Kelvin Kiptum hil da, maratoiko munduko marka zuen atleta. Auto istripu batean zendu da, 24 urterekin, Kenyan, Rift ibarrean, Eldoret eta Kaptagat herrien artean. Inguru horietan entrenatzen dira Kenyako atleta asko. Harekin batera zihoan Gervais Hakzimana entrenatzailea, eta hura ere hil egin da. Poliziak eman du aurrena albistearen berri, eta ondoren familiak baieztatu du. Beste bidaiari bat ere bazihoan autoan, eta zauri larriekin eraman dute erietxera. Poliziak azaldu du Kiptumek autoaren kontrola galdu duela, eta, zuhaitz bat jo ostean, autoa 60 metroko amildegi batetik behera erori da.
Maratoiko izar berria zen Kiptum, eta, aditu gehienen arabera, aukera asko zituen orain arte lortu gabeko marka berri bat ezartzeko: bi orduren langa jaistea. Gertu egon zen iazko urriaren 8an, Chicagoko maratoian. Han erdietsi zuen munduko marka: 2.00.35. Aurreko marka, Eliud Kipchogerena, 34 segundoan hobetu zuen. «Gertu ikusi dut bi ordutik jaistea, baina zoritxarrez ez da posible izan. Dena den, oso pozik nago. Egunen batean lortzeko moduan egongo naizela uste dut», adierazi zuen orduan.
Bizi osoan hiru maratoi korritu zituen. Lehenengoa Valentzian izan zen, 2022ko abenduan, eta han jada erakutsi zituen distantzia luzeko probetarako zituen gaitasunak. Irabazi egin zuen lasterketa, 2.01.53ko markarekin. Debutari batek inoiz egindako denborarik onena zen. Iaz, aurrena, Londreskoan gailendu zen, 2:01:25 denborarekin, eta ondoren iritsi zen Chicagoko erakustaldia. Haren hiru denborak munduko lehen zazpi marka onenen artean daude.
Sekula ez zuen txapelketa garrantzitsurik korritu Kenyako selekzioarekin. Parisko Olinpiar Jokoetan jantzi behar zuen estreinakoz bere selekzioaren elastikoa proba handi batean, eta ikusmina zegoen haren eta Kipchogeren arteko buruz burukoa ikusteko. Hain zuzen ere, heriotzaren berri izan bezain laster, Kipchogek mezu bat idatzi zuen sare sozialetan: «Oso triste nago Kelvinen heriotzarengatik. Bizi osoa zuen aurretik, lorpen handiak eskuratzeko. Momentu zail hauetan babes osoa azaldu nahi diet etxekoei».