Jon Azkue. Bidasoa taldeko jokalaria

«Kirolari eta pertsona gisa on egingo dit pauso hau emateak»

Sasoi amaieran taldea utziko duela iragarri du. Hamabi urte egin ditu, eta hura eta kluba eskutik hazi dira. Baina uste du «unea» dela «erronka eta esperientzia berriei heltzeko». Pena du; horregatik utzi du «atea irekia».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Oporretan dago Jon Azkue (Orio, Gipuzkoa, 1994). «Gustura» hartu ditu. Trinkoak izan dira azken asteak, eta, bereziki, azken egunak. Albiste garrantzitsua eman behar zuen: Bidasoa utziko zuela denboraldi amaieran, taldean hamabi urtez aritu ondoren. Eman du berria, eta «lasaitua» hartu du: «Pisua kendu dut gainetik».

Zer moduz zaude?

Pozik nago; nire kirol ibilbidean beste pauso bat emango dut. Baina pozik egoteak ez du esan nahi ez didanik pena ematen hau guztia atzean uzteak; urte asko egin ditut hemen, eta zaila da uztea.

Zergatik hartu duzu erabakia?

Uste dudalako hau dela unea pertsona eta kirolari gisa beste esperientzia bat bizitzeko. Neure buruari beste erronka bat jarri nahi diot: ea zer moduz moldatzen naizen etxetik kanpo.

Zaila izan da erabakia hartzea?

Oso. Klubak bere eskuetan zegoen guztia egin du jarrai nezan, eta zaila izan da ezetz esatea. Hamabi urte egin ditut Bidasoan. 17 urte egin berri zituen ume bat nintzela iritsi nintzen, eta, orain, kapitaina naiz. Nire egoera asko aldatu da, baita klubarena ere; askoz hobea da orain.

Zalantza egin duzu?

Askotan. Egun batean gauza bat pentsatzen nuen, eta hurrengoan, beste bat. Errespetua ematen zidan mugitzeak eta erosotasun eremutik ateratzeak. Baina uste dut kirolari eta pertsona gisa on egingo didala pauso hau emateak. Pena dut hau guztia utziko dudalako, baina ilusioa dut beste aldi bat hasiko dudalako.

Iritzia eskatu diezu ingurukoei?

Bai. Etxean nire antzera zeuden; ez dute besterik ezagutu: Jon Azkue eta Bidasoa elkarrekin; haiek ere triste daude. Baina hasieratik ulertu dute, beren ikuspuntua eman didate, eta garrantzitsuena dena: erabakitzen utzi didate.

Eskubaloiaren inguruko jendeari ere eskatu diozu iritzia?

Kanpoan dabilen jendearekin eta aurretik Bidasoa utzi dutenekin hitz egin dut. Nik hau ezagutu dut; badakit zer dagoen. Baina ez dakit zer dagoen hemendik kanpo. Horregatik hitz egin dut aurretik pauso hau eman dutenekin. Mesedegarria da kanpoan dabiltzanen iritzien eta esperientzien berri izatea.

Animatu egin zaituzte?

Nik hartu behar nuen erabakia. Ezin da esan animatu nautenik; beren bizipenen berri eman didate, eta, orokorrean, pozik daude eman duten pausoarekin. Ona da pausoak ematen jarraitzea. Ez dut ezer galtzeko.

Beldurra duzu?

Erabakia hartu dut, baina atzo arte [asteazkena] ia ez nuen izan denborarik horretaz pentsatzeko; partida pila bat jokatu ditugu. Nire ustez, unea iritsi arte ez naiz oso kontziente izango aldaketaz.

Kauldi Odriozolak esan zuen Bidasoa uzteko orduan kontuan hartu zuela etxetik oso urrun ez joatea. Horregatik joan zen Naonedera (Bretainia), etxetik sei ordura autoan. Zuk oraindik ez duzu esan non jokatuko duzun, baina hori hartu duzu kontuan?

Bai. Oso etxekoia naiz, eta argi nuen ez nuela ikaragarri urruti joan nahi.

Itxuraz, haren aurka jokatuko duzu. Zurrumurruek diote Frantzian jokatuko duzula, Limogesen. Hasi zara frantsesa ikasten?

[Barrez hasi da]. Ez dakit, ez dakit.

Iker Serranok, duela bi urte kapitainaren besokoa pasatu zizunak, aitortu zuen saiatu zela zu eta Kauldi Odriozola konbentzitzen atzerrira joan zintezten, baina alferrikakoa izan zela. Hura ez egotera itxaron duzue joateko?

