Kirolaria da Igor Esnaola (Legorreta, Gipuzkoa, 1974). Hainbat herri kiroletan aritu izan da urte luzez. Orain hiru egun, Euskadiko Sega Txapelketa irabazi zuen Letzan (Nafarroa), bigarren urtez jarraian, eta, atseden hartzeko denborarik hartu gabe, asteon trontza txapelketari ekingo dio. Dena den, zerbaitegatik ezaguna bada, segan erakutsi duen maila handiarengatik da. Irabaz daitezkeen txapel guztiak irabazi ditu.
Bigarren txapela jarraian; lehenengoaren balio bera al du honek zuretzat?
Iaz lortutakoa izugarria izan zen, eta aurtengoa era hala izan da. Bietan egindako lanarekin gustura geratzea izan da nire helburua,eta lortu dudala uste dut.
Txapelketan parte hartu zenuten lau segalariotatik hiru gipuzkoarrak zineten. Gipuzkoan afizio handiagoa dago ala?
Baietz uste dut. Gipuzkoan bakarrik dagoenik ez nuke esango, nafarren bat ere hor dabilelako, baina uste dut nabarmena dela Gipuzkoan dagoen zaletasun berezi hori. Ez dakit zergatik izango den. Hemen mugitu da urteotan sega mundua, eta beste lurraldeetan agian ez hainbeste.
Gipuzkoako Txapelketaren irabazlea erabakitzeko, berriz, eztabaida egon zen. Txapel bateko irabazlea erabakitzeko helegite eta epaitegiak tartean egoteak ez dio kirolari fabore handirik egiten, ezta?
Inongo mesederik ez. Uste dut afera horretan epaileek egin zutela hutsa. Baina okerrak aritzen denak egiten ditu. Hutsegiteak egon dira, baina nik uste dut kasu hau nahiko garbi dagoela jada.
Sega ezinbestean Euskal Herriarekin erlazionatzen dugun arren, etxetik kanpo ere maila oso handia da ezta?
Nazioartean Euskal Herrian baino maila handiagoa dagoela esango nuke. Iruditzen zait garai batean aizkoran Australiarekin gertatu zen bezala gertatu zaigula. Uste genuen hemen bakarrik egiten zela aizkoran, eta gero kanpoan lehiatzerakoan izugarrizko jipoiak jaso genituen. Segarekin berdin. Herrialderen bat nabarmentzekotan Suitza jarriko nuke puntan. Belaunaldi gaztea dabil han lehiatzen.
Gazteei buruz ari zarela, zer behar du segak Euskal Herrian gazteak erakartzeko?
Ez dakit. Horretan buru-belarri aritu arren, kirol honek badaramatza urte batzuk jende berria nola erakarri asmatu ezinik. Tartean animatzen da bat edo beste, baina zaila da. Probatzen duenari gustatu egiten zaio, baino gero jarraitzeak ahalegin handia eskatzen du.
Segan aritu nahi duenak zer prestaketa egin eta zein ezaugarri behar ditu?
Lehenik eta behin, gogoa. Gustuko izatea, ezinbestean. Kirol honetan ez dago ezer, gastua besterik. Gogorra da berez, eta gogorik gabe aurrera eramateko ezinezkoa. Fisikoki ere izugarrizko prestaketa eskatzen du, ia eliteko beste edozein kirolarirena esango nuke. Afizio guztiek duten ero puntu hori ere behar da.
Ordubete belarra mozten aritzeak, gorputzari bakarrik ez, buruari ere asko exijituko dio.
Bai. Burua ere asko nekatzen da. Sufritzeko gaitasuna behar da. Burua berotzen bada, zaila da gorputzak horri buelta ematea. Buru indarra ere behar da, eta askotan zaila da. Proba nola doan ere funtsezkoa da, ez da berdina aurretik edo atzetik joatea. Eta gero, bakoitzaren izaera, noski.
Dena ez da, baina, segalariaren prestaketa izango ezta? Zorteak ere izango du zer ikusirik? Belarraren egoera, belardiaren ezaugarriak...
Bai, eta nazioartean are gehiago. Oso lan laburrak dira. Han prestaketaz gain, zortea ere faktore oso garrantzitsua da. Aurrena egin egin behar du segalariak, noski, baino zorterik gabe ez doa inora.
Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu segari?
Iaztik hasita ikusi ditut hiruzpalau gazte, eta, horiekin batera,ikusleen artean ere hainbat daude. Horrek poza ematen dit. Baina ez dakit aurrera begira zenbatek jarraituko duten eta etorkizunak zer ekarriko duen. Segan arituko denik egongo dela pentsatu nahi dut behintzat.
Orain puntan egonda, urrun ikusten duzu amaiera? Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu herri kirolen munduan?
Ez dut pentsatu bihar, hurrengo urtean edonoiz utziko dudan. Normalean, udaberria iristean erabakitzen dugu jarraitu edo ez jarraitu. Aurten oso gustura ibili naiz, baina batek daki hemendik urtebetera zein gogo izango dudan. Badut denbora horretan pentsatzeko.
Igor Esnaola. Euskadiko Sega Txapelduna
«Kirol honetan ez dago ezer, gastua baino ez»
Finaletan egindako lanak gehiago bete du Euskadi eta Gipuzkoako txapelak irabazteak baino. Hala ere, badu buruhauste bat: ez du segarekiko gogorik ikusten gazteengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu