Kerejeta: «Goi mailan lehiatzeko arazoak izango ditu taldeak»

Velimir Perasovicekin esperientzia bilatu dute, taldea utzi zuenean baino teknikari hobea delako egun, Baskoniako presidentearen iritziz

Josean Kerejeta, Laboral Kutxa Baskoniako presidentea. RAUL BOGAJO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak Baskoniak «esperientzia» bilatu du Velimir Perasovic entrenatzaile posturako aukeratzean. Hala azaldu zuen atzo Josean Kerejeta presidenteak taldearen webgunean eskegitako adierazpenetan. «Etxea ondo ezagutzen du: gure jokalari eta teknikari izan zen». 2007. urtean utzi zuen taldea, baina, Kerejetaren ustez, urteekin hobera egin du. «Une egokia zen harentzat eta guretzat. Zaildu egin da, eskarmentua hartu du, eta aurretik egon zenean baino entrenatzaile hobea da».

Beharko du bai esperientzia, «goi mailan lehiatzeko arazoak izango dituen talde bat» zuzenduko duelako. Dena den, horrek ez du anbizioa oztopatu a behar. «Lana eta defendatzeko grina izan behar dira gure nortasun zantzuak ahalik eta gorenen egotea borrokatzeko». Perasovicek Ibon Navarroren lekukoa hartuko du. Kerejetaren ustez, entrenatzaile ohiak lan ona egin zuen; horregatik eskaini zioten laguntzaile bezala jarraitzea, baina hark ez zuen onartu.

Aurrera begira, Kerejetak zail ikusten du tituluen lehian egotea. Errealitate gordina da. «ACB ligan, oso zaila da futbol taldeen mailan egotea. Euroligan berdin: gure aurrekontua hirukoizten duten taldeen aurka aritzen gara, eta, horrela, ia ezinezkoa da». Dena den, ez zaio burutik pasatu ere egiten Euroligari muzin egitea. «Gure ikusleentzat oso garrantzitsua da. Zailtasunekin, baina lehiakor izan behar dugu».

Bide horretan, argi du fitxaketekin zorrotzagoak izan behar dutela. «Gehiago asmatu behar dugu». Onartu zuen Marco Crespiren apustua ez zela ondo irten, baina garaiz aldatu zela norabidez, eta AEBetako jokalari asko pilatzea entrenatzaile berriaren eskaera izan zela. Heldu den sasoirako, berriz, konpromiso handiko jokalariak bilatuko ditu. Hori bai, ez zuen izenik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.