Katsikarisek Bilbo Basket utzi du, hiru urte eta erdiz taldea zuzendu ostean

Entrenatzaile greziarrak Errusiako selekzioaren ardura hartuko du, eta ACBk ez du baimentzen bi lanak batera egitea

Arnaitz Lasarte.
2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Fotis Katsikarisek ez du jarraituko Uxue Bilbo Basketen aulkian. Hiru urte eta erdi Bilbon egin ondoren, greziarrak Errusiako selekzioaren ardura hartuko du hemendik aurrera. ACB ligak ez du baimentzen entrenatzaile batek selekzio bat eta talde bat zuzentzea. Hori dela eta, Katsikarisek eta Bilbo Basketek kontratua ez luzatzea erabaki dute. Hunkituta eta egindako lanaz «harro» agurtu zen Katsikaris atzo: «Denon artean talde lehiakor bat eta nortasuna duena eraiki dugu». Taldearen ardura hartzeko hautagai nagusia Rafa Pueyo da, orain arte Katsikarisen laguntzaile izan dena. Gaur eguerdian prentsaurreko bat emango du Uxue Bilbo Basketek.

Nolanahi ere, greziarrak arrastoa utziko du Miribillako aulkian. 2010eko urtarrilean Txus Vidorretaren lekukoa hartu zuenetik, Katsikarisek 185 partidatan zuzendu du Bilboko taldea. Haren esanetara, ibilbide bikaina egin du Bilbo Basketek, azken hiru urte eta erdian. 2010-2011ko denboraldian bigarren postua lortu zuen ACB ligan, taldea lehen aldiz Euroligarako sailkatuz. Hurrengo sasoian, bizkaitarrak Europako txapelketa gorenean bikain aritu ziren, gainera. Lehen bi faseak gaindituta, Moskuko CSKA talde ahaltsuak kanporatu zuen final-laurdenetan. Sasoi honetan, berriz, Eurokopan txapeldunorde izan da, Lokomotiv Kuban Errusiako taldearen aurka finala galduta (64-75).

Dairis Bertans Bilbora

Gorka Arrinda akziodun nagusiarekin batera agertu zen Katsikaris atzoko prentsaurrekoan. Arrindak azaldu zuenez, «ezinezkoa» zen Katsikarisek Errusia eta Uxue Bilbo Basket zuzentzea: «ACBren arauek tranparen bat egitera behartzen gintuen. Azkenean, erabaki dugu hobe zela egoera ez estutzea eta hiru urte eta erdiko ibilbide ederra amaitzea». Bestalde, VEF Riga Letoniako taldeak atzo jakinarazi zuen Dairis Bertansek Bilbo Basketen jokatuko duela hurrengo hiru denboraldietan. 23 urte dauzka eskoltak, eta 1,93 metro da luze. Jokalari bizia eta ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.