Negu gorria amaitzen hasia da Alavesentzat. Edo hori dirudi, Eduardo Coudeten agindupean taldeak izaniko bilakaera ikusita. Ligan bost partida zuzendu ditu teknikari argentinarrak orain arte, eta horietatik bakarra galdu du Alavesek. Mendizorrotzan izan zen, duela bi jardunaldi, Gironaren aurka. Irabazteko moduko neurketa egin arren, azken unean punturik gabe gelditu zen Arabako taldea (0-1). Oso kolpe mingarria hartu zuen, eta garaipenik gabeko zazpigarren partida lotu. Hori aski ez, eta jaitsiera postuetan ekin zion Betisen kontrako partidari. Bada, Benito Villamarinen Coudeten aroko lehen garaipena lortu zuten gasteiztarrek. Irabazita, balioa eman zieten teknikari berriarekin lortutako hiru berdinketei, eta puntuz mamitu zuten azken partidetan izandako hobekuntza.
Antzeko jokamoldea
Ñabardura txikiak
Denboraldia hasita hartu zuen taldea Coudetek, eta eskura dituen jokalariak ez ditu berak aukeratu. Hori horrela, zentzuzko apustua egin du: aurrez Luis Garcia Plazak egindakoa eraitsi ordez, zenbait ukitu eman dizkio. Estilo oso zehatza du Coudetek, baina ez du goitik behera ezarri orain arte. Nahiago izan du jokamoldea taldearen ezaugarrietara egokitu. Orain, Alavesek garrantzi handiagoa ematen dio baloi jabetzari, baina, lehen bezala, kontraerasoan moldatzen da ondoen. Hegaletan jokoa sakondu, eta erdiraketen bidez aurkaria astindu; arabarren esentzia ez da aldatu.
Haatik, betiko formulari etekin handiagoa ari zaizkio ateratzen orain. Horren erakusgarri da gol kopurua. Garcia Plazarekin, 16 gol sartu zituen 15 partidatan; Coudetekin, berriz, zortzi bider zulatu du atea haren aginduetara jokatutako lehen bost partidetan. Hots, batez besteko kopurua ia 0,6 handitu da. Arrazoietako bat, aurkariari presio egiteko modua izan daiteke, aurkariak estu hartzea baita Coudeten printzipioetako bat. Baloia gorago berreskuratuta, gertuago dago aurkarien atea.
Golak turrustan
Kike Garciaren inspirazioa
Azkenaldiko gol kopuruak, dena den, Kike Garciarekin du zerikusirik handiena. Beti lan eskerga egiten du aurrelari gisa, eta Coudetekin, maisuki dabil ate aurrean. Argentinarra iritsi arte, soilik hiru gol zituen sartuak sasoi honetan. Bada, zazpi sartu ditu Coudet iritsi zenetik: bost Ligan eta bi Kopan, Mineraren aurka. Sadarren bi gol sartu zizkion Osasunari, eta hiru ere izango ziren epaileak bat baliogabetu izan ez balio. Betisen kontra, ordea, etxera eraman zuen baloia. Hiru bider astindu zituen sareak, goi mailako erremateak eginda.
Hiru gol horietatik bitan, Carlos Vicenteren oinetatik iritsi zitzaion baloia. Hegalekoa funtsezkoa da Alavesen erasoko jokoan; hainbeste, ezen orain arte minutu gehien jokatu duen jokalaria baita. Partida bakarra galdu du orain arte, eta guztietan titular gisa aritu da. Gozakaitz aritu da luzaroan, taldearen ezinak kutsatuta. Harik eta Coudet iritsi den arte: goleko lau pase eman ditu jada argentinarraren esanetara, eta bost izango ziren Conechnyri Gironaren aurka eman zion oparia ezerezean gelditu izan ez balitz.
Hutsak defentsan
Fitxaketak suspertzeko ardura
Baloiaren jiran taldea geroz eta erosoago sentiarazi nahi du Coudetek. Horrekin batera, defentsako egitura sendotzea du lehentasun. Alde horretatik, arabarrek urrats garrantzitsua egin zuten Betisen zelaian. Abqarrek huts larria egin zuen, baina Owonok konpondu zuen gero. Valentziaren aurka, ordea, makal aritu zen atezaina, eta haren hutsek garaipenik gabe utzi zuten taldea. Gironaren kontra, berriz, Diarrak azken orduan kale egin zuen, eta, hala, punturik gabe geratu zen Alaves. Hutsegiteak garesti ordaindu ditu, alegia.
Udan Gasteizera iritsi ziren jokalarietako bat da Diarra, eta ezinbesteko bilakatu du Coudetek, fisikoki duen ahalmenagatik. Hain justu, jokalari berrien maila hobetzea da Coudeten erronka nagusietako bat. Orain arte, Mouriño, Carlos Martin eta Jordan dira gutxienekora iritsi diren bakarrak. Diarra hobera doa, baina Toni Martinez eta Villalibre desagertuta daude, Conechny ez da denboraldiaurreko berbera, eta Manu Sanchezek zalantza asko piztu du defentsan. Hugo Novoa, berriz, lesioz lesio dabil.
Taldeko ikurretako batzuk ere ez dabiltza nahi bezain fin: Abqar eta Gebara, esaterako. Haien bertsiorik onena berreskuratzen saiatuko da Coudet, taldeari putzutik urruntzen lagun diezaioten. Teknikariak oraindik ez du irabazi etxean; aukera ona izango du hurrengo partidetan, Alavesek Celta, Getafe eta Espanyol hartuko baititu.