Ziortza Villa

Kilometroak egiteko grina

Ultramaratoi modalitateko txirrindularia da Ziortza Villa bizkaitarra. Azken urteetan lautan izan da Europako txapeldun. Aurten, bosgarren izan da Munduko Txapelketan, eta urtetik urtera hobetzea du xede. Gorputza muturrera darama.

ZIORTZA VILLAR.
pettan uralde
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ziortza Villa txirrindulariari (Durango, Bizkaia, 1983) betidanik gustatu izan zaio txirrindularitza, baina, denboraren poderioz, iraupen luzeko probetan hobeto aritzen zela konturatu zen. Aurten, Europako txapeldun izan da laugarren aldiz, eta bosgarren postua lortu du Munduko Txapelketan. Muturrera eramaten du gorputza proba bakoitzean, eta bizikleta gainean bildutako esperientziak «sendotu» egin du pertsona gisa. Zalantzarik gabe, bihotzez maite du bizikleta.

Txikitatik ibili izan da bizikletan, eta ez zuen huts egin ultramaratoia aukeratu zuenean. Denborak arrazoia eman dio. «Lasterketetan, zenbat eta distantzia handiagoa, orduan eta hobeto moldatzen nintzen. Urteak pasatu ahala, gero eta erosoago sentitzen nintzen distantzia luzeetan. Hori ikusita, zenbait probatan parte hartzen hasi, eta emaitza onak lortu nituen. Beti esaten dut ultramaratoia ez dudala nik bilatu, baizik eta modalitate horrek aurkitu nauela ni».

Normalean, 12 eta 24 orduko probetan aritzen da, eta, jendeak erokeria hutsa dela pentsatu badezake ere, normal-normal darama hark. «Beti esaten dut zentzu handia dagoela erokeria honetan. Gaitasun asko hobetzera eramaten zaitu».

Lasterketa luze bat prestatzeko, hainbat ezaugarri landu behar dira. 24 orduko lasterketa bat egiteko bizikleta gainean —600 kilometro inguruko ibilbide bat—, ez da nahikoa fisikoki ondo egotea. Kontuan hartu behar dira gauean bizikletan aritzeko gaitasuna, ongi jan eta ongi hidratatuta egotekoa, eguraldiari moldatzekoa, esfortzua kudeatzekoa...«Gaitasun horiek banan-banan lantzen ditugu».

Nola ez, ondo egiten den lanak fruituak ematen ditu. Villa lau alditan izan da Munduko Txapelketan. Seigarren izan zen 2017an, laugarren 2018 eta 2019an, eta bosgarren 2022an. Bereziki gogorra egiten zaio azken proba hori, baina maila goreneko kirolariekin lehiatzea «izugarria» da harentzat, eta pozik dago. «Kaliforniako basamortu batean egiten da 24 orduko proba hori, eta, bi urteren ondoren, gogoz nengoen hara joateko.

Europako zirkuituetan hobeto moldatzen da, eta laugarren aldiz irabazi du Europako Txapelketa. Jada normala egiten zaion arren, balio handia ematen dio Europako Txapelketan lortutako emaitzari. «Europan bidaiak laburragoak dira, eta, eguraldi aldetik, errazagoak dira probak. Moldatzeko, zirkuitu batzuetan behin baina gehiagotan izan naiz. Aurten, helburu argietako bat zen txapelketa hau irabaztea, eta oso pozik nago lortzeagatik».

Iraupen kirol gehienetan bezala, adina oso faktore garrantzitsua izaten da ultramaratoian ere. Zenbat eta esperientzia handiagoa izan, orduan eta garatuago daude gaitasunak, eta, urteekin, emaitzak hobetuz joaten dira. Gaitasun horietako bat arlo psikologikoari dagokio. Villak garrantzia handia ematen dio horri, eta, fisikoa bezalaxe, kontuan hartzeko arlo bat dela azpimarratu du. «Bakarkako kiroletan, ardura guztia zurea da. Gaitasun fisikoak oso garrantzitsuak dira, eta horiek entrenatu egiten dira. Baina gaitasun psikologikoak ezinbestekoak dira, eta horiek ere entrenatu egiten dira. Beti esaten dut bien arteko orekari eustea oso garrantzitsua dela nire kirolean. Azkenengo urteetan, kontzentrazioa hobetzen saiatu naiz, eta ikusi dut erabateko erlazioa dagoela emaitzen eta kontzentrazioaren artean».

Gaur egun, ezin du bizikletatik bizi, eta beste lan bat ere badu. Hala ere, babesleei esker aukera du lehiaketa guztietan parte hartzeko, eta «asko» eskertzen du hori. Helburua ez da dirua irabaztea, pasioz eta bihotzez aritzen baita kirolean: «Motibazioa norberarekin doa. Gauzak nahi bezala ateratzen direnean, hor irautendu, baina gauzak ondo ateratzen ez direnean ere hor egon behar du. Benetansentitu behar da egiten den hori».

Villak lehiaketako egutegi finko bat dauka, baina ez ditu bestelako erronkak baztertzen. 2018an, Donejakue bideko emakumeen errekorra gainditu zuen, 34 orduan osatu baitzuen, eta aurten, Julian Sanz txirrindulariarekin batera, Frantziako Tourreko garaikurra Paristik Bilbora eraman zuen. «Erronka berriak bilatzea gustatzen zait. Donejakue bidekoa benetan polita izan zen, neure buruaren kontra eta ibilbide historiko baten aurka egin nuelako. Tourreko erronka izugarria izan da, eta sekulako ohorea ere bai. Gai izan ginen mila kilometro pasatxo egiteko 48 ordu baino gutxiagoan. Esperientzia ederra izan zen, berdintasunean egin genuelako, eta sinbolikoki oso berezia izan zelako».

«Aitortza jaso dugu»

Etorkizuna beti «baikor» ikusten du, eta pozik dago ultramaratoiak duen bilakaerarekin. «Egia da kirol minoritarioa dela, baina nabariak dira azken urteetan Europan gertatzen ari diren aldaketak. Gero eta jarraitzaile gehiago daude. Gainera, mutilak eta neskak batera lehiatzen gara, eta horrek ikusgaitasun handiagoa ematen digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.