Kiroldegira itzultzeko grinaz

Ia hiru hilabetez etxean entrenatzen ibili da Clara Azurmendi badminton jokalari donostiarra. Min hartuta egon eta gero, etenak sasoi onean harrapatu zuen, eta horri eutsi nahi dio.

Clara Azurmendi aste hauetan egindako entrenamendu baten ostean. CLARA AZURMENDI.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Etxeko garajea pabiloi txiki du bihurtuta azken asteetan Clara Azurmendi badminton jokalariak (Donostia, 1998). Sarea jarri, eta tarteka aitarekin entrenatu da itxialdian. «Etxe kanpoaldean ere belaze txiki bat dugu, eta hor ere egin dugu saioa. Baina zailagoa da, haizea altxa orduko ezin baita jokatu». Hurrengo astean, ordea, behin konfinamendua arintzeko neurrien hirugarren fasean sartuta, kiroldegi batean entrenatzen hasi ahal izatea espero du. «Printzipioz, Pio Barojakoan izango da. Baina Euskadiko Federazioak zer esango zain nago».

Oraingoz, ezingo da Madrilgo Goi Errendimenduko Zentrora itzuli. «Madrilgoak diren jokalariak hasi dira han entrenatzen, baina oso gutxi dira. %70 inguru kanpokoak gara». Momentuz, kirol azpiegitura baino ez dago irekita, ez kirolarien egoitza.«Esan digutenez, irekitzen digutenean multzo txikitan joango gara itzultzen. Badmintoneko 11 jokalari gaude, eta hasieran bost joango ginateke. Joanda ere, ez dakigu elkarrekin entrenatuko garen, ezta nolako harremana eduki ahal izango dugun ere. Arraroa izango da».

Martxoaren 11tik dago itxita, eta honela gogorarazi du hustu egin behar zutela esan zieten eguna. «Ziurtasunik eza handia izan zen. Izan ere, txapelketak bertan behera geratzen zirela ikusten genuen, baina Espainiako Federaziokoek esaten ziguten lasai egoteko, eta zentroa ez zutela itxiko. Egun hartan bertan, goizean, normal entrenatu ginen. Ondoren esan ziguten etxera joan gintezkeela, eta handik gutxira dena itxiko zutela».

«Berehala» prestatu behar izan zuten dena. «Autobusetan eta trenetan ez zegoen lekurik, eta, azkenean, hegazkin bat hartu behar izan nuen Hondarribira [Gipuzkoa]. Pentsa, eguerdia zen, eta arratsaldeko lauretan hartu nuen hegaldia».

Aste hauetan spinning-eko bizikletarekin eta zirkuituak eginez entrenatu da. «Federazioko prestatzaile fisikoak bidali zigun plangintza. Entrenamendu motzak eta biziak izan dira, gure kirolaren berehalakotasunak hala eskatzen duelako. Erritmo aldaketak ere landu ditugu». Oraingoz, ez dakite txapelketak noiz itzuliko diren. Printzipioz, irailera arte denak bertan behera utzi dituzte. «Horrek kezkatzen nau gehien. Izan ere, bi hilabete pasatxoko eten honen astean, lehen aste hauetan gogo handiz egongo gara. Baina, egunak aurrera joan ahala, eta helbururik gabe, luze egin daiteke lehiarako itzulera. Egoera horretan, motibazioari eustea lantegi zaila da».

Urratsez urrats joan nahi du, eta berriro ere entrenamenduen intentsitatea barneratu. «Hori da niri gehien kostatzen zaidana; batez ere fisikoki asko sufritzen dut. Teknika aldetik, berriz, etenek ez didate horrenbeste eragiten, eta berehala egokitzen naiz berriz erraketara».

Belauna, buruhauste

Espero du oraingoan ere hala izatea. «Baina ikusi beharko dugu, lehen aldia baita hainbeste denbora egoten naizela behar bezala lehiatu eta entrenatu gabe. Etenik luzeena duela bi urte izan zuen, meniskoa apurtu zuenean. «Bizpahiru hilabeteko kontua zen. Baina behar baino azkarrago bueltatu nahi izan nuen lehiara, eta ordaindu egin nuen. Ordutik, hainbat aldiz hartu dut min belaunean, gure kirolean gehien sufritzen duen gorputz atala baita, mugitzeko behar dugun bizkortasunagatik eta erritmo aldaketengatik. Sei hilabete inguru pasatu nituen azkenean lehiatu gabe». Horrek ez dio behar bezala lehiatzen utzi. «Gorabehera asko izan ditut, bai fisikoki, bai mentalki. Berriro ere min hartzeko beldurrak segurtasun falta apur bat sortzen baitizu. Ondorioz, ez dut izan espero nuen bilakaera. Baina ikasgai handia izan da, gauzak pazientzia handiagoz hartu behar direla erakutsi dit, eta garrantzitsuena ondo itzultzea dela, ez bizkor».

Baina, etena gertu zenean, fisikoki eta mentalki «sasoiko» ikusten zuen bere burua. «Ondo nengoen, eta gogotsu». Denboraldiko helburu nagusia apirilean Ukrainan jokatzekoa zen Europako Txapelketa zuen. «Baikor nintzen, prestakuntza oso ondo zihoalako. Finalerdietarako sailkatzeko aukerekin ikusten nuen neure burua. Pena izan da etena».

Tokioko Olinpiar Jokoak ziren badmintonak aurten zuen beste lehiaketa nagusia. Atzeratu egin dira, baina oso zail ikusten du datorren urtean han egotea «Carolina [Marin] tartean egonda, ezinezkoa nuen joatea. Herrialde bakoitzetik jokalari bat joaten da, eta, bi joateko, besteak lehen hamaseien artean egon behar du munduko zerrendan».

Hortik harago, ez daki birus honek nolako aldaketak ekarriko dituen. Ez du baztertzen maskarekin jokatu behar izatea. «Behin edo behin probatu izan dugu». Arazo nagusia, dena den, bolantea izango da. «Etengabe desinfektatzen egotea zaila iruditzen zait, jokoa asko etengo bailuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.