Iker gu baino lehenago mugitu zen, eta beti esaten zigun beste zerbait probatu behar genuela. Erabakia hartzeko orduan, nik bi gauza jarri ditut balantzan: alde batean, beste talde batera joatea, eta beste esperientzia bat bizitzea; eta beste aldean, zein polita izango zen kapitaina izanda nire kirol ibilbidea luzatzea Bidasoan. Azkenean, aurrenekoak izan du pisu handiagoa.

Iaz Kauldi, eta aurten zu. Zaleren bat urduri egongo da ikusita etxeko jokalari garrantzitsuak taldea uzten ari direla.

Klubak eta taldeak jokalarien gainetik daude. Gu egon garen bezala, atzetik ere badatoz, eta seguru nago urte batzuk barru beste batzuek hartuko dutela gure lekua.

Hala ere, atea «irekia» utzi duzu.

Nik oso argi dut Bidasoa nire etxea dela, eta etorkizunean klubak eta biok nahi badugu, eta aukera badago, plazera izango litzatekeela itzultzea. Bizitzan ez dira inoiz ateak itxi behar, are eta gutxiago etxetzat daukadan klubarena.

Halaxe egin zuen Julen Aginagaldek: Bidasoa utzi, urte askoan punta-puntan aritu, eta erretiroa hartu aurretik etxera itzuli.

Gustatuko litzaidake, baina batzuetan ez da bakarrik batek nahi duena; hainbat faktorek bat egin behar dute. Baina oxala berriro gure bideak elkartzea.

Hamabi sasoi egingo dituzu Bidasoan, eta eskutik hazi zarete taldea eta zu.

Hala izan da; oso polita izan da klubaren eta taldearen gorakada elkarrekin bizitzea. Horri esker hazi naiz ni, eta gora egin dut kirolari gisa. Plazera izan da. Oso eskertuta nago klubari.

Espero zenuen halako bidea egitea?

Inondik ere ez. Imajinatu ere ezin nituen partidak jokatu ditut, eta klub historiko baten kapitain izan naiz. Gaztetan, askotan imajinatu nuen Jon Azkue eskubaloi jokalari profesional gisa, baina inoiz ez nuen imajinatuko halako ibilbide polit eta biribila egingo nuenik.

Zein da oroitzapenik onena?

Lehena, 2013an Hondarribian [Gipuzkoa] jokatu genuen igoera kanporaketako finalerdiarena; lehen aldiz ikusi nuen pabiloi bat beteta. Oso gogoan dut. Bereziena, berriz, 2016an Artalekun jokatu genuen igoerako finalarena da; sekulakoa izan zen han bizi izan genuena, baita ospakizuna ere. Oroitzapen ederra dut duela hiru urte Txapeldunen Ligan Artalekun jokatu genuen Sportingen aurkako partidarena ere.

Zein izan da unerik txarrena?

2015ean Santanderren [Espainia] igoera kanporaketa jokatu eta erdibidean geratu ginenekoa.

Zeinekin gogoratzen zara?

Jende askorekin: lehenbizi, aurreneko egunetik besoak zabalik hartu ninduten guztiekin; Arrate desagertu berri zen, eta ez nuen talderik; asko gogoratzen naiz Asier Zubiriarekin ere [Bidasoa taldeko kapitain izandakoa]; bere etxetik, Usurbildik [Gipuzkoa], Oriora etortzen zen nire bila etxera, eta autoz eramaten ninduen Irunera, eta bueltan ekartzen ninduen; zazpi urte egin genituen horrela: ordu asko dira. Oso eskertuta nago izan ditudan entrenatzaileekin ere, eta, nola ez, zaleekin. Jarraitzaile bereziak ditugu, bakarrak; lehen egunetik azkenera bultzatu naute beti. Artalekun egoten den giroa oso toki gutxitan egoten da, edo inon ez.

Eskatzen hasita, ahalik eta ondoen amaitu nahiko duzu Bidasoako aldia, ezta?

Zalantzarik gabe. Amaiera onena litzateke taldeak azken urteetan egindako lanari eustea eta Europarako sailkatzea; ligan, itxura ona ematea; Europan, final-zortzirenak jokatzea; taldeari hori eskatu behar zaio, eta ederra litzateke lortzea. Errematea emango lioke nire aldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.