Automobilismoa

Ken Block hil da, ginkanak biral egin zituen gidaria

Elurretako motor batekin izandako istripu batean hil da, 55 urte zituela. Hogei aldiz hartu zuen parte Munduko Rally Txapelketan, baina Youtubera igotako bideoei esker egin zen benetan ospetsu.

Ken Block, artxiboko irudi batean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 3a
10:40
Entzun

Autoen munduak zertxobait erakartzen bazaitu, ziur ikusi duzula haren bideoren bat. Ken Block (Long Beach, AEBak, 1967- Park City, AEBak, 2023) hil da gaur, azken hamarkadetako auto gidaririk ospetsuenetako bat, elurretako motor batekin izan duen istripu batean. 55 urte zituen. Rallyetan ibilbide luzea egindakoa, ginkanak egiten bilakatu zen ospetsu 2008. urtetik aurrera.

Blockek haietako hamalau egin ditu denera; gehienak, Ford markako autoekin. 2012. urtean argitaratu zuen bosgarrena, eta bideo hark bost milioi bisita baino gehiago izan zituen lehen 24 orduetan; 113 milioi ditu albiste hau idazterako orduan. Beste hainbat ginkanak ere 50 milioi bisita baino gehiago dituzte.

Horretaz gain, Blockek hogei aldiz hartu zuen parte Munduko Rally Txapelketan, nahiz eta ez zituen emaitza deigarriak lortu. DC Shoes arropa markaren sortzaileetako bat ere izan zen 1994. urtean, eta muturreko hainbat kiroletako ekitaldietan ere parte hartu izan zuen.

2021. urtetik Audi markaren pilotua zen, eta duela bi hilabete eskas argitaratu zuen bere azken ginkana, Audi S1 Hoonitron auto elektrikoarekin egindakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.