Kinka larrian dago Euskadi fundazioa

Euskalteleko ziklistek ez dute kobratu azaroko nomina, eta ibilgailuak salduta hartu nahi du arnasa fundazioak

Erredakzioa
Donostia
2012ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Uste baino gehiago ari da aldrebesten Euskadi fundazioaren eta Basque Pro Cycling Team egitura berriaren arteko harremana. Igor Gonzalez de Galdeano buru duela, indarberrituta jaio da Euskaltelen proiektu berria, baina arnasestuka geratu da Miguel Madariagaren urte luzeotako proiektua: Euskadi fundazioa. Igandero Euskadi Irratian izan ohi duen tartean jakinarazi zuen Madariagak albistea: «Kinka larrian dago Euskadi fundazioa». Txirrindulariek eta gainerako langileek ez dituzte kobratu oraindik azaroko nominak, eta, akordiorik ezean, nekez jasoko dute abendukoa ere —abenduaren 31ra arte, Euskadi fundazioari dagokio langileen nominak ordaintzea—. «857.902 euro da bi hilabeteetako soldaten kostua». Eta 938.000 euro lortuko lituzke fundazioak ibilgailuak salduta —lau autobus, kamioi bat eta roulotte bat—.

Madariaga buru duen proiektua aspalditik ari zen abisuka iraun nahi bazuten Euskaltel enpresarekin akordioren bat lortu beharra zeukatela. Autobusak eta azpiegitura saltzea zen «bide bakarra», baina behin betiko akordiorik lortu ezinik dabiltza. Bi aldeek atzo egin zuten lehen bilera, eta, ondo bidean, gaur askatuko dute korapiloa. «Euskaltelek eta inguru guztiak jabetu beharko luke zergatik dauden nominak ordaindu gabe», zehaztu zuen Madariagak, bilera egin bezperan. «Arazoa ez da nirea bakarrik, arazoa denona da. Euskaltelen esku dago irtenbidea». Aurten, 1,3 milioi euro pasatxo murriztu zaio aurrekontua Euskadi fundazioari.

World Tourrean, 2016ra arte

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko (UCI) Lizentzien Batzordeak atzo jakinarazi zuen 2013an zein talde ariko diren World Tourrean, eta tartean izango da Euskaltel ere. 2013tik 2016ra arteko lizentzia eskuratu du talde laranjak. Katuxa, berriz, kanpoan geratu da, ezustean. Argos-Shimano, FDJ, Lotto-Belisol eta Saxo Bank-Tinkoff taldeek eskuratu dituzte azken lau lizentziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.