Athletismoa

Kipchogek bi orduan baino gutxiagoan egin du maratoia

1:59:40 denboran amaitu ditu 42,195 kilometro. Dena prestatuta bezala egin ostean, erbiak baztertu eta bakarrik egin ditu azken 500 metroak. Zaleei keinuak egiteko astia ere izan du. Ez da marka ofiziala izango.

2019ko urriaren 12a
15:33
Entzun

Eliud Kipchogek (Kapsisiywa, Kenya, 1984) Vienan jarri du marka berria. Dena neurtua zuten, eta neurtu bezala egin ditu. Bi ordu baino hogei segundo gutxiago behar izan ditu. Bera, erbiak eta antolatzaileak pozak zoratzen izan dira.

Gaurko saioa ez da ofiziala izan. Ineos Erresuma Batuko enpresa multinazionalak neurrira prestatu dio ahalegina. Vienako Prater parkean egin du erronka, ibilbide ezin aproposagoan. Izan ere, lau itzuli pasatxo eman dizkio 9,6 kilometroko zirkuitu lauari. Hori gutxi ez, eta zuzen egin ditu kilometro ia guztiak. Horretarako, joan-etorrian aritu da 4,3 kilometroko zuzengune batean. Bi muturretan biribilgune bana dago, eta horiek ere egokitu egin dituzte, desnibela gutxitzeko. 41 erbiren laguntza ere izan du, guztiak punta-puntako atletak: Selemon Barega etiopiarra, Jonathan Korir herrikidea, Ronald Musagala eta Jacob Kiplimo ugandarrak eta Ingebrigtsen Norvegiako anaiak, besteak beste. Horiek guztiek behar duen erritmoa jarri diote Kipchogeri, baita kenyarra haize kontra aritzea eragotzi ere. Horrez gain, auto elektriko bat izan dute aurretik, une oro denboraren berri emateko, erritmo aproposa zehazteko eta haizearen kontrako babes izateko.

Bigarren ahalegina zuen gaurkoa. 2017ko maiatzaren 5ean egin zuen lehena. Kipchoge, Lelisa Desisa etiopiarra eta Zersenay Tadese eritrearra aritu ziren egun horretan Monzako (Italia) 1 Formula zirkuituan, Nike AEBetako kirol arropa enpresak babestutako ahaleginean. Ustela izan zen saiakera. 25 segundorengatik ez zuen lortu helburua Kipchogek. Saiakera ez zen izan ofiziala, ez zirelako bete baldintzak IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioak marka ontzat eman zezan. Besteak beste, erbiak aldatu zizkioten hamar kilometroan behin, bi ordutik beherako marka egiteko beharrezko erritmoa zeraman auto bat jarri zioten aurretik, zirkuituko bihurguneen pendiza aldekoa zuen, eta epaile eta kronometratzaile ofizialik ere ez zegoen. Hala ere, marka ofiziala izan ez arren, sekulakoa egin zuen kenyarrak: batez beste 2.51n egin zuen kilometro bakoitza. 2.50ean egitea zen helburua.

Kipchogek joan den maiatzean eman zuen bigarren saioa egiteko asmoen berri, Londresko maratoia laugarren aldiz irabazi berritan. Ordutik ez da lehiatu. Etxean aritu da buru-belarri erronka prestatzen, Kaptagateko kanpalekuan, Eldoreten, Kenyako atletismoaren sehaskan. Aho bete hortz utzi ditu haren entrenamenduak ikusi dituzten guztiak.

Kipchogek denbora darama kronometroarekin soilik lehian. Aspaldi geratu zen aurkaririk gabe. Datu batek laburbiltzen du ondoen kenyarrak maratoian darabilen nagusitasuna: hamabi aldiz lehiatu da, eta, batean izan ezik —bigarren izan zen 2013an, Berlinen, Wilson Kipsang herrikidearen atzetik—, guztietan gailendu da. Sei urte daramatza diziplina horretan dena irabazten. Eta ez ditu aurkari benetan indartsuak izan. Azken urteetatik hona maratoiak duen urrezko aldiak hauspotuta, makina bat atleta bikain dabil jo eta su iraupeneko lasterketa nagusian; horietatik batzuk, pistan irabaz daitekeen guztia irabazitakoak: Kenenisa Bekele etiopiarra eta Mo Farah britainiarra, besteak beste. Guztiak makurrarazi ditu. Baina irabazi bakarrik ez, kronometroa ere txikitu du. Hala, munduko marka lortu zuen iazko irailaren 16an, Berlinen: 2.01.39.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.