Esana zioten, baina Arkaitz Eskuzari (Laudio, Araba, 2004) oso argi geratu zaio zein bereziak diren profesionaletan estreinakoa egin aurreko egunak. «Sutan izan dut sakelakoa. Elkarrizketa pila bat egin dut». Mesedea eskatu dio kazetariari: elkarrizketa gaztelaniaz egitea. «Hobeto moldatzen naiz. Agintzen dizut hurrengoa euskaraz egingo dugula».
Gaur jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?
Oraingoz, lasai nago. Ondo aritu naiz entrenatzen. Baina pentsatzen dut ordua iritsi ahala urduritzen hasiko naizela.
Aspek duela hilabete pasatxo jakinarazi zuen gaur estreinakoa egingo zenuela. Denbora izan duzu barneratzeko?
Bai. Albistea eman zidatenetik jokatzeko irrikan egon naiz. Baina itxaron beharra nuen. Prest egoteko aprobetxatu dut denbora.
Ezustean harrapatu zintuen ala espero zenuen?
Banuen susmoa. Duela bi hilabete-edo jada zurrumurrua zegoen, agian, debuta egingo nuela.
Noiz eta nola jakin zenuen?
Bitxia izan zen. Azaroan profesionaletako jaialdia antolatu zuten herrian, eta atarikoa jokatu nuen. Kazetari bat nigana etorri, eta debutagatik zoriondu ninduen. Halaxe jakin nuen. Ez nekien ezer.
Zer pentsatu zenuen?
Egin dudan lan guztiak saria izan zuela. Izugarri poztu nintzen.
Segituan kontatu zenien gertukoei?
Gurasoek, nire entrenatzaileak [Humberto Alzagak] eta hirurok ia aldi berean jakin genuen. Lagunei azkar esan nien. Handik gutxira, ofizial egin zen. Eromena izan zen; mezu pila bat jaso nuen.
18 urte besterik ez duzu.
Bai, baina aukera ematen badizute, heldu egin behar diozu; ezin diozu halako zerbaiti ezetz esan. Bi urterako sinatu dut, eta ahalik eta gehiena ikasi nahi dut. Non ikasiko dut gehiago onenekin entrenatuz, jokatuz eta lehiatuz baino?
Enpresak zer esan dizu?
Presiorik gabe jokatzeko, eta egunero entrenatuz, hobetuz joateko. Nahiko lukete aurrera egitea eta pilotari ona izatea.
Nolako pilotaria zara?
Lehen, eskuina erabiltzen nuen batez ere, baina urte eta erdi daramat Jokinekin entrenatzen [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa], eta, orain, ezkerrarekin ere moldatzen naiz. Aukera dudanean, gozatzen saiatzen naiz. Bolearekin ere moldatzen naiz, eta, horri esker, kantxa estal dezaket.
Zertan moldatzen zara ondoen?
Hiru eta erdian pilota ondo harrapatzen dudanean, gustatzen zait gozatzea. Buruz buru eta lau eta erdian jokatutakoa naiz, eta gustuko dut pilota jaistea ere.
Zertan hobetu dezakezu gehien?
Jotzera noanean, pilota gainera etortzen zait, eta hanka-geldian jotzen diot. Falta zait pilotaren bila joatea eta jotzea. Hori ari gara entrenatzen Jokin eta biok. Aldea dago pilota jotzera ondo edo gaizki sartu. Jokinek asko irakatsi dit.
Hark dio «oso langilea eta oso pilotazalea» zarela. Oinarri ona da hori.
Langilea naiz, eta betidanik asko gustatu izan zait pilota; partida pila bat ikusi dut telebistan. Horregatik, ilusio ikaragarria pizten dit profesionaletan aritzeak.
Planta ederra duzu: 1,90 metro luze eta 88 kilo. «Baina ia egin gabe dago; lan fisiko handia egin beharko du, eta hori da nekezena», dio Etxanizek. Prest zaude?
