«Narrazio arruntetik irteten gara, jendea oso gertu baitago»
Iñigo Asensio Kirol esataria
Orain dela ia bi hamarkada hasi zen Iñigo Asensio (Tolosa, Gipuzkoa, 1985) kirol-esatari lanetan, artean 15 urteko nerabea baino ez zela. Oriako txirrindularitza eskolan ziharduen orduan, eta bertan sortu zitzaion lehen abagunea. «Esatariak aurkitzeko arazoak izaten zituzten maiz. Behin, ez zegoen hutsunea nork bete, eta nik hartu nuen ardura. Nire mailako lasterketan lehiatu ostean, termikoa jantzi, eta mikrofonoa hartu nuen». Bada, geroztik ez du askatu. Ildo ugari jorratu du komunikazioaren alorrean, baina esatari lana bazter utzi gabe. Antolakuntza lanetan dabilen jendearekin egindako harremanak lotu omen du. «Oso lagun onak egin ditut urte hauetan guztietan, eta bizipoza ematen dit haiekin elkartzeak. Niretzat, hori da lanbide honek duen gauzarik politena.
Eta, noski, jardunarekin berarekin ere gozatzen du, kontakizuna «oso dinamikoa» delako. «Kazetaritzako narrazio arruntetik irteten gara. Oso gertu dago jendea, eta, komunikazio aldetik, bestelako erregistro bat erabili behar duzu. Izan ere, etengabe jendearen erreakzioa hartu behar duzu kontuan. Garrantzi handia dute tonuak eta lokuzioak». Hau da, narratzaile hutsak baino gehiago, animatzaileak ere izan ohi dira kirol esatariak, estiloa unean uneko egoerara egokituta. «Batzuetan, umorez zipriztindu behar da kontakizuna, eta beste batzuetan, ez. Tokiz kanpo ez gelditzeko, ondo ezagutu behar dira ekitaldi bakoitzaren xehetasunak. Umorearen ordez, zirrara igorri behar da hainbatetan».
Kirol proba batzuetan, esatariak dira ikusi ezin denaren berri ematen dutenak. Informazio iturri bakarra dira, eta hori «oso polita» begitantzen zaio Asensiori. «Adibidez, arraunean, aurreko txanda batean lehiatutako ontzi bat garaipena lortu duen jakiteko zain dagoenean, zuk zeuk ematen duzu informazio hori. Arraunlariek zuk emandako informazio bakoitzarekin erreakzionatzen dute. Akaso, halako uneei loturikoak dira oroitzapenik onenak». Txirrindularitzan ere antzeko une bat bizi izan zuela gogoratzen du. «2015eko Donostiako Klasikoan izan zen. Lasterketa hankaz gora zegoen, eta neronek esan nion Adam Yatesi bera zela irabazlea. Oso une zirraragarria izan zen nire moduko ziklista frustratu batentzat».
Horietaz landa, beste kirol ugari jorratu izan ditu esatari gisa: atletismoa, triatloia, areto eta hondartza futbola, futbola bera, herri kirolak, pilota... Bada, ekitaldia edozein dela ere, garrantzi handia ematen dio aurretiaz egin beharreko dokumentazio lanari. «Lehiaketa kirola bada, kirolariak, taldeak edo ontziak ezagutu behar dituzu. Palmaresei ere erreparatzen diet: adibidez, faboritoak nortzuk diren jakiteko. Informazioa behar bezala prestatu behar da». Kontu teknikoek ere arduratzen dute. «Soinu ekipoa nork jarriko duen eta non egongo den jakin nahi izaten dut. Eta bestelakoak ere bai: zer musika behar den, DJrik badagoen...».
Lanbidearen bilakaerari dagokionez, lan baldintzek «hobera» egin dutela azaldu du Asensiok. «Lana egin dugu ofizioa duintze aldera, ordaindu beharreko lan bat dela erakutsita. Gaur egun, jendea jakitunago dago esatarien beharraz , eta antolatzaileak profesionalagoak dira». Esatarien kopurua, aldiz, ez omen da asko aldatu. «Orokorrean, oso esatari gutxi gaude oraindik ere. Sasoi batzuetan, ekain partean batez ere, bata besteari deika ibiltzen gara, eta denok egoten gara lanpetuta. Antolatzaileek azken orduko arazoak izaten dituzte esatariak aurkitzeko; garai batean bezala». Asensioren aburuz, egun posible da esatari lana bizibide izatea. «Horri heldu nahi dionak eta lana txukun egiten duenak badauka aukera. Nik, ordea, ez dut soilik esataria izan nahi. Baina merkatua egon, badago».
