Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea

Kellyren laguna, eta zintaduna

Fede Etxabek 1993an irabazi zuen Itzuliko etapa Ibardinen, eta Julian Gorospek 1984an eta 1990ean. Hemezortzi urteren ondoren, bertara iritsiko da gaur lasterketa.

unai zubeldia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azalduko ote zen, ez ote zen, Julian Gorospe (Mañaria, Bizkaia, 1960) eta kazetaria zalantzan hasita zeudenean, han agertu da Fede Etxabe (Kortezubi, Bizkaia, 1960), auto dotore-dotorean. Leihoa jaitsi, «egun on!» esan, autoa aparkatu, eta pauso lasaian iritsi da hitzordura. Urtebete bada Gorospek eta Etxabek elkar ikusi ez dutela, eta besarkada beroa eman diote elkarri. «Zer moduz, motel!», eta «Bizi al haiz?», eta... Nahigabe bezala joaten da horrelakoetan denbora. Gazte mailan hasi eta erretiroa hartu artean, elkarren ingurumarian ibili ziren biak tropelean. «Fede urtebete lehenago igaro zen profesionaletara, hobea zelako», hasi da mañariarra zirikan. Baina historia guztiak kontatzerik ez dagoela-eta, leku zehatz bati eta hiru momentu bereziri buruz hausnarrean hasteko eskatu die kazetariak.

Davide Cassanik orain hemezortzi urte Ibardin gainean etapa irabazi zuenetik hemezortzi urtera, gain horretara itzuliko da gaur Euskal Herriko Itzulia. Igoera berezi horri buruz zer edo zer badakite bi bizkaitarrek. 1984an eta 1990ean gain horretan lapurtu zion etapa bana mañariarrak Itzuliari, eta Etxabek 1993an lortu zuen balentria. Euren bizipenak kontatzen hasi aurretik, hala ere, eguraldiari begiratu diote biek. «Ibardinen euria izaten zen lehen ere gehienetan, eta aurten ere hala gertatuko dela ematen du. Horrelako egoeran, igoerak bezain arriskutsuak izango dira jaitsierak», ondorioztatu du Etxabek. «Urte batean soilik uste dut izan genuela eguraldi sargoria, baina gainerakoan...». Gorosperen esana izan da hori.

1993ko apirilaren 6an iritsi zen Etxaberen Ibardingo egun handia. «Lehen etapan denbora asko galdu nuen, gurpila zulatu zitzaidalako helmugara iristeko hamar bat kilometro falta zirenean». Gogoan dauka, lehen etapako arantza kendu asmotan, Alberto Ellirekin batera jo zuela erasoa. «Aritxulegin utzi nuen gero atzean, eta, lortzen ari nintzen aldearekin, Itzulia irabazteko aukera polita neukala uste dut. Baina atzetik nire taldea hasi zen lanean, egurrean, Tony Romingerren mesedetan».

Gerora inork ez omen dio azalpenik eman. «Romingerrek agindu zuela esaten zidan batek; Juan Fernandezen [Clas taldeko orduko zuzendaria] erabakia izan zela besteak... Auskalo benetan zer gertatu zen». Rominger bera helmugaratu zen bigarren, Etxaberekiko 2.03 minutuko aldearekin, eta Davide Casani iritsi zen atzetik, 2.04ra. Gorospek gogoan dauka beste urte batean ere 94 ehunenekoren erruz geratu zela Etxabe Itzulia irabazi gabe. «Kronometroari begiratu, eta gehienen ustez Etxabek azkarrago igo zuen mendatea. Baina Stephen Rocheri eman zioten 1989ko Itzuli hura».

Arrazoia? Azalpen zehatza bota du Kortezubikoak. «Munduko Txapelketa, Giroa eta Tourra irabazita zegoen bi urte lehenago, eta garrantzitsuagoa zen Itzuli hura Rochek irabaztea». Egun hartako argazki zaharrari begiratu eta burura ez zaio oroitzapen apartekorik etorri Etxaberi. «Itxura horrekin ibiltzen nintzen beti. Ile luzeari eusteko, zintarekin». Txirrindulariak kaskorik gabe ageri dira orduko argazki guztietan. «Baina, ez pentsa, ordurako hasita zegoen mugimendua», argitu du Gorospek. «Erorketa handiren batzuk gertatu ziren, eta...».

