Iker Sastre

Kirolaz hazi eta hezia

23 urterekin, surf egiten ari zela, bizkarreko orno bat hautsi zuen Iker Sastrek. Ordutik, gurpil aulkia erabili behar du, baina horrek ez du eten kirolarekin duen lotura. Egun, mahai tenis egokituko jokalaria da: «Begiak ireki dizkit». Tokioko Paralinpiar Jokoetara joateko nahia bete du.

BAT BASQUE TEAM.
Mikel O. Iribar.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Borrokalaria, irekia eta gertukoa: adjektibo horiek erabili ditu bere burua aurkezteko Iker Sastrek (Bilbo, 1977). Ez du ezkutatu txikitatik kirolzale porrokatua dela. «Kirol munduaren jiran mugitu izan naiz beti. Pentsa, iraganean, istripu lazgarri bat izan nuen, kirola egiten ari nintzela, eta, kirolari esker, zulotik ateratzea lortu dut». Egun, mahai tenis egokituko jokalaria da Sastre. «Kasualitatez hasi nintzen, eta horrela sartu zitzaidan mahai teniserako harra». Bada, munduko rankingean hamargarrena da, eta Tokioko Paralinpiar Jokoetarako postua ziurtatuta du.

Bizkarrezur-muineko lesioa dauka Sastrek, eta buruan ondo baino hobeto dauka iltzatuta ezbehar hura. 23 urteko gizasemea zen, sasoikoa. «Futbolaz gain, surfa zen nire pasiorik handiena». Fisioterapiako zentro batean lan egiten zuen goizez, eta, arratsaldez, Bilbo Basketeko harrobiko taldean. Sopelako (Bizkaia) hondartzara joateko baliatzen zuen atseden tarte hura. Egun batean, ordea, zuritik beltzera igaro zen Sastre. Olatu indartsu eta arriskutsu batek hondoraino bidali zuen. «Momentuan jakin nuen orno bat hautsi eta hezur-muina kaltetu nuela». Olatu aparretan herio batean zegoen bilbotarra. «Ordura arte bizitakoari errepasoa eman, eta nire bizitza hor amaitu behar zela nioen. Halako batean, lehiakor eta borrokalari sena atera zitzaidan barrutik, eta zurrunbilo horretatik atera behar nuela esaten nion neure buruari». Indarrez hustuta eta akituta, baina bizirik irtetea lortu zuen.

Ordutik, aulki gurpilduna erabili behar du Sastrek. «Beste bizitza bat hasi nuen, eta, egunez egun, aurrera jarraitzeko indarra izan dut, nahiz eta garai latzak jasan izan ditudan». Hori bai, lehendik kirolarekin zuen lotura ez zuen erabat hausterik nahi. «Denetik egin nuen: igeriketa, saskibaloia... Baina ez ninduten guztiz asebetetzen», harik eta FEKOOR Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonen Bizkaiko erakundearen bitartez, mahai tenis egokitua probatu zuen arte. «Mundu berri bat ezagutzeko aukera eman dit, eta begiak ireki dizkit. Praktikoa eta erraza da».

Baina beti dago zer hobetua eta zer ikasia. «Oso teknikoa da. Gainera, iaioa eta buruz azkarra izan behar duzu». Mundu osoan kirolari gehien mugitzen dituen olinpiar kirol honek badu berezitasunik: «Mahai tenisa kirolik inklusiboena da. Baldintza berberetan, buruz buru aritzeko aukera ematen du». Hain zuzen, Sastrek urritasun fisikorik ez dutenen aurka jokatzen du Euskal Ligan.

Azken urteetan Europako eta Munduko txapelketetan erdietsitako emaitza onei esker, Bat Basque Teameko kide da orain Sastre. «Asko kostatu zitzaidan sartzea; jauzi handia baitago erdi-profesionaletik profesionalera». Lorpen horren bitartez, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan entrenatzeko aukera dauka. «Erraztasun handia ematen didate, eta ordutegi aldetik ere malgutasuna daukat. Oso eskertua nago».

Beteta ez dituen ordu horiek ere ez ditu alferrik galtzen. Palarekin pilotari lehen kolpeak eman zizkion erakundean egiten du lan: FEKOOR-ren. «Klubeko ardura hartu nuenetik, urritasun fisikoa duten kirolariez gain, arazo fisikorik ez dutenekin ere aritzen gara. Niretzako, gauzarik garrantzitsuena gizarteratzea da, kirolean nahiz gizartean. Horregatik, guztiei ireki behar diegu atea». Apurka-apurka, umiltasunez eta txikitasunez haziz doan erakunde bat da FEKOOR: «Ilusio osoz ari naiz lanean, eta zenbat eta jende gehiago hurbildu, orduan eta ezagunagoa izango da gure egitasmoa».

Sastrek gogorarazi du oraindik lan handia dagoela egiteko irisgarritasunean: «Sarritan, oztopoak izan ditut aurrean, eta, zoritxarrez, nire kasa gainditu behar izan ditut». Haren arabera, Euskal Herrian badira hainbat kirol instalazio azpiegiturak egokitzeko dituztenak. «Atzeko atetik joan behar izaten gara, eta eskailerak daudenean, berriz, hor datoz komeriak». Gizartean dagoen kontzientzia eta enpatiarik eza salatu du. «Bateren batek gertukoren bat aulki dunean ez badu, ez da jabetzen besteen kezkaz».

Oraingoan, barruan da

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, aurtengo egutegia begi kolpe batez aldatu zaio Sastreri ere: «Otsailetik lehiatu gabe nago». Italiako eta Jordaniako nazioarteko txapelketak jokatzekoa zen, baina bertan behera geratu ziren biak. Izurriak dirauen bitartean, jokalari gisa gehiago haztea eta hobetzea beste asmorik ez du.

Hamaika domina jantzitakoa da Sastre, munduko rankingean zazpigarren lekura igotzeraino. «Baina ez naiz inoiz Jokoetan egon», atera zaio barrutik. 2016ko Rioko Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko atarian geratu zen; zehazki, postu bakarrera. «Zalantzaz jositako emaitzak egon ziren; mundu txiki honetan ere, herrialdeen artean interes asko baitaude jokoan». Kolpe latza izan zen harentzat. Bada, lau urteren ostean, arantza kentzea lortu du: Tokioko Jokoetarako plaza berea du. «Hurrengo helmuga, ordea, Tokiora bertara joatea izango da», dio erdi brometan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.