Iñigo Asensio, Eneko Llanosekin eta Richard Oriberekin.
«Lan hau bizitzeko modu bat da. Beti zabiltza etxetik at»
Juan Mari Guajardo Kirol esataria
Zuzen dabil Asensio: aukera badago esatari lanetik bizitzeko. Bestela, galde diezaiotela Juan Mari Guajardori (Altsasu, Nafarroa, 1975). 1995ean hartu zuen aurrenekoz mikrofonoa, Altsasun jokatu zen Euskadiko ziklo-kroseko txapelketan; eta, geroztik, esatari aritu da buru-belarri. «Nire ibilbidea 1997an hasi zela esan ohi dut, orduan izan bainintzen aurrenekoz Espainiako Vueltan. Geroztik, ez dut urte bakar batean ere huts egin. Gainera, txirrindularitzako munduko bi txapelketatan izan naiz, baita Frantziako Tourreko etapa batean ere».
Bestelako ekitaldiak ere ezagutzen ditu Guajardok: moto-kros lasterketak, estropadak, maratoiak, saskibaloi partidak, gimnasia erritmikoko txapelketak... Edonola ere, batik bat ziklismoko probek betetzen dute haren egutegia. Batetik bestera ibiltzen da, ia etxera itzultzeko betarik gabe. «Iaz, 225 egun inguru pasatu nituen etxetik kanpo. Negu partean, erritmoa jaitsi egiten da, baina gurpil zoroa jada hasi da bira egiten. Mallorcan eta Valentzian izan naiz dagoeneko, eta, hemendik aurrera, probak bata bestearen atzetik kateatuko ditut, urrian denboraldia bukatu arte». Nolanahi dela ere, erritmo horrek ez du itotzen; kontrara, «pribilegiatu» sentitzen da. «Ikaragarri gustatzen zait lan hau, eta bizitzeko modu bat da niretzat. Beti zabiltza etxetik at, eta oporrak ez dira ia existitzen. Baina ongi moldatzen naiz».
Kirolariekin eta zaleekin izaten den aurrez aurreko harremanak gogobete egiten du Guajardo. «Txikia nintzenetik, txirrindularitza izan dut pasio. Beraz, ziklistekin harreman zuzena izatea pribilegioa da niretzat. Eta, horrekin batera, irteeretan eta helmugetan zaleekin sortzen den harremana ere oso berezia da. Giro aparta izaten da, eta asko gozatzen dut, ikusten baitut hor dagoela nire ekarpena». Eta zer egiten du zaleei zirrara kutsatzeko? «Lasterketa hasi aurretik, euren iritziaz galdetzea gustatzen zait; ea nor jotzen duten faboritotzat, eta abar. Eta, gero, datuak eta azalpenak ematen dizkiet. Hala, giroa pixkanaka berotuz joaten zara, eta, azkenean, amaiera festa izatea lortzen duzu».
Haren ustez, hiru ezaugarri nagusi izan behar ditu esatari on batek: «irekia» eta «ahots onekoa» izatea, eta burua«fresko» edukitzea. Prestaketa lanari ere garrantzi handia eman dio; baita sare sozialak erabiltzeari ere. «Orain, sare sozialen bidez jakin dezakezu lasterketa nola doan. Lehen, aldiro lasterketako zuzendariei deika aritu behar zinen. Gainera, zaleekin harremana izateko beste bide bat dugu orain. Aldaketa garrantzitsua da». Bestelakoan, uste du ofizioaren esentziak bere horretan jarraitzen duela.
Juan Mari Guajardo, Ivan Bassorekin.
