Ametsa egia bilakatu zaio Naiara Egozkueri (Atarrabia, Nafarroa, 1983). Maiatzean egin zuen debuta Espainiako selekzioarekin, eta bihartik aurrera Munduko Eskubaloi Txapelketan ariko da, Serbian, lehendabiziko aldiz.
Txapelketari ekiteko gogoz?
Bai, gogo handiz. Hagitz kontent nago. Eta guztiaz gozatzen ari naiz. Serbian egoteko irrikan naiz [gaur abiatuko dira].
Ametsa egia bilakatu zaizula erran duzu berriki.
Hala da. Nik uste dut Munduko Txapelketa batean parte hartzea kirolari guztion ametsa dela. Denok jakin nahi dugu zer den halako lehiaketa batean aritzea. Serbian egoteak aukera ematen dit nire kirol ibilbidean bertze urrats bat egiteko. Itxakorekin esperientzia polit anitz izan nituen. Baina hau bertze gauza bat da. Eta deialdian nintzela jakin nuenean biziki poztu nintzen.
Garaia bazela sentsazioa duzu?
Ez dakit. Unea ailegatu da, eta hori da inportanteena. Ni oroitzen naiz Itxakon nintzenean Andrea Barnok gazteago ginenoi beti erraten zigula pazientzia izan behar genuela, lasai egon behar genuela, ailegatuko zela gure ordua. Eta halaxe izan da. 30 urterekin ailegatu zait selekzioaren aukera, eta kontent nago. Eusten dionak, azkenean, lortzen du bere saria.
Maiatzean egin zenuen debuta Espainiako selekzioarekin. Nolakoa izan zen momentu hori zuretzat?
Nahiko urduri egon nintzen. Hego Korean aritu ginen. Hasieran kosta egin zitzaidan, baina, pixkana-pixkana, lortu nuen nire tokia. Hasieran dena zen berria, eta ondoan nituen hainbat txapela lortu dituzten jokalariak. Talde horretan tokirik ez nuela sentitzen nuen. Baina sentsazio hori laster desagertu zen.
Brontzea Londresen, 2012ko Olinpiar Jokoetan; eta brontzea ere Brasilen, 2011ko Munduko Txapelketan. Ez da erraza izanen orain arteko emaitzak ontzea, ezta?
Sekulako lana egin dute, bai. Bide beretik jarraitzea da asmoa, noski; hori nahi dugu denok, baina badakigu zaila izanen dela.
Helburua domina bat lortzea da?
Helburua hori da, argi eta garbi. Baina jakinda hagitz zaila izanen dela. Txapelketa bikaina egin dezakezu, eta partida txar batek dena pikutara bidali.
Partida anitz jokatu beharko duzue denbora laburrean. Lehia handia izanen da.
Intentsitate handiko txapelketa da. Lehen fasean bost partida ditugu. Nik uste dut garrantzitsuena dela partida bakoitza bakarra balitz bezala jokatzea. Unean uneko norgehiagoka izan behar dugu bakarrik buruan, eta hori ahalik eta ongiena egiten saiatu.
Alemanian bigarren denboraldia duzu. Zer moduz?
Sasoiaren hasiera zaila izan da guretzat, hainbat jokalari lesioek jota izan ditugulako eta aurkari nagusien aurka aritzea egokitu zaigulako. Baina egin dugu aurrera, pixkanaka-pixkanaka. Orain seigarren gara sailkapenean.
Iaz lesio batekin hasi zenuen Alemaniako bidea. Aurten gehiago ari zara gozatzen?
Bai. Iazkoa gogorra izan zen. Dena zen berria. Hizkuntza ere ez nuen menperatzen. Orain gustura nago. Une gozoa bizitzen ari naiz, eta hagitz kontent nago.
Naiara Egozkue. Bayer Leverkuseneko jokalaria
«Kirolari guztiok jakin nahi dugu zer den halako lehiaketa batean aritzea»
Bihar hasiko da Munduko Eskubaloi Txapelketa Serbian. Bost euskal herritar ariko dira bertan, denak Espainiako selekzioarekin. Naiara Egozkuek lehen txapelketa nagusia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu