Anthony Matoto. Ordiziako jokalaria

«Kawak hutsune handia utzi du»

Kawa Leaumaren heriotzaren osteko asteak zailak izan dira Ordizia errugbi taldearentzat. Matotoren ustez, Leaumak «arrasto handia» utziko du klubean. Omenaldi bat egingo diote larunbatean Altamiran.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Dolu egunak dira Anthony Matoto Ordiziako jokalariarentzat (Nuku'alofa, Tonga, 1987). Hilabete igaro da Kawa Leauma taldekidea zendu zenetik, baina tongatarrak dio «atsekabetuta» dagoela oraindik. Gertukoa zuen Leauma, «anaia baten gisakoa», eta, beraz, «gogorrak» egin zaizkio samoarra alboan izan gabe jokatu dituen lehen neurketak.

Azken aste hauek oso gogorrak izango dira zuentzat.

Denbora gehiago beharko dut gertatutakoa erabat barneratzeko. Zaila izaten ari da. Hari buruz asko hitz egiten dut oraindik ere. Hutsune handia utzi du taldean. Jada inork gutxik hitz egiten du Kawari buruz, dolua ulertzeko modu ezberdinak ditugulako hemen eta nire jaioterrian. Ahalegindu naiz izan ditudan sentimendu horiek guztiak errugbian jokatzeko erabiltzen, baina oso zaila izan da, Kawaren alboan jokatzera ohituta nengoelako.

Oso harreman estua zenuten?

Anaia baten gisakoa zen. Tongatarra ni, samoarra bera, eta garai bertsuan Zeelanda Berrira joandakoak. Aurrez elkarren aurka jokatu genuen, baina Ordiziara iritsi nintzenean ezagutu nuen. Pazifikoko uharteetatik datorren norbait ezagutzen dugunean, gure lehengusua balitz bezala da. Kawa gizon umila zen, eta ulertzen zuen gu biok nondik gentozen.

Nolako bizitza zeukan Kawak Euskal Herrian?

Ordizian bizi zen, emaztearekin. Askotan esan zidan jende on asko zuela inguruan, eta taldekideek asko zaintzen zutela: Julen Goia kapitaina, eta Alain Araña eta Anthony gazteak maiz aipatzen zituen. Horiei esker, pixkanaka, burbuilatik ateratzen hasi zen. Emazteak ere zeresana izan zuen horretan, Kawa baino askoz ere irekiagoa delako: emakume maitagarria da. Bikain egokitu da hemengo bizitzara, eta, pentsa, zeelandaberritarra da, baina gaztelania eta euskara ikasten ari zen. Ordizia, eta euskal kultura eta gizartea maite ditu.

Azken neurketetako batean, Leaumari abesti antzeko bat eskaini zenion.

Ez da zehazki abesti bat. Mili-mili deitzen zaio, eta haka antzeko bat da. Kawak taldean txertatu zuen zerbait izan zen, eta, haren omenez, entrenatzaileak ohitura horrekin jarraitzeko eskatu zidan. Hura omendu eta gogoratzeko modu bat da, baita taldeak bat egiteko ere. Eskuak berotu, txalo egin, hitz batzuk esan, eta «Ordizia» esanez amaitzen dugu.

Larunbatean omenaldi bat egingo diozue Altamiran, eta emazteari laguntzeko diru bilketa abian daukazue. Zertan da egitasmo hori?

Kawak arrasto handia utziko du klubean. Hortaz, haren emazteari edozertan laguntzeko prest gaudela erakutsi nahi diogu. Dena den, dirua ematea baino gehiago, Kawak taldeari eman dion guztia estimatzen dugula erakusteko modu bat da. Egitasmo bikaina da.

Nolakoa da Ozeaniatik datorren errugbi jokalari batentzat hemengo bizimodura eta gizartera egokitzeko prozesua?

Familiarengandik oso gertu bizi ohi gara gure herrialdean. Herri oso txikietan bizi gara, eta gure lagunik onenak senideak izaten dira. Hala, gure etxea eta herrialdea uztea da hartu behar izaten dugun erabakirik zailena. Euskal Herrira iristean, bakarrik sentitzen nintzen, eta zaila izan zen aldaketa hori barneratzea. Halere, teknologia berriei esker, harremana mantendu dugu. Bestela, oso ezberdina zatekeen, eta etengabe sentituko genuke etxera itzultzeko beharra.

Bueltatu zara sorterrira?

Ez naiz itzuli, ez. Gurasoak 2019an etorri ziren nire familia ezagutu eta non bizi naizen ikustera, eta asko gustatu zitzaien. Ni, ordea, ez naiz Tongara bueltatu zortzi urte hauetan.

Egun Ordizian jokatzen duzu, baina aurretik Getxon aritu zinen. Nola iritsi zitzaizun aukera?

Zeelanda Berrian nengoela, Espainian bizi zen Tongako errugbi jokalari batek nire entrenatzaileari deitu zion, zortzi postuan jokalari bat behar zutela esateko. Ez nuen batere argi zer erabaki hartu, baina jokalari eta taldekide askok Getxori baiezkoa emateko aholkatu zidaten. Oso azkar egin zen dena.

Aldaketa handia izango zen. Hori horrela, urte hartan ahalik eta onenen jokatzeko gai izan zinen?

Egia esan, ez. Gainera, aurreikuspen oso handiekin iritsi nintzen, baina iritsi bezain pronto jabetu nintzen taldeko lau edo bost jokalari ginela soilik profesionalak, eta gainontzekoak musu truk ari zirela, kirola maite zutelako. Denbora pixka bat behar izan nuen egoera barneratu, eta nire ikuspuntua eta egitekoa aldatzeko.

Pentsatzekoa da errugbia oso modu ezberdinean bizi duzuela Tongan edo Samoan, ezta?

Gure inguruan lehendabiziko kirola errugbia da, eta hemen, aldiz, kirol nahiko berria dela esan genezake. Tongan une oro genuen errugbia buruan, eta edonora joaten ginela, errugbi baloia edo plastikozko botila, horrekin ere jokatzen baikenuen, gurekin generaman. Euskal Herrian edo Espainian, futbolarekin gertatzen da hori. Hala eta guztiz ere, hemen nagoenetik errugbiak nabarmen egin du gora. Getxon jokatu nuen bigarren urtean, ligan entsegu gehien sartu zituen jokalaria izan nintzen: sekula lortu gabeko zerbait zen niretzat. Orain, erasoan zein defentsan, talde guztiek hobetu dute, eta hori errepikatzea pentsaezina litzateke.

Hirugarren denboraldia duzu Ordizian. Gustura zaude?

Errugbiaz gehiago gozatzen ikasi dut. Talde bakoitzak gauzak egiteko modu bat du, kultura bat, eta Ordizia familia eta komunitate baten egitasmo eta kluba da. Gustatzen zait hemen dagoen giroa. Horrez gain, Iñigo [Marotias] entrenatzailea lan bikaina egiten ari da. Taldean jarraitzen badut, egin nahi duen horretan sinisten dudalako da.

Nola baloratuko zenuke denboraldiaren lehen erdia?

Poliki ekin genion, baina gora egiten hasi gara, eta gure onena ematea falta zaigu oraindik. Erronka handia izan da, murrizketak eta koronabirusa dela-eta, efizienteki entrenatzeko modua aurkitzea. Guretzat, eta Kawarentzat, kopa edo liga irabazi nahiko genuke, merezi dugulako horrelako poztasun bat. Determinazio handia ikusten dut taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.