«Emakumeok gure prismatik ikus eta konta dezakegu kirola»
Arritxu Iribar Kirol esataria
Urte asko dira Arritxu Iribar (Zumaia, Gipuzkoa, 1963) esatari lanetan hasi zela; hainbeste, ezen ez baitu ongi oroitzen zer ekitalditan izan zen. «Oso gazterik hasi nintzen, 16 bat urterekin, herrian bertan. Uste dut atletismo proba bat zela, baina ez nago ziur. Norbait behar zuten sari banaketa egiteko, eta, saltsan nenbilenez, animatu egin nintzen. Baina halako garrantzirik eman gabe. Norbaitek egin behar zuelako egin nuen: ez zen izan bilatutako zerbait».
Halabeharrez hasi zen, baina kontua da aitzindari bilakatu zela. «Ez dakit lehen emakumezko esataria izan nintzen. Hainbeste urte dira... Agian, herri maila izango zen beste kasuren bat. Baina bai, garai hartan salbuespena nintzen. Kirol mundua oso maskulinoa zen, kirol kazetaritzarena ere bai, eta esatariak giro horretan agertzen ziren».
Urte hauetan guztietan, Iribarrek bere alea jarri du joera hori iraultzen saiatzeko. Emakumezkoen ahotsa mota guztietako kirol ekitaldietan ordezkatu du: txirrindularitza lasterketetan, atletismo probetan, estropadetan, pilota eta eskubaloi partidetan... Eta, haren esanetan, sekula ez du zailtasunik topatu emakume izate hutsagatik. «Inoiz ez dut halako arazorik izan. Esatari moduan, behintzat. Hori bai, batzuetan senti dezakezu betegarri moduan zoazela. Gizonezko batekin batera emakumezko bat ere egon dadin, baina ez propio zu nahi zaituztelako». Edonola ere, horren interpretazio baikorra ere egin daiteke. «Antolatzaileek sentsibilizazio handiagoa dute orain, eta ahalegin hori egiten da. Hori ezin daiteke ukatu».
Horiek hala, emakumezkoak pixkanaka esatarien mundura hurbilduz joango direla uste du. «Azken batean, gaur egun, geroz eta emakume gehiago gaude kirolaren inguruan. Egoera normaltzen ari da, eta horrek lan guztietan du eragina». Esatari gisa ekarpen berezia egin dezaketela deritzo. «Beste ikuspegi bat eman dezakegu guk; emakume ikuspegia, hain zuzen. Gauzak beste prisma batetik, beste betaurreko batzuetatik ikusi eta konta ditzakegu. Eta, noski, normaltasunari begira ere, aberasgarria da»,
Edonola ere, uste du zaila dela edozein boluntario lanetarako jendea aurkitzea. Hots, oraindik bada esatari lana borondatez egin behar dela uste duenik, eta hori gaitzetsi egin du Iribarrek. «Batzuek ez dute ulertzen halako lan bat ordaindu beharreko eta garrantzia eman beharreko zerbait denik. Uste dute ez dela ezer kostatzen, lan erraza dela. Eta ez da hala: esatari on batek orduak pasatzen ditu ekitaldiak prestatzen. Eta hori ez da behar beste baloratzen». Are gehiago sakondu du aburu horretan. «Oso garrantzitsua da kirol ekitaldietan esatari on bat egotea, giro ona sortzeko eta jendea motibatzeko. Zaleak proba horretan murgiltzea lortzen dute. Ematen du mikrofonoa hartu eta hitz egitea besterik ez dela, baina uste okerra da hori».
Iribarrentzat, egiten ari dena «bizi» egin behar du esatari on batek. «Kontakizuna pasioz egiten duzunean, jendearen arreta errazago pizten duzu, eta giro berezia sortu». «Showman» rola ere hartu behar omen da batzuetan. «Freskotasuna eta naturaltasuna asko eskertzen du jendeak. Gertutasuna igortzen badiezu, haien esperientzia goitik behera aldatzen da».
Hain zuzen ere, gertutasun hori da, Iribarren ustez, esatari lanaren berezitasun nagusia. «Jendea piztea eta denen artean ondo pasatzea, gozatzea lor dezakezu. Gainera, euskararen normalizazioari dagokionez ere, gure ekarpen txikia egiten dugu. Uste dut oso eginkizun polita dela». Akaso, ez du behar besteko aitortza, baina, halere, pixkanaka «kontzientzia pizten» ari omen da.
Arritxu Iribar, Pello Bilbaorekin.