Bai. Oso argi dut profesionaletan jokatzeko eta bete-betean aritzeko, sasoiko egon behar dudala; badakit frontoiko lanaz gain fisikoa ere landu behar dudala.
Sumatu duzu aldea profesionalekin arituta?
Bai. Afizionatuetan, hutsen bat egiten duzu, eta aurkariak barkatu egiten dizu. Profesionaletan, ordea, inor ez dago barkatzeko. Erritmoa eta abiadura askoz biziagoak dira. Pilotak ere bestelakoak dira.
Ikusle gehiago, artekariak... Kezkatzen zaitu?
Ez; nahiko lasaia naiz. Ez naiz urduri jarriko jende gehiago edo apustuak egoteagatik. Gustatzen zait jendea egotea frontoian eta zarata ateratzea.
Pilota ikasketekin uztartu beharko duzu. Moldatuko zara?
Bai. Batxilergoaren Bigarren Maila ari naiz ikasten. Saiatuko naiz entrenatzeaz gain, ikasketak aurrera ateratzen. Gero, gustatuko litzaidake kirolari lotutako goi mailako graduren bat egitea; kirola gustatzen zait gehien.
Gurasoek argi utzi dizute ikasketak izan behar dituzula lehentasun?
Bai, noski. Pilotariaren ibilbidea laburra edo luzea izan daiteke, eta ikasketak izan behar dira etorkizunari begira.
Familia pilotazalea duzu?
Ni naiz zaleena. Etxekoak ni ikusiz zaletu dira.
Nola hasi zinen pilotan?
Lau urterekin, ikastolan. 6 urterekin, berriz, Aretako [Araba] Herriaren klubean hasi nintzen. Ordutik nabil han. Tartean, Bizkaiko klubetan aritu naiz utzita: Zeanurin, Orozkon eta Lemoan.
Kilometro asko dira.
Bai. Izugarri eskertuta nago gurasoei; beti egon dira prest ni batera eta bestera eramateko. Egun, guraso asko ez daude prest horrelako ahalegin handia egiteko. Batzuek ezin dute.
Pilotari kutunik izan al duzu?
Lehen, Barriola; orain, Zabaleta.
Atzelariak dira biak.
Atzelariengan jarri dut arreta handien, haiengandik ikasteko.
Zer dohain hartuko zenuke egungo atzelariengandik?
Zabaletaren guztia eduki nahiko nuke! Mariezkurrena ere jotzaile indartsua da. Gustura hartuko nuke Martijaren segurtasuna ere.
Sarrera asko eskatu dizkizute?
120 baino gehiago nituen, eta ziztu bizian kendu dizkidate. Herritik 180 lagun joango dira.
Arabako beste pilotari bat bakarrik dago profesionaletan: Iker Larrazabal Baikoko aurrelari amurrioarra. Oso gutxi zarete.
Hala da, eta Ikerrek debuta egin aurretik [2020ko urrian] egon ziren urte batzuk ez zela egon pilotari arabarrik.
Bi, eta enpresa ezberdinetan. Zail izango duzue elkarrekin aritzea.
Ez, baina ea askotan joka dezakegun elkarren aurka; seinale ona litzateke.
Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?
Gozatzeko; oso egun berezia dela, eta inoiz ez dela ahazten. Maite nauen jendearekin disfrutatzeko.
Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?
Gurasoei, beti izan baititut ondoan, laguntzeko prest; nire entrenatzaileari, izugarri erakutsi baitit; eta lagunei eta klubeko kideei, haien animoa izan baitut beti.
Arkaitz Eskuza. Aspeko pilotaria
«Kazetari batek zoriontzean jakin nuen debutarena»
Laudioko atzelaria gaur ariko da aurrenekoz profesionaletan, Eibarren (17:00, ETB1). 18 urte besterik ez du, eta bi urterako sinatu du Asperekin. «Ahalik eta gehien» ikasi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu