2004. urtea zen. Realak, beste hainbat kluben antzera, urratsa egin nahi zuen emakumezkoen talde bat abian jartzeko. Iragarki bat jarri zuen, talde hura sortzeko hautaprobetara deitzeko. Ehun bat neskato bildu ziren Zubietan. Garbiñe Etxeberriak eta Iñigo Dominguezek izan zuten lehen talde hura osatu zuten jokalariak aukeratzeko ardura. «Izan zirelako gara, garelako izango dira», dio esaldiak, eta egun Realaren emakumezkoen taldeak egitura sendoa du. Lau taldez osatuta dago, eta Espainiako Kopako titulu bat du. Gainera, emaitzak alde batera utzita, emakumezkoen futbolak izandako bilakaeraren eta hazkundearen isla eta akuilu izan da.
Bilakaera hori katebegiz katebegi sortuz joan da, eta horren adibide dira Garbiñe Etxeberria (Hernani, Gipuzkoa, 1967), Aintzane Encinas (Donostia, 1988) eta Nahia Aparicio (Tolosa, Gipuzkoa 2004). Lehena emakumezkoen futbolaren aitzindarietako bat izan zen Gipuzkoan: jokalari moduan pilatu zuen esperientzia Realaren aulkira eta bulegoetara ekarri zuen, eta hor segitzen du. Langile nekaezina da: Realaren emakumezkoen taldea non, hantxe izan da. Etxeberria Encinasen entrenatzaile izan zen. Erdilari ohia lehen talde hartako kide izan zen, eta elastiko txuri-urdinarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da: 388. Egun, hirugarren taldean ari da entrenatzaile. Hain zuzen ere, teknifikazioan ari zenean Aparicioren teknikari izan zen. Aparicio Realaren emakumezkoen taldea sortu zen urte berean jaio zen. Iazko maiatzaren 26an egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin, Valentziaren kontra, eta orain talde txuri-urdinaren atzealdeko zutarrietako bat da.
Hausnarketa egin dute taldeak hogei urte bete izanaz. «Urte asko dira, baina aldi berean oso bizkor pasatu da dena. Egindako bidea, prozesua, ederra izan da. Poliki joan gara haziz. Hamahiru urtez talde bakarra izan dugu. Askok mantsoegi izan dela pentsatuko dute. Baina oinarri sendoak jarri ditugu, eta hori izan da gakoa azken urteetan bilakaera azkarragoa izateko, eta egun dugun egitura izateko. Honek abiadura hartu du, eta emakumeen taldeentzat Zubietan egiten ari diren eraikina da horren lekuko». Bat dator horrekin Encinas. «Bidea polita izan da, eta datozenentzat politagoa izango delakoan nago». Azken urteetan bilakaera bizkorra izan dela berretsi du Apariciok: «Nik bost urte daramatzat klubean. Iritsi nintzenean, adibidez, bigarren taldeak urtebete zuen bakarrik, eta orain beste bi talde daude azpitik».
«Nik bost urte daramatzat klubean, eta iritsi nintzenean, adibidez, bigarren taldeak urtebete bakarrik zuen. Orain, beste bi talde daude azpitik»
NAHIA APARICIORealeko jokalaria
Encinasek eta Etxeberriak oso presente dituzte lehen hautaproba haiek. Etxeberriari Roberto Olabek deitu zion Realaren asmoen berri emateko. Orduan ere hura baitzen kirol zuzendaria. «Gogoan dut klub askorekin hitz egin genuela, eta neskato ugari etorri zirela». Encinas zen horietako bat. Talde txuri-urdinean jokatzeko ametsa zuen. «Ordu arte amets hura betetzea ez zen posible, Realak ez zuelako emakumezko talderik. Mundaizen eta Añorgan jokatu nuen, baina Realaren ametsa hor neukan. Beraz, hautaproba egin zutenean ez nuen bitan pentsatu. Aldagelan sartzeko momentuaz gogoratzen naiz batez ere: Añorgakoarekin alderatuz izugarri handia zen, neska asko geunden, bakoitzari Realeko arropa eman ziguten... Zoriontsu sentitu nintzen». Are gehiago, hartu egin zutela esan ziotenean. «Probak egin zituztenen artean gaztetxoenetakoa nintzen, eta ez nuen espero hautatua izatea».
