Olinpiar Jokoak

Kirolariak dantzari

Olinpiar Joko hauetan, breakdance dantza diziplina olinpiko izango da lehendabizikoz. Dantzariak, beste kirolariek bezala, elkarren aurka lehiatuko dira.

Sunny Choi breakdance dantzaria, ekitaldi batean. EVA MARIE UZCATEGUI / EFE
Sunny Choi breakdance dantzaria, ekitaldi batean. EVA MARIE UZCATEGUI / EFE
2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

«Programa honekin, Paris 2024ko Olinpiar Jokoak koronabirusaren osteko mundurako egokitzen ari gara. Gainera, gazteengan foku sendoa dago». Hala azaldu zuen Thomas Bachek, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak, Jokoetarako egindako kirol hautua. Berrikuntza askoko zerrenda da, baina bat da nagusi: breakdance dantza mota gehitzea jokoetan, historian lehen aldiz. Polemika eragin duen auzia izan da, batzuen ustez ez delako kirol bat, diziplina artistiko bat baizik.

Breakdancea 1970eko hamarkadan sortu zen New Yorkeko Bronx auzoan. 1990. urtean lehen nazioarteko lehiaketa antolatu zuten, Battle of the Year, eta 2018an estreinakoz sartu zuten Gazteen Olinpiar Jokoetako programan. Denbora kontua zen Udako Olinpiar Jokoetako kirola izatea. 2019ko ekainean eman zion NOBk behin-behineko onarpena, eta ofizialki 2020ko abenduan hautatu zuen.

Tony Estanguet Parisko Olinpiar Jokoen antolakuntza batzordeko presidentearen arabera, hautu horren asmoak hiru dira: kirol aniztasuna lortzea, Jokoak gazteengana hurbiltzea eta ospe handia lortzen ari diren kirolei garrantzia ematea.

Tokion surfa, skatea eta eskalada gehitu zituzten, eta berrikuntza joera horrekin jarraitu nahi izan dute. Eneko Redondo breakdance dantzari profesionalaren esanetan, aukera ona da: «Mundu osoko umeek telebistan ikusi ahal izango dute, eta horrek ospea emango dio kirolari. Eliteko kirolariak garela ikusiko du jendeak, eta breakdancea seriotasunez hartuko dute».

Victor Montalvo breakdance dantzaria, Chicagon. ANDREA MONTOLIVO / EFE
Victor Montalvo breakdance dantzaria, Chicagon. ANDREA MONTOLIVO / EFE

Breakdancea dantza urbano estilo bat da, eta jatorria hip-hop kulturan du. Oinarrizko ezaugarriak mugimendu akrobatikoak, oin joko estilistikoa eta disko jartzaileen eta zeremonia maisuen rol garrantzitsua dira. Dantzariek mugimendu asko konbinatu behar dituzte, dantza errutina bat sortzeko, DJak jarritako musikari jarraituz.

Hiru mugimendu mota nagusi daude: zutik egiten direnak (top rock), lurrean egiten direnak (down rock) eta gorputza bat-batean gelditzea (freeze). Mugimendurik ezagunenen artean, gorputz osoa biratzen dutenak daude (power moves): adibidez, birak ematea buruz behera eta gorputza eskuen gainean dagoelarik (air flare) eta birak ematea gorputza buruz gora dagoelarik (flare).

Nazioarteko federazio bat du breakdanceak: World DanceSport Federation. Dantza lehiakorreko diziplina oro arautzen du 1957tik.

«Eliteko kirolariak garela ikusiko du jendeak, eta breakdancea seriotasunez hartuko dute»

ENEKO REDONDO Breakdance dantzaria

Baina arauak oso urriak dira breakdance lehiaketetan. Ia edozer onartzen da, iraingarriak diruditen keinuak ere bai. «Horixe da breakdancearen ezaugarri nagusietako bat», nabarmendu du Redondok. Koreografia bat prestatzean bi aukera daudela azaldu du dantzariak: aurretik prestatutako mugimenduen segida txikiak konbinatzea, batetik, eta inprobisatzea, bestetik. «Biak dira onak, baina nik nahiago dut inprobisatzea, musikarekin lotura estuagoa sentitzea ahalbidetzen duelako».

