneko lotailu gurutzatua apurtu ostean. Nork esan behar zizun orduan Kopa jokatzen ariko zinenik orain, ezta?
Hala da. Ia segidan izan nituen bi lesioak, eta oso pozik nago. Itzuli nintzenean, beldur apur bat nuen, normala denez. Baina pixkanaka hori ere gaindituz joan naiz, eta jokatzeko garaian lehengoa naiz pixkanaka. Dena den, kirolari eta pertsona naizen aldetik, aldatu egin naute bi lesioek. Egunerokoaz gozatzen ikasi dut, eta pazientzia handiagoa izaten. Psikologikoki ere indartsuagoa naiz. Harro nago gainditu dudanaz, eta hazten jarraitu nahi dut. Gero eta ausartagoa naiz erasoan, eta baliabide gehiago ditut. Hori baliatu nahi dut.
Behin Kopa igarota, denboraldiaren azken txanpari ekingo diozue. Titulurako kanporaketa postuak hiru puntura dituzue. Bertan ez egotea porrota litzateke?
Ez. Porrota hitz gogorregia iruditzen zait, hasieratik argi izan baitugu gure helburua mailari eustea dela. Bestalde, Kopan lehen aldiz egotea lorpena da, eta denboraldia ona litzateke. Esan bezala, denboraldiz denboraldi lortu ditugu mugarriak, eta neurri handi batean multzoari eutsiz egin dugu hori. Denboraldiz denboraldi multzo sendoagoa gara, eta hori da lorpenik handiena.
bera berak bederatzigarrena nahi du
Bera Bera ere arituko da Espainiako Kopan. Donostiako taldeak ibilbide oparoa du txapelketan. Zortzi aldiz irabazi du garaikurra, eta bederatzi aldiz izan da txapeldunorde. Hala, aldi honetan irabaziko balu, bederatzigarrenez izango litzateke txapeldun. Orain arte lortu ez duen zerbait lortuko luke: hirugarrenez segidan irabaztea. Izan ere, azken bi aldietan garaile izan dira. Gaur, bide horretan lehen urratsa egin nahi dute, final-laurdenetan. Ro'Casa izango dute kontrario (16:30, RTVE play eta Teledeporte). Urteetan ligako bi talderik indartsuenak izandakoak arituko dira, beraz, aurrez aurre. Alvarezek honela aztertu du partida: «Gogotsu gaude, eta apur bat minduta, jokatu ditugun azken hiru partidak galdu egin ditugulako. Haiek eskarmentu handiko jokalariak dituzte, talde ona dute, eta hasieratik ondo sentitzea izango da gakoa. Koparekin ilusio handia dugu». Irabaziz gero, finalerdietan Eldaren edo Porriñoren aurka neurtuko dituzte indarrak.