«Ezetz iruditzen zait, baina urduri nago. Gaur gauean, orduro esnatu naiz», dio Ainhoa Galarragak (Ibarra, Gipuzkoa, 1991). Alaitz Imaz (Hernialde, Gipuzkoa, 1994), Ainara Otamendi (Ibarra, Gipuzkoa, 1992) eta Ainhoa Mazkiaran (Altsasu, Nafarroa, 1971) lasaiago daude, baina badakite etzi gauzak aldatu egingo direla. Ez da harritzekoa, Europako Sega Txapelketan ariko baitira. Eta etxean, gainera. Loiolako zelaietan (Azpeitia) izango da lehia, etzi: gizonezkoak goizean ariko dira (11:30 eta 13:30), eta emakumezkoak, arratsaldez (15:30).
Suitza, Alemania, Austria, Eslovenia eta Hego Tiroleko segalari onenekin neurtuko dituzte indarrak. «Pixka bat ikaratuta gaudela iruditzen zait; oso segalari onak datoz, eta agian egurra emango digute», azaldu du Imazek. Aurkariak ezagutzen dituzte, puntan dabiltzanak bereziki, Interneten haien bideoak ikusi baitituzte. Baina ezin dute konparaziorik egin.
Egunean bertan asmatzea da kontua, eta zorte apur bat izatea. Dena den, suitzar eta austriarren artean egongo da lehia. «Erraztasuna daukate, eta segurantza. Ni ez naiz horrela askatzen», adierazi du Mazkiaranek. Galarragarentzat, «perfekzioa bilatzean» dago gakoa: ezin dute «ezertan» huts egin. «Gure lana egitera joango gara, beste filosofia batekin», dio Otamendik. Baina Bixente Mitxelena, gizonezkoen proban ariko den taldekidea, albotik begira daukate: «Lehen hamarren artean sartu behar duzue! Zuek hobetzen ari zarete, eta haiek gutxi egin dezakete gora». Euskaldunen artean aurrena nor izango den galdetuta, zalantzarik gabe begiratzen diote denek Imazi. «Garaiezina da!», xaxatu du Mazkiaranek.
Europako modalitatean ariko dira: 35 metro koadro azkar eta txukun ebakitzea da helburua, eta belar kiloek ez dute axola. Horretarako, berezko zerbait behar da: bizitasuna. Fisikoa ez da garrantzizkoena. Margrit Fohn suitzarra dute denek buruan, 2011ko txapelduna. «Txapelketa hartan, bere aurretik geratuko ginela uste genuen, baina bai zera!», hasi da Galarraga. «100 kilotik gorako emakumea da, baina saila berehala ebakitzen du», gehitu du Mitxelenak. «Horiena abilezia da!», amaitu du Imazek.
Trebetasuna edo ez, segan ikasi egiten da. Gazterik heldu ziren mundu horretara Galarraga, Otamendi eta Imaz. «Nire amak Joxe Gabirondori esan zion Otamendik eta biok segan ikasi nahi genuela, eta harekin hasi ginen» azaldu du Galarragak, eta Otamendik gehitu: «Baina probatu bakarrik egin nahi genuen; ez zitzaigun burutik pasa txapelketan aritzea!». Imaz horien babesean hasi zen, umetatik gustuko zuen kirolean: «Etxean esaten nuen ikasi nahi nuela, eta erotzat hartzen ninduten. Joxerekin topo egitea zorte handia izan zen niretzat!». Helduagoa zela heldu zen Mazkiaran, berriz: «Sokatirako lagun batekin probatu nuen, 2003an, eta, handik hamabost egunera, Europako txapelketarako sailkapenean ginen. Gero, giroak kateatu ninduen».
Ez da bakarra, ordea. «Hasieran, giroak kateatzen zaitu, eta, pixkanaka, segak berak» dio Otamendik, eta bat dator Galarraga ere: «Teknika dagoela ikusten duzunean, hura hobetu nahiak kateatzen zaitu. Horrela edo bestela jarri, ez da berdina». Belarretan bakarrik entrenatzen dira, bestelako prestaketarik gabe: «Saila hartu, jarri segan, eta segi!», dio Mazkiaranek. Tolosaldekoak normalean batera aritzen dira, baina ordutegiak direla eta, azkenaldian Imaz bakarrik aritu da: «Estrategia prestatzen ariko da, guri aurrea hartzeko», bota du, barrez, Galarragak. Mazkiaran, berriz, Gipuzkoara etortzen da, Altsasu inguruan belarra lehorra baita. Hala ere, badu entrenatzeko toki berezia: «Herrian baditugu larreak, baina haietan ezin da segan egin. Biribilgune batean aritzen gara, toki polita da».
Gogoz iritsi ziren, eta gogoz jarraitzen dute. Eta jendea animatzen dute, nahiz eta baliabide falta ikusi. «Kirol batean aritzeko baliabideak badituzu, probatu egin dezakezu. Hor dago herri kirolen kondena», azaldu du Otamendik, pentsakor. Denek onartzen dute herri kirolen egoera ez dela onena, eta laguntza beharrezkoa dutela, bai zelaiak lortzeko eta bai segak prestatzeko ere. Hala ere, nabari zaie kirola bizi dutela, eta gogotsu daude Europan zehar euskaldunen izena zabaltzeko.
Lehiaz gain, festa
Lehia etzi izango bada ere, gaur hasiko dira ospakizunak: 19:00etan, herrialde guztietako arduradunei harrera egingo diete Azpeitiko udaletxean. Merkatu plazan, berriz, afaltzeko aukera izango da, eta, gero, dantzaldia. Bihar, gaztetxoen Nazioarteko I. Txapelketa izango da (16:00), eta parte hartzaileen kultur erakustaldia (18:00). Gauean, afariak eta erromeria izango dira.
Kirol zaharra, Europara begira
Europako txapelketaren atarian, bertan ariko diren lau segalari elkartu ditu BERRIAk: Alaitz Imaz, Ainara Otamendi, Ainhoa Galarraga eta Ainhoa Mazkiaran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu