Josu Urrutia Athleticeko presidenteak bere agintaldiaren hasieratik hartutako bide orriarekin jarraitzen du, eta, klubean zeresana eman duen kontu baten harira argibideak eman beharrean, Ibaiganeri komeni zaionean azaltzen da. Klubak bere «erritmoa» duela eta inguruak ez diola pausoa aldaraziko defendatu du hasieratik. Hala, atzo ohiko agerraldia egin zuen. Hiru zutabe nagusi izan zituen: taldearen egoera, Jose Angel Ziganda Kuko entrenatzailearen etorkizuna, eta hauteskundeak. Ezbairik gabe, kirol arloa da kezka iturri nagusia. Athletic nahi eta ezin ari baita, garaipenaren bidea eta aurreko urteetako joko maila aurkitu ezinik. Horren ondorioz, taldeak txistuak entzun ditu San Mamesen jokatu dituen azken bi partidetan. Badirudi jarraitzaileak pazientzia galtzen hasiak direla. Presidentea arduratuta dago, baina ez du uste egoera konponezina denik. «Ez dut uste zaleak haserre daudenik. Kezkatuta daude, gu gauden bezala. Gura duguna da hobetu eta gora begira jartzea», adierazi zuen Urrutiak.
Athletic ez da espero zen bezala ari. Azken denboraldiotan Europarako sailkatzeko borrokan egon da, baina sasoi honetan ez dirudi onenen artean egoteko aukera izango duenik. Hala ere, ez omen da presidente hautatu zutenetik izan duen garairik txarrena. «Marcelo Bielsaren bigarren sasoian eta Ernesto Valverderen bigarren urtean zailtasunak izan genituen. Kontua da azkar ahazten ditugula gauzak».
Bere agintaldian izandako hiru entrenatzaileek izan dituzte gorabeherak, baina aurreko biek zaleen babes zabala izan zuten. Ez Bielsa, ezta Valverde ere, ez ziren egon jarraitzaileen jomugan. Zigandaren kasuan, ordea, asko dira hura kargugabetzea gura dutenak. Baina zuzendaritzak sarri erakutsi du ez dituela erabakiak beroan hartzen. Gaur-gaurkoz, kontratua betetzea da agintarien asmoa. «Kontratuak betetzeko sinatzen ditugu, baina pertsonen gainetik Athleticen interesak defendatzen ditugu».
Athleticek bihar du egoera zuzentzeko lehen aukera, Spartak Moskuren kontra. Europa liga aproposa izan daiteke taldea askatu dadin eta bere onena eman dezan.Joanekoan lortutako bi golen errentak patxada emango dio taldeari. Baina, hala ere, zuhurtziaz jardun zen presidentea. «Spartak talde ona da, eta gutxienez joanekoan emandako maila berdindu beharko dugu».
Errusiako zaleekin izan daitezkeen istiluak eragozte aldera —herenegun Gasteizen eragin zituzten—, segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte. 500 ertzain eta 100 udaltzain egongo dira kalean.
Hauteskundeak, udan ez
Epe laburrera begira kirol arloak bereganatu du arreta guztia, baina Athleticen hasi dira hauteskundeen inguruko lehen mugimenduak. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak Ibaiganen agintzeko gogoa agertu du, baina egungo zuzendaritzari 2019ko martxoan amaitzen zaio agintaldia.
Hala ere, indarra hartzen ari da hauteskundeak aurreratzearen aukera. Dena den,Urrutiak baztertu egin du udan hauteskundeak egitea. Gainera, oraindik ez du erabakihirugarrenez aurkeztuko den. «Ni buru-belarri ari naiz lanean. Ez dut aurkezteari buruzko erabakirik hartu, eta luze gabe ez dut hartuko. Nik ez badakit zer egingo dudan, inork ezin du jakin».
Kezkatuta, baina baikor
Josu Urrutiak babesa erakutsi dio Zigandari. Hauteskundeak ez ditu udara aurreratuko, eta ez du erabaki hirugarrenez aurkeztuko den ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu