Eskubaloia

Kemena ere, ederra

Silvia Ederrari ebakuntza egin zioten abuztuan obarioetan tumore bat kentzeko, eta bi hilabete geroago jokatzen ari zen berriro. «Sustoa» pasatuta, lehengo bera izan nahi du orain.

Silvia Ederra, jaurtitzeko prest, Sporting Errioxarekin jokatutako partida batean. JUANJO ACOBI
Silvia Ederra, jaurtitzeko prest, Sporting Errioxarekin jokatutako partida batean. JUANJO ACOBI
inigo lasa fresneda
2024ko abenduaren 3a
05:05
Entzun

Minbizia, tumoreak eta antzeko gaitzak tabuak izan ohi dira askotan gizartean. Edonori gerta dakioke, baina barneratzea kosta egiten da sarritan. Silvia Ederra Urra eskubaloi jokalariari ere bai (Lizarra, Nafarroa, 1983). Azken hogei urteotan profesionala izan da, eta hamahiru titulu eskuratu ditu, baina pistetatik kanpo erdietsi berri du garaipenik handiena. Obarioetan tumore bat kendu eta 72 egunera, Sporting Errioxarekin jokatzen ari zen berriro. Halere, berriro ere osasuntsu sentitzea izan da harentzat garrantzitsuena.

Azken uda ez zen erraza izan lizarratarrarentzat. Lana eta eskubaloia uztartu ohi ditu, eta makina bat bidaia egiten du Iruñea eta Logroño (Espainia) batuz. Ekain aldean, zerbait ondo ez zihoala atzeman zuen, baina ez zion garrantzi handirik eman: «Nik ogasunean egiten dut lan, errenta aitorpenak egiten ari ginen, eta sabelaldean presioa egiten zidan zerbait nabaritu nuen. Gasak izango zirelakoan nintzen, lanak eragindako estresarengatik». Familiarekin hitz egin ostean, ginekologiako larrialdietara joatea erabaki zuen. Hortxe hasi zen amesgaiztoa: «Kiste handi bat nuela esan zidaten, eta, ekografia bat egin eta gero, tumore bat zela esan zidaten. Ni orduan ez nintzen jabetzen. Gainera, tumorea hedatuta egonez gero, ebakuntzaren aurretik eta ondoren kimioterapia egin beharko nuela esan zidaten. Zur eta lur gelditu nintzen».

Zorionez, ez zuen horrelako tratamendurik behar izan, hemeretzi zentimetroko kistea osorik atera ahal izan baitzioten: «Zorionekoa sentitzen naiz alde horretatik, kimioterapiak txikitu egiten baitu pertsona. Puntu pila bat jarri dizkidate, eta orbaina handia da, baina hori da dudan guztia. Alde ederra dago batetik bestera». Obario bat, bi tronpa eta apendizea kendu dizkiote.

Eskubaloia bidelagun

Ebakuntza egin aurretik, zer zuen bazekien arren, «kiste soil bat» zela esan zien taldekideei: «Batzuek uste zuten pikorta txiki bat zela. Uste zuten baino larriagoa zen, baina, ez dakit zergatik, zer nuen onartzeko ausardiarik izan ez nuelako edo, hori esan nien. Hein handi batean, berriro jokatu nahi nuen, gertatzen ari zitzaidana ahazteko».

Izan ere, Ederrak 30 urte baino gehiago daramatza eskubaloian jokatzen, eta «ihesbide» izan du egoera zail horretan: «Eskubaloira itzultzeko helburua ezarri nion neure buruari, osasuntsu egon nahi nuelako berriro. Silvia izan berriz ere. Eskubaloiarena bigarren mailan zegoen, baina bizitza ia osoa daramadanez eskubaloian jokatzen, tumorea ahazteko nire ihesbidea izan da, eta horrek asko lagundu dit. Oraindik ez naiz Silvia-Silvia, buruan gauza asko ditudalako, baina bizipoz ikaragarria eman dit jokatzen hasteak».

«Itzultzeko helburua jarri nion neure buruari, osasuntsu egon nahi nuelako berriro. Silvia izan nahi nuen berriro»

SILVIA EDERRASporting Errioxa taldeko jokalaria

Argi du eskubaloiak «asko» lagundu diola prozesu guztian. Taldera itzultzeko xedeak lana gogor egitera behartu du: «Eskubaloia utzita banengoke, ez dut pentsatu ere egin nahi nola egongo nintzatekeen orain. Segur aski, oraindik ebakuntzarik egin gabe, eta errekuperazioa ez zen hain ondo joango... Berriz jokatzen hasteko xedeak bultzada handia eman dit».

Horrelako ebakuntza batek utzitako zauri eta orbainak ez dira egun batetik bestera osatzen. Denbora behar izaten da. Gehienek uste zuten lizarratarra abenduan itzuliko zela, baina urrian bueltatu zen, «nafar egoskorkeriari esker»: «Kontuz ibiltzeko esaten zidaten, barruko ebakuntza fresko antzean zegoelako oraindik. Orbain nahiko handia dut barrualdean, eta, barruan dagoenez, nik begiekin ezin dut ikusi nola dagoen. Taldeko medikuak, fisioterapeutak eta entrenatzaileak neure erritmoan aritzeko esan zidaten; nik markatzeko noiz itzuli, alegia».

Espainiako Kopako kanporaketa batean hasi zen berriz jokatzen. Lesioak zirela medio, jokalari asko falta zituzten, eta entrenatzaileak esan zion «minutu batzuk» emateko asmoa zuela: «Partida zaildu zitzaigun, hamargarren minuturako 10-3 galtzen ari ginen, eta entrenatzaileak hiru aldiz begiratu zuen aulkira, eta, hirugarrengoan, jokatzera irteteko esan zidan. 45 minutuz jokatu nuen azkenean». Ordutik, ligako beste hiru neurketa jokatu ditu.

Oraindik «mentalki» bete-betean ez dagoela onartu du, baina badaki itzuliko dela, ez baita horrelako zerbait bizi izan duen lehen aldia. 2011n auto istripua izan zuen, eta bizkarrean ebakuntza bat egin behar izan zioten. Medikuak esan zion indarraren %40 galduko zuela hanketan, eta, beraz, oinez ibiltzeko komeriak izango zituela agian. Baina berriro jokatu zuen. Medikuak hauxe esan zion: «Hori zuk bakarrik egin dezakezu, Silvia».

bera berak aurkari indartsuak izango ditu europako ligan

Bera Berak badaki zein hiru talderekin jokatuko duen Europako Ligako multzoen fasea: Alemaniako Bensheim Auerbach Flamesekin, Frantziako Paris 92rekin eta Norvegiako Fredikstad Ballklubbekin. Espero bezala, talde indartsuak dira hirurak. Hala ere, ez dabiltza bete-betean ligan: alemaniarrak zazpigarren dira hamabi talderen artean, eta norvegiarrak, hamabigarren hamalauren artean. Frantziarrak ari dira ondoen, laugarren baitira. Duela hiru urte, Bera Berak Paris kanporatu zuen Europa Ligako bigarren kanporaketan.

Lau taldeek sei jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Bera Bera Frantzian ariko da urtarrilaren 11n edo 12an; Bensheim hartuko du 18an, eta, Fredikstad 25ean edo 26an; otsailaren 8an, berriz, Norvegian ariko da; 19an Paris jasoko du, eta 22an Alemanian jokatuko du. Lehen bi sailkatuak final-laurdenetan ariko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.