Kezkatzen hastekoa

Lehen zatian ederki ibili eta partidan bi bider aurreratu arren, Realak ez du puntu bakar bat ere lortu Sevillaren aurkaBi korner eta galdutako baloi bat baliatu dituzte andaluziarrek irabazteko

Xabier Lopetegi.
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herritik kanpo Realak laudorioak jasotzen dituenean, badaude motiboak kezkatzeko. Ezusteko nagusia dela, ondo jokatzen duela, jokalari ikusgarriak dauzkala… Egia da, neurri batean behintzat. Atzo ikusi ahal izan zen. Baina taldearen ahultasuna ahazten zaie. Edo ahazten dute, nahita. Partidan aurreratu zen, beste behin. Bitan gainera. Estu hartu zuen Sevilla tarteka. Baina esku hutsik gelditu zen. Atleticoren aurka bezala. Europan jokatuko luke datorren urtean Realak joko horren pareko sendotasuna erakutsiko balu, baina ez du lortzen. Erraztasunak ematen dizkie aurkariei lehian sartzeko. Ez ditu partidak erabakitzen. Eta gabezia hori konpontzen ez duen taldea, Lehen Mailan, sufritzera derrigortuta dago.

Zale eta kazetarien usteak bertan behera utzi zituen beste behin Martin Lasartek. Sumatzen zen Mikel Gonzalezek De la Bellaren ordez joka zezakeela, baina inork gutxik espero zuen Elustondo eta, batez ere, Sutil, hasierako hamaikakoan aritzea. Andaluziarrek saltsa piztu du aste honetan bere adierazpenekin: ez jokatzea etsipen handia izango zela, eta Realera ordezko izatera etorri ez dela esan zuen. Zigortu beharrean, ordea, konfiantza eman zion entrenatzaileak. Sobera bete zituen helburuak Lasartek aldaketekin, Sevillaren hegalak indargabetzeaz gain, joko zein intentsitate maila ezin hobeak erakutsi zituelako Realak lehen zatian, askoz ere aurrekontu handiago duen aurkari batekin.

Lehia ez zen ikusgarriegia izan lehen minutuetan. Oso metro gutxitan jokatu zen, defentsa aurreratuen eraginez, baina Realak dezente behartu zuen Sevilla hegaletara bidalitako baloi luzeekin eta goian egindako presio oldarkorrarekin. Rivasek area ertzetik ondo kokatutako eskuinkada bati esker aurreratu zen taldea, baina bi minutu eskas iraun zuen pozak, korner batean Kanoutek boleaz bidali zuelako ate barrura Luis Fabianok buruz utzitako baloia. Bazekien Realak Sevilla ondo moldatzen dela geldikako jokaldietan, eta munduko onenen artean daudela bere jokalarietako batzuk, baina ezin izan zuen arrisku hori saihestu.

Bazirudien bere kalitatea erakusten hasiko zela Sevilla, baina Reala ez zen kikildu. Erritmoa irabazi zuen partidak, joan-etorrikoa bihurtzeraino. Halakoetan ahulena izaten da kaltetua, baina, ustekabean, Lasarteren taldea nagusitu zen. Boladaka, bikain landutako jokaldiak eskaini zituen, luzean zein motzean, bat-bikoetan zein erdiraketetan. Prietok, Zurutuzak eta Griezmannek osatzen duten hirukote magiko horretan ez zen frantziarraren hutsunea sumatu, eta gol aukerak bata bestearen atzetik iritsi ziren: Estradaren zartakoa, Zurutuza eta Llorenteren burukadak… Itxuraz nora ez zihoan baloi luze batean, Llorentek urrea atera zuen, defentsei aurrea hartu eta Palop atetik kanpo zegoela aprobetxatuta.

Hondarribiarrarena izan zen bigarren zatiko lehen errematea, baina ondoren Realeko jokalariek ez zuten Navasen kontraerasoa moztu, eta Kanoutek ozta-ozta ez zuen binakoa sartu. Rivasi eta Mikel Gonzalezi txartel horia atera zieten, eta arriskuaren usaina zabaldu zen Anoetan zehar, Sevilla baloia mugitzen badakiela erakusten hasi zelako. Gregorio Manzanok aldaketa deigarria egin zuen, bere euskarri sortzaile bakarra kendu, Renato, eta Negredo zelairatu zuelako. Kanoutek egin zituen hortik aurrera punta erdi lanak. Emaitza bikaina ekarri zion erabakiak, gaizki defenditutako jokaldi batean, kornerra lortu zuelako Sevillak, eta prestatutako jokaldian, ahoko zuloan errematatu zuelako Luis Fabianok.

Hori gutxi balitz, handik gutxira, Prietok toki arriskutsuan galdutako baloia baliatu zuen Sevillak eragozpenik gabe hirugarrena sartzeko. Lasarteren erreakzioa, azken boladan bezala, berandu iritsi zen. Erasoan zituen bi baliabide bakarrak zelairatuzituen, eta gorputz eta arima aritu zen Reala. Dena ematen duenari ezin omen zaio gehiago eskatu, eta Realak duen guztia ematen du. Anoeta lagun, kastari heldu, eta bere arean sartu zuen Sevilla. Ansotegi bera maiz igo zen errematatzera, eta gertu izan zuen gola. Baina errematean ez zenean, azken kontrolean edo pasean egin zuten huts txuri-urdinek, bihotza ez delako nahikoa. Amorratuta irten ziren ikusleak, inongo lotsarik gabe galdu zuelako denbora Sevillak. Kezkatuta ere, ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.