Maiatzetik besoak jaso gabe zen Cedrine Kerbaol bretoia (Ceratizit). Euskal Herrian lortu zuen azken garaipena, Durango-Durango sarian; gaur berriz ere lehen postuan zeharkatu du helmuga marra, Frantziako Tourreko seigarren etapan. Erakutsi du lasterketak irabazteko modu ugari daudela. Ez da indartsuena izan aldapa gora, baina azken igoera gainditu ostean mugitu da, jaitsiera ikusgarria egin du, eta 21 segundoren aldearekin iritsi da helmugara.
Fins muinoaren gainetik hamabost kilometro geratzen ziren Morteaurako, gaurko helmugarako. Igoera hastearekin batera eraso indartsua jo du Juliette Labousek (DSM). Gaur, bere etxetik hurbil ibili da Frantziako txapelduna, eta zaleen aurrean itxura ona eman du. Eraso horrekin harrapatu dituzte oraindik eguneko ihesalditik buruan eusten zioten ziklistak.
Hurrengo mugimendua gainetik 500 metrora egin du Puck Pietersek (Fenix), eta, Liejako etapan bezala, hiru geratu dira buruan: Pieterse, Demi Vollering (Sd Worx) eta Katarzyna Niewiadoma liderra (Canyon). Atzetik, ordea, mendate pankarta igaro bezain laster iritsi zaizkie beste zenbait ziklista. Orduantxe mugitu dira Kerbaol eta Pauliena Rooijakkers (Fenix).
Une egokia zen. Atzean zalantzak zeuden, eta elkarri begira geratu dira. Kerbaolek, ordea, begirada aurrean zeukan. Bihurguneak nola hartu irudikatu, eta abiada bizian osatu du jaitsiera. Rooijakkersek ezin izan dio segitu, eta jarraitzaileekiko aldea ere zabaldu egin du. Jaitsiera amaitu ostean, minutu erditik gorako tartea zeukan talde nagusiarekiko. Eta, ordekan ere ondo moldatzen denez —astearteko erlojupekoan laugarren izan zen—, ez du arazorik eduki abantailari eutsi eta helmugara bakarrik iristeko. Atzetik, Marianne Vosek (Visma) eman dio denbora taldeari, eta hirugarren postuan Movistarreko Liane Lippert iritsi da. Nagusian, Niewiadomak jarraitzen du lider. Eta gaurko garaipenarekin, Kerbaol jarri da bigarren postuan, maillot horia duenarengandik hamasei segundora.
Laboral Kutxa taldea protagonista izan da gaur ere; Tourrean parte hartzeko aukera izan zuen, eta egunez egun bere koloreak erakutsi nahian dabil. Behin aurreneko ihesaldi saiakera ezerezean geratu denean, Iurani Blancok egin du ihes, lehen etapan saiatuenaren saria jaso zuenak. Harekin batera joan da Audrey Cordon-Ragot (Human Powered), zazpi bider Frantziako erlojupeko txapelduna izan dena. Atzetik, geroago sartu zaizkie beste hamabi txirrindulari; tartean, atzo ere ihes eginda ibilitako Fem van Empel (Visma) eta Justine Ghekiere (Soudal), eta Movistar taldeko Sheyla Gutierrez. Geroago elkartu zaizkie Marianne Vos (Visma), Niam Fisher-Black (Sd Worx), Soraya Paladin (Canyon) eta Grace Brown (FDJ). Hemezortzi ziklistek bi minututik gorako aldea ere eduki dute.
Eguneko mendate gogorrenean, La Roche du Pretren hautsi da lasterketa buruko taldea; hiru geratu dira aurrean: Fisher-Black, Ghekiere eta Brown. Atzetik, FDJ taldeak erritmo indartsua jarri du, eta pelotoia asko murriztu da. Ane Santestebanek (Laboral Kutxa) ezin izan du bertan eutsi; ezta lasterketan dabilen beste euskal ziklistak ere: Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) igoerako azken metroetan geratu da pelotoitik atzera. Oraindik ere alde eginda jarraitzen zuten hiru ziklistak azken igoeran harrapatu dituzte; eta mendate horren gainean erabaki da gaurko etapa.
Bihar, Alpeetako lehena eta Vuelta
Igandean amaituko da aurtengo Frantziako Tourra, Alpe d’Huez mendate entzutetsuaren gainean. Glandon eta Alpe d’Huez maila bereziko mendateak kateatuko dituzte etaparen azken zatian, eta bertan erabakiko da Tourreko sailkapen nagusia. Alpeetara, baina, bihar iritsiko da Tourreko pelotoia. Aurtengo aldiko etaparik luzeena osatu beharko dute ziklistek. Champagnole eta Le Grand-Bornand artean 166 kilometroko ibilbidea egingo dute, tartean lau mendate igarota. Gainera, amaieran ere maldan gora ibiliko dira. Le Grand-Bornandetik gora, Monte du Chinaillon mendatean (zazpi kilometro eta %5eko pendiza) amaituko baita etapa. Demi Volleringek sailkapen nagusian galdutako denbora berreskuratzeko baliatu nahiko du igoera.
Bestetik, bihar bertan hasiko da gizonezkoen Espainiako Vuelta. Lisboa eta Oeiras (Portugal) artean, hamabi kilometroko erlojupekoari egin beharko diote aurre ziklistek. 16:23an abiatuko da lehen txirrindularia, eta 19:30ean iritsiko da azkena helmugara. Hamalau euskal txirrindularik hartuko dute parte, tartean sailkapen nagusian lehiatzea helburu duen bat, Mikel Landa.
Sailkapenak
SEIGARREN ETAPA
1. Cedrine Kerbaol (Ceratizit) 4.04.41
2. Marianne Vos (Visma) 21era
3. Liane Lippert (Movistar) d.b.
4. Karlijin Swinkels (UAE) d.b.
5. Lucinda Brand (Lidl) d.b.
6. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) d.b.
7. Puck Pieterse (Fenix) d.b.
8. Thalita de Jong (Lotto) d.b.
9. Evita Muzic (FDJ) d.b.
10. Juliette Labous (DSM) d.b.
29. UsoaOstolaza (LaboralKutxa) 1.27ra
68. Ane Santesteban (Laboral Kutxa) 8.12ra
NAGUSIA
1. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) 15.32.31
2. Cedrine Kerbaol (Ceratizit) 16ra
3. Kristen Faulkner (Education First) 19ra
4. Puck Pieterse (Fenix) 22ra
5. Juliette Labous (FDJ) 56ra
6. Thalita de Jong (Lotto) 1.04ra
7. Shirin van Anrooij (Lidl) 1.07ra
8. Pauliena Rooijakkers (Fenix) 1.08ra
9. Liane Lippert (Movistar) 1.16ra
10. Demi Vollering (Sd Worx) 1.19ra
35. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 9.51ra
40. Ane Santesteban (Laboral Kutxa) 12.10era