Redondok azaldu du breakdancean badirela oinarrizko mugimendu batzuk: foundation deitzen zaie. «Oinarrizko mugimendu hauetan oinarritzen gara gure estiloa garatzeko. Foundation mugimendu zailenak gorputz osoa biratzen dutenak (power moves) direla esango nuke; horien artean bat aukeratu behar banu, air flare-a izango litzateke [gorputz osoa eskuen gainean biratzea]».

Arauen lausotasunaren ondorioz, dantzaren mugak berak ez dira zurrunak; zedarririk gabeko dantzan, nola entrenatzen dira dantzariek? «Bizimodu bat da. Beraz, prestakuntza etengabea da, baina ez dago ezer zehatzik. Kirol olinpiko bihurtu denetik, dena arautuagoa dago: entrenatzaile propioak, fisioterapeutak...»

Faborito argirik gabe

Olinpiar Jokoetan bi lehiaketa egongo dira, bat genero bakoitzeko. Bakoitzean hamasei parte hartzaile arituko dira, eta gaur eta bihar egingo dira proba guztiak: final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta, azkenik, finala, Concorde plazan. Dantzari bakoitzak minutu bat inguru izango du lehiatzeko, eta txanda bakoitzean bi dantzari arituko dira. Lehiakideek inprobisatu egin beharko dute: ez zaie aurretik esango zein abesti dantzatu beharko duten.

Sei irizpideren arabera puntuatuko dituzte dantzak epaileek: sormena, antzezpena —bi horiek azken notaren % 60 dira—, nortasuna, teknika, aniztasuna eta musikaltasuna —notaren gainerako % 40a—. Berria da epaitzeko sistema hori. Izan ere, breakdancearen ezaugarrietako bat arauen eta puntuazio irizpideen lausotasuna da: «Baliteke hori Olinpiar Jokoek eskatzen duten objektibotasunaren aurka egotea. Erronka berri bat izango da. Ikustear dago sistema nola moldatuko den», esan du Redondok.

«Puntuazio irizpideak lausoak dira. Baliteke hori Olinpiar Jokoek eskatzen duten objektibotasunaren aurka egotea».

ENEKO REDONDOBreakdance dantzaria

Gizonezkoen artean, izar nagusietako batzuk Victor Montalvo, Jeffrey Louis Jeffro, Philip Kim Phil Wizard, Shigeyuki Nakarai Shigekix eta Danis Civil Dany dira. Emakumezkoen artean, txapeldun izateko aukera gehienak dituztenen artean Sunny Choi, Logan Edra Logistx, Dominika Banevic Nicka, Sya Dembele Syssy eta Ayumi Fukushima daude. Redondok ez du uste faborito argirik dagoenik. «Garai batean, herrialde batzuk ziren nagusi: Ameriketako Estatu Batuak, Korea, Japonia... Hala ere, breakdancea hedatu egin da, eta orain edonork ahalko luke irabazi».

Zeresana eman du breakdancea Olinpiar Jokoen egitarauan sartzeko erabakiak. Kirolari batzuk aurka agertu dira. Horien artean dago Michelle Martin, Munduko Squash Txapelketa hiru aldiz irabazi duen jokalaria. Haren esanetan, «izaera galdu dute» Olinpiar Jokoek. «Gaurko egunetara moldatzen saiatzen ari dira, baina Jokoei burla egiten ari dira». Squasha kirol olinpiko ez izatea eta breakdanceko puntuazioek duten izaera subjektiboa salatu ditu.

Breakdanceko dantzarien artean ere egon dira kritikak: «Polemika bizia egon da gure artean. Garrantzitsua da [breakdancearen] esentzia eta kultura babestea, eta lehiakortasuna horien kalterako ez izatea», esan du Edra Logistx dantzari olinpikoak. Horrekin bat dator Redondo. «Breakdancearen esentzian barne daude mugimenduen askatasuna eta arauen malgutasuna, eta Jokoetako kirol bihurtzea mehatxu bat izan liteke horientzat».Eta zer gertatuko da 2028an? Kirol olinpiko izaten jarraituko al du? «Ezetz uste dut, baina ezin dugu inoiz jakin», adierazi du Redondok. Oraingoz, NOBk ezetz esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.