Gorospe beti ibiltzen zen ondo Euskal Herriko Itzulian. «Ondo prestatzen nuen, eta aurrean amaitzen nuen gehienetan». Bizkaitarrak bi aldiz dauka irabazita Itzulia. «Eta podiumean ere sartu naiz beste urte batzuetan ere». Baina Roche tokatzen zen batzuetan ondoan, Kelly ondo ibiltzen zen eguraldi txarrarekin, Rominger ere handia zen... «Beti eduki izan ditut txirrindulari on-onak inguruan, eta sarritan ezin izaten nuen lehiatu eurekin. Baina maila ona ematen nuen normalean etxeko lasterketan, bai».

1984an ere indartsu iritsi zen Gorospe Ibardingo etapara. «Faustino Ruperezek erasoa jo zuen, eta bera pasatu zen aurrean Jaizkibel gainetik». Kelly eta biak zihoazen atzetik. «Kellyk gaizki samar pasatu zuen Jaizkibelen gora, eta, mesedez, itxoiteko eskatu zidan». Ruperez atzean utzita, biak batera iritsi ziren gero Ibardin gainera, eta esprintean amaitu zen etapa. Esprintean edo... «Hitz eginda geneukan aurretik. Itxura egin zuen Kellyk, baina adostuta geneukan: beretzat lidergoa sendotzeko aukera, eta niretzat etapa garaipena».

1990ean, etapa eta Itzulia

1990ean Ibardinen lortu zuen garaipena are bereziagoa izan zen Gorosperentzat. «Etapa irabazteaz gain, Itzulia ere eskuratu nuelako gero. Bigarren egin nuen azken erlojupekoan, eta bai, bai, polita izan zen oso». Mañariarrak bi kilometro eta erdi falta zirenean jo zuen erasoa Ibardinen gora. «Ez dakit potentzia handiko erasoa izan zen edo ez, baina helmugara iritsi nintzen behintzat, eta balekoa izan zen». Etapa hartan Iñaki Gaston iritsi zen Gorosperen atzetik Ibardin gainera, hamalau segundoko atzerapenarekin. Eta Miguel Indurain helmugaratu zen hirugarren, Gastonen gurpilari pega-pega eginda. Etxabek berak bosgarren amaitu zuen Itzuli hura. «Baina berari, normalean, gehiago kostatzen zitzaion sasoian jartzea», argitu du mañariarrak. «Ekainetik aurrera ibiltzen zen hau egurrean».

Elkarren definizio zehatz bat egiteko eskatuta, zalantza gutxirekin erantzun dute. «Julian oso erraz jartzen zen sasoian. Denboraldiko lehen lasterketetan ondo ibiltzen zen beti, eta erlojupekoetan ere abila zen. Puntako txirrindularia zen, azken batean». Etxaberen loreak entzunda, Gorospe ere ezin, bada, atzean geratu. «Aldaketa handia izan zuen Fedek bere kirol ibilbidean. Txirrindulari indartsua, potentzia handikoa zen hasieran, Indurainen antzera. Baina findu egin zen gero, eta errendimendu handia atera zion bere gorputzari. Igotzen, bereziki, oso ondo defenditzen zen».

Parentesi txiki bat eginda, Espainiako Vueltan Alvaro Pinoren taldekide zela gertatutakoa ekarri du gogora mañariarrak. «Baina goi-goian ibiliko zen bestela. Pentsa, hala ere laugarren amaitu zuen...». Etxabek ere gogoan dauka Vuelta hura. «Pinok izorratu zidan Itzuli hura, bai. Sailkapen nagusian bigarren nengoela, eta lider jartzeko aukera ona neukanean, erasoa jo zuen Pinok, eta jota utzi ninduen». 1989ko Vuelta izan zen hura. Azkenean, gainera, Etxaberen atzetik amaitu zuen Pinok, bosgarren; Pedro Delgadok irabazi zuen lasterketa hura.

Ibardingo etapara itzulita, Agina eta Aritxulegi gogorregiak ere ez direla azaldu du Gorospek. «Lehen okerrago zegoen errepidea, eta gurpila bertan pegatuta geratzen zen. Lakarra egoten zen oso». Baina orain askoz igoera samurragoa dela uste du bizkaitarrak, nahiz eta Gorosperen ustez aurtengo igoerak ere min egingo duen. «Igoerak, berez, ez dauka ezer askorik, baina gogorrak dira azken 500-600 metroak, eta alde txiki batzuk sortuko ditu horrek». Bere garaian gertatu zitzaiona gogoan, lasterketako epaileei ere abisu argia bidali die Etxabek. «Bati segundo bat gehiago jartzen diote batzuetan, beste bati kendu egiten diote segundo hori... Beti egoten dira gauza arraroak helmuga horretan».

Bi aldiz igo beharko dute gaur Ibardin. Lehenengoa igoera klasikoa izango da, helmugara iristeko 33 kilometro pasatxo faltako direnean. Baina bigarrenean, helmugara bidean, ohi baino pixka bat gorago igo beharko dute txirrindulariek. «Ez dut ondo ezagutzen azken zati hori, baina portzentaje handi samarrak daudela uste dut». Hori bai, Gorospek argi esan du «Arrate Ibardin baino askoz gogorragoa» dela. Bigarren igoera horretarako selekzioa eginda egongo dela uste dute biek. «Eta faboritoen arteko lehia estua izango da».

«Zaila» dela onartuta ere, gerta daitekeenaz hizketan hasi dira jarraian. «Ihesaldiren bat iritsiko dela uste dut, eta Arraten aurrean ibili diren faboritoek bigarren multzo batean izango dute euren arteko borroka». Etxabek ez du uste talde bat lasterketa blokeatzeko gai izango denik. Baina hizketaldian sarritan gertatu den moduan, horretan ere ez dira ados jarri. «Gaur egun oso zaila da hain lasterketa garrantzitsuetan ihesaldiari baimena ematea. Egongo dira ihesaldiak, baina motza da etapa, sei etapa besterik ez dago Itzulian, eta interes asko egongo dira».

Txirrindulari batekin hizketan hasi eta ezinezkoa da belarriko irratitxoaren gaia ez azaleratzea. Eta horixe gertatu da Gorospe eta Etxaberekin ere. «Nire ustez, debekatuta egon beharko luke», bota du azkar Kortezubikoak. «Emakumezkoek debekatuta daukate, amateur mailakoek debekatuta daukate, eta profesionalek zergatik ez dute, ba, edukiko debekatuta!». Manolo Saizen garaiak ekarri ditu gogora Etxabek. «Ez zen normala hark egiten zuena. Irratitxoarekin beste talderen batekin harremanetan jarri, eta ero moduan jartzen zen tiraka ONCE guztia. Hori ez da normala, eta ez da ona. Zorionez, uste dut aurtengoa dela irratitxoa erabil daitekeen azken urtea».

Gorospek ez dauka hain argi bere iritzia. «Irratitxoak gauza asko errazten ditu, arrisku momentuetan, batez ere. Edo zulaturen bat dagoenean ere, txirrindularia bizikletatik jaisterako ondo-ondoan egoten da taldeko autoa». Zentzu horretan, irratitxoa erabiltzearen aldekoa da mañariarra. «Baina ados nago Federekin, arau batzuk zehaztu behar dira; ezin da erabili gainerakoen gaitzak baliatzeko». Etxaberen hitzetan, hori ere gertatzen delako. «Baten bati gurpila zulatu zaiola abisatu, eta ero moduan hasten dira lanean beste batzuk. Erabilera arautu behar da».

Euskal Herriko Itzulia jokatzen ari da azkenean. «Zorionez», bota dute biek. Baina, antolatzaileen esanetan, bertan behera geratzeko arrisku handia egon da. «Ez dakit zer gertatu den benetan», hasi da Gorospe. «Jaurlaritzak atzera egin du krisiak eraginda, eta larri ibili dira. Baina azkenean lortu dute egoera desblokeatzea. Ikuskizuna eskaintzen du beti Itzuliak, beti egon da hor, eta gogorra izango zen bertan behera geratzea». Kirolari berari kalte handia egingo liokeela ondorioztatu du Gorospek.

Antolatzaileekin kritiko

Erantzun diplomatiko samarra eman du mañariarrak, eta, aukera iritsitakoan, argi hitz egiteko eskatu dio Etxabek Gorosperi. «Nire iritzia erabat bestelakoa da. Gazte-gazteak ere ez dira Euskal Herriko Itzulia antolatzen dutenak, eta urte asko daramatzate lan horretan. Diru asko irabazi dute urteotan, eta orain, 150.000 euro falta direla-eta, eskean? Irabazi dutenarekin, kopuru hori huskeria da eurentzat. Zer egin dute dena gastatu? Ezin da onartu gertatu dena. Hori da egia bakarra». Etxabek goraipatu egin du antolatzaileek Itzuliari sona emateko egin duten lan guztia. «Baina oso zaila da hain urte gutxian hainbeste diru gastatzea. Leku guztietan daude horrelakoak, baina hitz egin dezagun argi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.