Garoa Martinez

'Klik' egin dio buruak

Garoa Martinez bermeotarrak bost uste eskas daramatza halterofilia egiten, eta sekulako garapena izan du: Euskadiko eta Espainiako txapelduna da, eta hamalaugarren izan berri da Europako Txapelketan. Hain zuzen ere, handik bueltan erabaki du «aurrerapauso bat» eman nahi duela.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Irudi bat etxeko ordenagailuaren pantailan: emakumezko indartsuak, gimnasioan, pisuak altxatzen. Eta desio bat berehala: haiek bezalakoa izatea. Halaxe hasi zen Garoa Martinezen (Bermeo, Bizkaia, 1997) eta halterofiliaren artekoa. «Eskubaloia, judoa, gimnastika erritmikoa... Kirol askotan aritutakoa nintzen, baina irudi horrek erabat katigatu ninduen: indar handia zuen. 15 urte nituen, eta ebakuntza egin berri zidaten oinetan, eta, horren ondorioz, gimnastika utzi berri nuen. Beste zerbait probatu nahi nuen, eta irudi hark izugarri erakarri ninduen».

Lehen traba, segituan: adina. Gazteegia zen. «Bermeon, 16 urte izan beharra dago gimnasioan sartzeko. Pare bat alditan saiatu nintzen ezkutuan sartzen, baina bietan harrapatu ninduten, eta gimnasiotik bota», gogoratu du, barrez. Gutxieneko adina bete orduko, hantxe azaldu zen berriro gimnasioan. Oraingoan inork ez zuen botako. «Inoiz ez bezala» gozatu zuen lehen aldi hartan, pisuak altxa eta altxa.

Zoriontsu zen gimnasioan. Horregatik, 18 urterekin Gasteizera Soin Hezkuntza ikastera joan zenean egin zituen lehen gauzetako bat gimnasio batean izena ematea izan zen. «Crossfit-a egiten hasi nintzen. Makina bat ariketa ezberdin egiten dira, eta asko erakarri ninduen hasieratik». Pisuak altxatzen gozatzen zuen inon baino gehiago. Horregatik, ez zuten gehiegi estutu behar izan halterofilian probatzeko esan ziotenean. Berehala esan zuen baietz.

Bost urte eskas joan dira ordutik, eta Martinezek sekulako garapena izan du. Handia bezain azkarra izan da. Hasi eta bi urte eskasera, txapelketetan lehiatzen hasia zen. Baita dominak kolkoratzen ere: urrezkoa junior mailako Euskadiko Txapelketan, zilarrezkoa Unibertsitateen Artekoan, eta brontzezkoa Espainiakoan. Etenik ez du izan, eta gazte mailetan lortutako emaitza bikainei maila nagusikoak gehitu dizkie: Euskadiko eta Espainiako txapelduna izan da Indarra Vital Gasteizko taldeko halterofiliako kirolaria.

Beste pauso bat eman berri du bere kirol ibilbidean: maila nagusiko Europako Txapelketan aritu zen joan den astean, Moskun. Hirugarren ahalegina izan da balekoa. Izan ere, aurreko bi urteetan ezin izan zen 23 urtez azpikoan lehiatu: duela bi urte, lan kontuengatik, eta, iaz, koronabirusagatik. Aitortu duenez, sentipen «gazi-gozoarekin» bueltatu da. «Aukera ederra izan da Europako Txapelketan aritzea, baina lehen aldia nuen nazioarteko lehiaketa batean, eta urduriegi egon naiz, eta ezin izan dut nire onena eman. 82 kilo altxatu ditut kolpe batean, eta ehun bi kolpetan. Nire marka onenak, berriz, 85 eta 108 kilo dira —1,61 metro da luze, eta 64 kilo pisatzen ditu—. Baina tira, nahiko konforme nago. Hamalaugarren izan naiz 64 kiloz azpikoan. Sekulako maila zegoen: hainbat olinpiar eta munduko txapeldun aritu dira. Momenturen batean neure buruari galdetu diot ea zer ari nintzen horren jende onaren artean. Esperientzia moduan balioko dit. Ondo dago behetik hastea ere, gero gora egiteko».

Gehiago entrenatu nahi du

Azaldu duenez, txapelketa hori «mugarri» izan da. «Buruak klik egin dit. Lehen, ez neukan neure burua puntako kirolaritzat, baina konturatu naiz ez naizela lana eta halterofilia partekatzen dituen pertsona soil bat —Gasteizko Udalean egiten du lan—. Gehiago sinetsi behar dut. Espainiako selekzioko hautatzailearekin hitz egin dut, eta galdetu dit ea zer asmo ditudan. Kontuan har nazan esan diot. Honengatik apustu egin, eta aurrerapausoa emateko unea da».

Garbi utzi dio hori entrenatzaileari, Iñigo Ruiz de Azuari. «Orain arte, astean lau egunetan entrenatzen nintzen, bi ordu inguruko saioetan. Beste bi egunetan, berriz, ez nuen halterofiliari lotutako lan jakinik egiten. Baina uste dut badela garaia astean egun bat gehiago entrenatzeko. Hobetu egin nahi badut, gehiago entrenatu behar dut, ordu gehiago sartu. Asko dut hobetzeko».

«Argi» du non duen gehien hobetzeko. «Indarra badut, baina teknika falta zait. Hori landu behar dugu bereziki. Baita kontzentrazioari eta tentsioari eusteko ahalmena ere. Oso urduri jartzen naiz beti lehen ahaleginean. Ikasi behar dut patxada gehiago izaten». Entrenatzaileak «konfiantza handia» du harengan, hark bere buruan baino gehiago. «Falta zait neure buruari balio handiagoa ematea. Umilegia naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.