Kike Solak bost denboraldirako kontratua sinatu du Athleticekin

Osasunako aurrelari ohia pozik azaldu da fitxaketarekin, «familia bat utzi eta beste batera» doalako

Julen Etxeberria.
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Egun batzuk ziren Osasunak eta Athleticek Kike Solaren fitxaketa adostu zutenetik. Miguel Artxanko Iruñeko taldeko presidenteak berak baieztatu zuen astelehenean talde zuri-gorriak lau milioi eurotik gora ordainduko ziela aurrelari nafarraren truke. Josu Urrutiak, hala ere, ezer itxita ez zegoela esan zuen herenegun, Xabi Etxeitaren aurkezpenean. Dena sinatuta egon arte ez zuela ezer baieztatuko azpimarratu zuen. Bada, dena sinatuta dago jada, Athleticek eta Osasunak atzo arratsaldean egin baitzuten ofizial akordioa. Kike Solak hurrengo bost denboraldietan jokatuko du talde zuri-gorrian, eta 30 milioi euroko etete klausula izango du. Datorren astelehenean aurkeztuko dute Ibaigane jauregian, jokalaria eztei bidaiatik itzuli bezain laster.

«Oso pozik nago, eta ilusio handiarekin. Asko hausnartutako erabakia izan da hartu dudana. Uste dut erabaki ona dela alde guztientzat, Osasuna, Athletic zein niretzat. Datorren astean esango diot agur nire Osasunako familiari, eta nire beste familiara itzuliko naiz, Athleticera. Beti esan dut futbolean bi familia ditudala, Osasuna eta Athletic, eta horrek hala izaten jarraituko du», esan zuen Solak sare sozialetan bere fitxaketa ofizial egin ondoren.

Helburu guztiak beteta

Solaren fitxaketarekin, Athleticek begiz jota zituen guztiak bereganatu ditu. Aulkirako Ernesto Valverde nahi zuen, eta lortu du. Eta jokalariei dagokienez, Beñat Etxebarria, Mikel Balentziaga, Xabi Etxeita eta Kike Sola nahi zituen, eta guztiek jantziko dute datorren sasoian elastiko zuri-gorria. Ez dirudi beste fitxaketarik egingo duenik. Bai, ordea, Osasunak, lehena, Solaren ordezko bat. Oriol Riera Alcorconeko aurrelari kataluniarra da hautagai nagusia. Hemezortzi gol sartu ditu sasoi honetan. Solaren truke jasotako diruarekin errazago izango da hura fitxatzea.

Bestalde, Alavesek Unai Medina eskuin hegaleko atzelaria fitxatu du urtebeterako. 23 urte ditu, eta Barakaldon jokatu du azken sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.