Korritu dituen hamalau maratoi ofizialetatik hamabi irabazi ditu Eliud Kipchogek (Kapsisiywa, Kenya, 1984). Garaipen horien artean daude 2016an Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako urrea, edo Tokioko Jokoen aurreko azkeneko maratoia, Twentekoa (Herbehereak). Distantziako inoizko markarik onena ere harena da (2.01.39), eta, ofizialki denbora onartuta ez badago ere, maratoiko 42 kilometro eta 195 metroak bi ordutik behera egin dituen atleta bakarra da: 1.59.40. Gauzak hala, pentsa liteke ez duela aurkaririk izango Tokioko Jokoetan. Iraitz Arrospide atletak (Villabona, Gipuzkoa, 1988), baina, ez du uste Kipchogek «erraz» irabaziko duenik: «Faborito nagusia dela ez dago zalantzarik. Hain faborito da, gainontzeko korrikalari ia guztiak bere aurka izango ditu. Momentu askotan beste atletek lasterketa kontrolatzeko erantzukizuna Kipchogeri utziko diote, eta, egoera horretan, lasterketa erabat kontrolpean izatea ez da erraza izango». Urrea irabaziko balu, Abebe Bikila etiopiarrarekin eta Waldermar Cierpinski alemaniarrarekin berdinduko luke: bi horiek dira Olinpiar Jokoen historian, maratoian, bi aldiz urrea irabazi duten bakarrak. Gainera, Kipchogek egin dezakeen bezala, bitan jarraian egin zuten: Bikilak, 1960an, Erroman, eta 1964an, Tokion; Cierpinskik, berriz, 1976an, Montrealen, eta 1980an, Moskun.
Beste behin, afrikarrak dira maratoia irabazteko hautagai nagusiak, baina ez bakarrak. «Hasiera batean, kenyarrak eta etiopiarrak dira azkarrenak. Kipchogerekin batera, Shura Kitata eta Lelisa Desisa etiopiarrak aipatuko nituzke. Afrikarretatik kanpo, Suguru Osako japoniarrak etxean lan ona egin dezakeela uste dut: distantzia motzetan oso azkarra da». Beste bi atleten izenak ere gehitu ditu: «Galen Rupp estatubatuarra kontuan hartzeko atleta da [brontzea irabazi zuen Rion] eta Callum Hawkins britainiarrak erakutsi du txapelketa garrantzitsuetan maila ona ematen dakiela. Afrikarrei itzala egiteko gai izan daitezke».
Hutsune handi bat ere badu Tokioko maratoiak: Kenenisa Bekele. Azken urteetan Kipchogek izan duen aurkari indartsuena izan da: «Pena da Bekele Tokion ez egotea. Kipchoge baino irregularragoa den arren, erakutsi du maila horretan egon daitekeela. Gogotsu geunden bi hauen arteko beste borroka bat ikusteko, baina ez da posible izango».
Berlin eta Londres izan ohi dira marka ahaleginak egiteko plazarik onenak. Hain zuzen, Kipchogek Alemaniako hiriburuan ezarri zuen 2018an indarrean dagoen munduko marka. Rioko Jokoetan, urrea lortzeko, Berlinenbaino zazpi minutu eta 25 segundo gehiago behar izan zituen. Arrospidek dio txapelketako maratoiak, normalean, Berlingoarekin edo Londresekoarekin alderatuta, «motelak» direla: «Maratoi horietan helburua ahalik eta markarik onena egitea da, eta erbiak erabiltzen dituzte. Erbi horiei esker, lasterketak, hasieratik, oso bizkorrak dira. Txapelketetan, aldiz, ez daude erbi lanak egiten dituzten atletak, eta korrikalariek ez dute hasieratik erantzukizuna hartu nahi izaten. Motelagoak izan ohi dira, eta aldi berean, lehiatuagoak».
Lehen erdi mantsoa eta bigarren zati azkarra aurreikusi du: «Irabazleak 2.05.00 eta 2.08.00 arteko denbora egin lezake. Atleta hauentzat nahiko erraza da marka horietan aritzea. Zenbat eta lasterketa motelagoa, orduan eta lehiatuagoa. Azken hamar kilometroetan sartuta lasterketa buruan taldetxo bat baldin badago, edozeinek izan dezake irabazteko aukera. Kipchogeri justu kontrakoa komeni zaio: lasterketa hasieratik gogortzea, beste atletaren batek erbi lanak egitea, multzo handi bat ez egoteko. Izan ere, azken kilometroak taldean egiten badituzte, erritmo aldaketa guztiak kontrolatzeko ardura nagusia bere gain hartu beharko du».
Sapporoko parkean
Muturreko tenperaturak saihestu asmoz, Tokio hiriburutik Japonia iparraldean dagoen Sapporo hirira lekualdatu zuten antolatzaileek maratoia. Sapporoko Odori parkean hiru itzuliko zirkuitua izango dute korrikalariek: «Txapelketa izanik, eta markak hain garrantzitsuak ez direla jakinda, zirkuituak garrantzia apur bat galtzen du. Ez dut uste gogorregia izango denik. Ikusiko dugu baldintza meteorologikoek ere zenbateraino baldintza dezaketen lasterketa; zirkuitua bera baino garrantzitsuagoa izan daitezke».
Baldintza batzuetan edo besteetan, aurreratzean ere Kipchoge izango da hautagai nagusi. Hala ere, urte batzuk atzera ez bezala, kenyarrak erakutsi du ez dela menderaezina: «2020ko Londresko maratoian hala gertatu zen. Egia da, aurkariek aurrerapauso bat eman baino gehiago, berak huts egin zuela. Hori gertatu aurretik, bazirudien robot bat zela, ez zuelako egun txarrik izaten. Lasterketa lehiatua izango dela uste dut, eta iruditzen zait ez duela erraz irabaziko. Agian, ez dago bere ibilbideko momenturik onenean, baina sasoi onean iristen bada, eta hala izango dela iruditzen zait, oso zaila izango da hari irabaztea».
Sentsazioek ez ezik, emaitzek ere hori erakusten dute. Azken zortzi urteetan bi maratoitan baino ez du kale egin: 2013an bigarren izan zen Berlinen, eta iaz, Londresen, zortzigarren. Guztiak Kipchogeren aurka. Bihar, 07:00etatik aurrera, Japoniako orduan (gauerdia Euskal Herrian).
Tokio 2020. ATLETISMOA
KIPCHOGEK AUKERA EMATEN BADU
Kenyarra da maratoia irabazteko hautagai nagusia. Iraitz Arrospidek uste du, txapelketa bat izanik, lasterketa «motela» izango dela. Gaur gauerdian korrituko da, Sapporon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu