Eguberriei futbol usaina darie Ingalaterran. Oporretan jardunaldiak kateatzeko usadioa dute han. Garrantzitsuena, beti, abenduaren 26koa izaten da: hau da, Boxing Day jaiegunari (kaxen eguna) dagokiona. Jan-edanean bapo egin ondoren, zaleek futbol gosea ase nahi izaten dute, eta saldoka joaten dira estadioetara. Harmailak urte osoan izaten dira jendez mukuru, baina, jardunaldi tradizional horretan, eserlekuen %97 egoten dira beteta. Familia giroko partidak izaten dira. Guztira 700 baino gehiago jokatzen dira egun bakarrean, eta, eskuarki, elkarrengandik gertu dauden taldeak jartzen dituzte aurrez aurre; hala, zaleek ez dute bidaia luzerik egin beharrik.
Ez dago garbi zein den Boxing Dayren jatorria. Karitatezko dohaintzak egiteko ohiturarekin lotzen dute teoria gehienek. Batzuen ustez, zerikusia du Erdi Aroan jauntxoek morroiei ematen zizkieten jan soberakinez betetako kaxekin. Beste batzuek, berriz, Gabonen aurretik elizetan jartzen ziren eta Eguberri egunaren ostean irekitzen ziren donazio kutxak jotzen dituzte abiaburutzat. Ez du ikustekorik boxeoarekin, ezta egun horretan kale bazterretan pilatzen diren opari kaxekin ere, uste hori hedatua dagoen arren.
Bada, 1860ko abenduaren 26an, baloia agertu zen kutxa barnean: kluben arteko historiako lehen futbol partida jokatu zuten Sheffield FC eta Hallam FC taldeek. Gero, 1888an, aurreneko liga sortu zuten Ingalaterran, eta Boxing Day egunean bi neurketa jokatu ziren: West Brom-Preston eta Derby County-Bolton. Geroztik, zaleen jardunaldi kutuna bilakatu da, eta egutegiko ekitaldi finkoetako bat ere bai. Mundu gerrek eragin zuten izandako eten bakarra. Pandemiak mehatxupean jarri zuen, baina ez zen bertan behera gelditu.
Futbolaren hastapenarekin ez ezik, lotura du emakumezkoen futbolaren hedapenarekin ere. Izan ere, 1920an 53.000 zale bildu ziren Goodison Parken, Dick, Kerr Ladies eta St Helens taldeen arteko partida ikusteko. Gainera, estadioaren aldirietan beste 14.000 lagun gelditu ziren sartu ezinik.
Gizonezkoen Lehen Mailari dagokionez, 1963ko Boxing Day jardunaldia dago gehienen oroimenean. Ez alferrik, hamar lehiatan 66 gol sartu baitziren. Craven Cottagen izan zen egun horretan sekula gertatu den gol festarik handiena: Fulhamek 10-1 azpiratu zuen Ipswich. Deigarria da, halaber, Manchester Unitedek jasotako astindua: 6-1 irabazi zion Burnleyk. Nolanahi ere, deabru gorriek beste inork baino garaipen gehiago lortu dituzte abenduaren 26an (51). West Brom da aldi gehiagotan lehiatu dena (105), eta Newcastle United neurketa gehien galdu dituena (45).
Zaleak erdigunean
Eliteko futbola zaleengandik geroz eta urrunago dagoen garaietan, salbuespena da Boxing Day jardunaldia: galtza bete lan izaten dute jokalari eta teknikariek, opor garaian zaleak gozarazteko. Hala azaldu du Imanol Etxeberriak. Atezainen teknikari dabil Manchester Cityren harrobian, eta aurrez Luton Townen ibili zen. Ikusi duenez, ingelesek «harrotasunez» bizi dute tradizio hori. «Harmailetan oso giro berezia sortzen da, eta jokalariak prest daude, zaleak gozarazte aldera, oporrei muzin egiteko. Ilusio handiz jokatzen dute». Etxeberriaren ustetan, zaleentzat ez da jardunaldi bat gehiago: «Familia osoa joaten da estadioetara. Jende oso gaztea ikusten da harmailetan».
Kanpotarrei, ordea, «arraroa» egiten zaie Eguberrietan jo eta ke aritzea. Hori horrela, Etxeberriak ez du uste ohitura hori Ingalaterratik kanpo heda daitekeenik. «Guretzat, adibidez, tradizioa familiarekin etxean egotea da, eta hori galtzea gogorra izango litzateke». Oro har, irletako futbolak xarma handiagoa duela deritzo. «Asteburuero maila guztietako estadioak bete egiten dira». Gainezka eginda egongo dira etzi: kaxatik bufandak aterako dituzte zaleek, Munduko Koparen osteko lehen liga jardunaldiaz gozatzeko.
Kaxa barruan, baloia eta bufandak
Urtero, futbolaren festa izaten dute Ingalaterran abenduaren 26an, Boxing Day jaiegunarekin bat eginez. Zaleek bete egiten dituzte harmailak, eta hala gertatuko da etzi, Munduko Koparen osteko lehen partidetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu