Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea

Joxemari Mitxelena: «Kirol Legeak dioena betetzea eta errespetatzea baino ez dugu eskatzen»

Mitxelena ziur da euskal selekzioak parte hartuko duela maiatzaren 31n Gernikan jokatuko den Zesta-puntako Nazioen Ligan, eta uste du posible dela datorren urtean Munduko Txapelketan egotea.

ainara arratibel gascon
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joxemari Mitxelenak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1958) urtarrilaren 25ean hartu zuen Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente kargua, eta bete-betean egokitu zaio selekzioaren ofizialtasunaren gaia kudeatzea. Baikor da, eta argi mintzatu da Espainiako Pilota Federazioak haien eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren aurka Kirola Arbitratzeko Auzitegian jarritako salaketaren inguruan: «Guk gauzak ondo egin ditugu, eta CSDk hala berretsi digu. Gure abokatuek ere ez dute uste gure aurkako sententziarik egongo denik».

Bi hilabete eskas daramatzazu Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente. Nolakoak izan dira?

Egia esan, oso biziak izan dira: lan, bilera, kilometro eta dei askokoak. Lo gutxi egitea ere tokatu izan zaigu batzuetan. Izan ere, askotan hitz egin behar izan dugu Nazioarteko Pilota Federazioko idazkariarekin. Argentinarra da, eta, beraz, harekin hitz egiteko ordurik egokiena goizaldeko ordu batak edo ordu biak izaten dira. 

Selekzioaren ofizialtasunaren gaiak eman dizu lan gehien. Azken asteetan etengabeak izan dira albisteak. Nola dago kontua orain?

Argi eta garbi daukagu: guretzat ofizialak gara. Abenduaren 28an, Iruñean egin zuen bileran, eskubide osoz onartuak izan ginen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan, eta egoera horretan oinarrituta ari gara lanean. 

Espainiako eta Kubako Euskal Pilota Federazioek Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) jo zuten, bilera hura legez kanpokoa izan zela argudiatuz. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren eta zuen aurka salaketa jarri zuten bertan. Zer espero duzue auzi horretaz?

Baikor gara, eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren eskutik goaz. Gure ustez, gauzak ondo egin ziren bilera hartan. Espainiako eta Kubako federazioek ez zuten bozkatu ahal izan, zigortuta zeudelako. Gainera, guk ez genuen bilera hartan parte hartu. Gauza bakarra egin genuen: Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko kide izateko eskaria. Beraz, ez dugu uste TASek horren aurka ezer esan dezakeenik, gure eskubidea baita eskaria egitea. Espainiako Kirol Legeak dioena, hau da, bertan jasotzen diren baldintzak bete egiten ditugu. Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak hala berretsi digu. Guk zera eskatzen dugu, lege hori betetzea eta errespetatzea. Espainiako Kongresuak onartu duen lege bat da, eta besteak bezala bete egin behar da. Gure bi abokatuak, bai hemengoa, bai Suitzan duguna, baikor dira. Ez dute uste gure aurkako sententzia bat egongo denik.

TASen erabakia noizko espero duzue?

Ez dakigu, prozedura luze doalako. Gainera, TASen erabakia gure aldekoa izanda ere, ez dakigu Espainiako Pilota Federazioak gauzak bere horretan utziko dituen, edo justizia arruntera joko duen. Gure aurkakoa bada, guk ere erabaki dezakegu hara jotzea. Hala bada, prozesua luza daiteke, sei hilabete eta urtebete bitartean. Uste dugu erabakia ez dela etorriko maiatza baino lehen [Orduan jokatuko du euskal selekzioak lehen txapelketa ofiziala, Gernikan: Nazioen Liga].

TASen erabakia zuen aurkakoa izanez gero, agian berriro egin beharko litzateke batzarra. Hala bada, nolakoa litzateke egoera?

Egoera hori gerta daiteke, eta ziurra da gu onartzearen alde bozkatu zuten herrialdeek presionatuko dituztela berriro egin ez dezaten. Baina uste dut kontrako jarreraren bide horretan Espainia eta Kuba bakarrik geratzen ari direla. Txilek, adibidez, gu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan sartzearen aurka bozkatu zuen. Baina behin emaitza jakinda, onartu egin du, eta ez dut uste oso gustura egongo denik Espainia eta Kuba egiten ari direnarekin. Gainera, kontuan izan gu izan ginela Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sortzaileetako bat, ez Espainiako Federazioa. Orduan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Espainiako Pilota Konfederazioaren barruan zeuden, Kataluniarekin batera. Haiek sortu zuten, Argentinako eta Frantziako federazioekin batera.

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko presidente Jose Manuel Rodriguez Uribes berak iragan astean adierazi zuen euskal selekzioa lehia daitekeela Nazioarteko Pilota Federazioaren txapelketetan. Pozarren hartuko zenituzten adierazpen horiek, ezta?

Bai, noski. Hirutan egon gara harekin, bitan abokatua eta biok, eta beste batean abokatua bakarrik. Oso ondo hartu izan gaitu, eta, aipatu bezala, beti esan digu egin behar genituenak ondo egin ditugula.

Oso bestelako izan da Javier Conde Espainiako Pilota Federazioko presidentearen jokabidea —Nafarroako Federaziokoa izan zen aurretik—  Julian Garcia Angulo presidente ohiarekin alderatuz jarrera aldaketa bat espero zitekeen arren, ez da halakorik gertatu. Ezustean harrapatu zaitu horrek?

Egia esan, bai; oso ezustean, gainera. Aukeratua izan aurretik beti esaten zuen zubiak eraiki nahi zituela. Baina ez gara zubiekin topatu, baizik eta izugarrizko horma batekin. Horma hori Garcia Angulok jarri zigun. Conderen eskuetan zegoen hura kentzea, baina ez du egin. Mantendu egin du.

«Horma Garcia Angulok jarri zigun, eta Conderen eskuetan zegoen hori kentzea. Baina ez du egin; mantendu egin du»

Esan dizue zergatik egiten duen hori? Nolakoa da harekin harremana?

Esaten digu bera Espainiako Pilota Federazioa defendatzeko dagoela, eta salaketa ondo ikusten duela. Ez gaitu onartzen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko afiliatu gisa. Saiakerak egin dira hark jarreraz aldatzeko, tartean CSDren bidez. Besteak beste, proposatu zitzaion, TASen jarraitzeko asmoari eusten bazioten, izan zedila bitartekaritzaren bidetik, ez arbitratzearen aldetik. Baina ez zuen onartu. Bestalde, Cazaubonen [Xavier, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidentea] beraren aurka salaketa jartzeko mehatxuari eutsi diote, nahiz eta oraingoz ez duten egin. Cazaubonek gure babes osoa du, eta guk, harena. Prozesu honetan guztian babes handia jaso dugu, besteak beste Argentinatik, Frantziatik eta Mexikotik. Guztiek esan digute gurekin daudela, eta aurrera jarraitzeko. Pilota munduan oso herrialde indartsuak dira, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Espainiako pilotari askok ere esan digute guk lehiatzea nahi dutela. Azken batean, gu ofizial izanda, haiek aukera dute Espainiarekin lehiatzeko. 

Hasiera batean kontrakoa zirudien arren, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Espainiakoa erakundetik ez kanporatzea erabaki zuen duela egun batzuk. Zer iruditzen zaizu erabaki hori? 

Ados nago erabakiarekin; uste dut egokia dela. Guri pilota gustatzen zaigu, pilotariek jokatzeko aukera izatea, eta partidak kantxan irabaztea, ez bulegoetan. Maiatzean, Gernikan jokatuko den Zesta-puntako Nazioen Ligan, Euskadiren eta Espainiaren arteko partida bat ikustea gustatuko litzaiguke. Frantziarekin batera, selekziorik onenak gara, eta guk goi mailako partidak ikusi nahi ditugu. Hori da onena zaleentzat. Haiek, ordea, ez dute halakorik nahi. Ezin dute onartu.

Ziur zaudete, beraz, euskal selekzioak Nazioen Ligan parte hartuko duela? 

Bai. Ziur oztopoak egongo direla, baina txapelketa hori, antolatzeaz gain, jokatu egingo dugu. 

Parte hartuko duten puntistak aukeratu al dituzue? 

Aurrez selekzio bat egingo dugu, eta hemendik gutxira hasiko ditugu hautaketa egiteko entrenamenduak. Apiril amaierarako egingo dute hautatzaileek behin betiko zerrenda.

Kritikak jaso zenituzten Nafarroa eta Errioxa GRAVNI txapelketara ez gonbidatzeagatik. Azkenean, gonbidatu egin dituzue. Zer gertatu da hor?

GRAVNI guk antolatzen dugu, eta guk egiten ditugu gonbidapenak. Hasiera batean gonbidatu egin genituen, ez genuen genuelako arazorik espero. Baina Nazioarteko Pilota Federazioak jakinarazi zuen ez zuela Espainiako Federazioko pilotaririk onartuko berak babestuta antolatzen ziren txapelketetan. Egoera horretan zeuden Errioxako eta Nafarroako pilotariak, bertako federazioak Espainiako Federazioaren barruan daudelako. Hori kontuan hartuta, ezin genituen gonbidatu. Bestela, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren agindu bat urratzen ari ginen, eta, hori eginda, arriskua zegoen gu bertatik kanporatuak izateko. Izan ere, lehen urtean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko kide zara, baina behin-behinean. Arau edo aginduren bat urratuz gero, kanporatu egin zaitzakete. Ezin genuen ofizialtasuna arriskuan jarri. Gero, Nazioarteko Federazioak atzera egin zuen, eta horregatik aldatu genuen erabakia.

«GRAVNIren gonbidapenekin ez genuen Nazioarteko Pilota Federazioaren agindua urratu nahi. Ezin genuen ofizialtasuna arriskuan jarri»

Zerekin egiten duzu amets?

Duela denbora bat, gauzak nola zeuden ikusita, ametsa zen 2030ean Bilbon jokatuko den Munduko Txapelketan euskal selekzioa ofiziala izatea, eta bertan jokatzea. Baina orain posible ikusten dugu hori datorren urtean izatea, Argentinan. Horretarako lehen urratsa maiatzean egin dezakegu zesta-puntan, Gernikan jokatuko den Nazioen Liga horretan. Hor lor dezakegu sailkapena. Beste modalitateetan ere berdin gerta daiteke. Salbuespena trinketa da, sailkapena gu ofizial izan aurretik jokatu baitzen, eta ezin izan genuen parte hartu.

Eta pertsonalki nola ari zara bizitzen dena? 

Oso lanpetuta eta ilusio handiz. Okerren pasatzen ari direnak etxekoak dira, batez ere emaztea. Apenas dut haiekin egoteko tarterik, eta nagoenean beti nabil telefonoa eskuan edo deiak erantzuten. Bestalde, egun batetik bestera gauzak aldatu egiten direnez, nahiago dut atzera ez begiratu, eta etorkizunean jarri arreta. 

Lege aldetik bidea korapilatsua izaten ari da; zuzenbideko ikastaro trinko bat egiten ariko zara, ezta?

Bai, egunero bat. Etorkizunean ere hala jarraitu beharko dugu; aipatu bezala, gauzak egunero ari baitira aldatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.