Apariciok ez du sekula ezagutu emakumezkoen talderik gabeko Reala. «Niretzat, ametsa ez ezik, erronka bat zen Realean jokatzea. Klubean sartu aurretik teknifikazioan eta Realak antolatutako torneoetan parte hartua nengoen, eta bigarren taldea sortu zenean are aukera gehiago ikusten nituen». Torneo haietan eta teknifikazioan Encinasek gertutik erreparatu zion Aparicioren lanari. «Ikusten zitzaion kalitate handia zuela, zerbait berezia». COVID-19ak ekarritako itxialdian deitu zioten hartu zutela esateko. «Izugarrizko ilusioa egin zidan. Izan ere, burumakur nengoen, min hartuta nengoelako».
Lehen partida ofiziala 2004ko irailaren 19an jokatu zuten, Amara Berriren kontra, Martutenen. Erregional mailan ekin zioten bideari. Encinasentzat, baina, aurretik Tolosan jokatu zuten torneo bat da iltzatuta geratu dena. «Orduan jokatu nuen lehen aldiz partida bat Realaren elastikoarekin». Urtez urte joan ziren mailaz igotzen. «Lehen denboraldi hartan partida guztiak aise irabazten genituen. Jokalari gehienak bi kategoria gorago arituak ginen. Beherago jokatzen hasi ginen Realean egon nahi genuelako». Etxeberriaren ustez, Amara Berriren aurkako partida hartan ez ziren erabat kontziente egiten ari zirenaren garrantziaz. «Ez ditut sekula ahaztuko baita ere jokalariek lehen aldiz elastikoan izena zutela jokatu zuten eguna, eta arratsaldean entrenatzeari utzi eta goizean entrenatzen hasi ginenekoa. Uste dut emaitza eta tituluetatik harago beste bi mugarri direla».
Lehen Mailara igotzea lorpen handia izan zen; igotzeko modua, ordea, bitxia. Encinasek azaldu du: «Hiru taldek jokatu genuen igotzeko fasea. Guri lehen bi partidak jokatzea egokitu zitzaigun, eta azkenengoan aurkariek zer egiten zuten itxaron behar genuen. Neurketa hura bertan behera geratu zen, jokalariak elkarri joka hasi baitziren. Azkenean bulegoetan erabaki zuten gu igotzea».
Lehen Mailan jokatuta, hasierako multzo hark amets bat bete zuen, eta klubak, helburu bat. Atletico Madrilen kontra jokatu zuten lehen partida, orduan Superliga deitutakoan, 2006ko irailaren 10ean, Zubietan. 0-1 galdu zuten, eta bederatzi jardunaldi behar izan zituzten lehen garaipena lortzeko. Gorenean egonkortzea izan zen hurrengo erronka, eta lortu zuten. «Ez zen erraza izan, hala ere. Gogoan dut bigarren denboraldia batez ere oso zaila izan zela. Asko kostatu zitzaigun puntuak lortzea».
Titulu bat irabaztea baino ez zen falta, eta iritsi zen: talde txuri-urdinak Espainiako Kopa irabazi baitzuen Granadan, 2019ko maiatzaren 11n, Atletico Madrili 2-1 irabazi eta gero. «Aurreko egunetan bizi izan genuena, ezustean irabaztea, Granadan eta Gipuzkoa osoan egin genuen ospakizuna... Gauza asko mugitu zuen garaipen hark, eta gogoratzen dudan aldiro oilo ipurdia jartzen zait», esan du Etxeberriak.
Ordurako Encinas erretiroa hartuta zegoen, eta Aparicio Tolosan ari zen jokatzen. «Nik etxean ikusi nuen, eta hunkigarria izan zen», azaldu du Apariciok. Granadan egon zen Encinas. «Klubak gonbidatuta hainbat jokalari ohi izan ginen bertan, eta ahaztezina izan zen. Realaren trofeoen aretoan emakumeen taldeak lortutako garaikur bat egotea ginga jartzeko modu bat izan zen. Atzetik zetozenentzat ere mezu bat zegoen: 'Realarekin titulu bat irabaz dezakezu'. Bat dator horrekin Aparicio. «Aurten guk ere beste bat jokatu dugu, eta, galdu arren, beste aurrerapauso bat da klubaren hazkundean. Pentsa zenbat zale mugitu genituen Zaragozara, nola animatu gintuzten... Partida amaitu eta harmailei begira jendeari eskerrak eman genizkionean, asko hunkitu nintzen».
«Realaren trofeoen aretoan emakumeen taldeak lortutako garaikur bat egotea ginga jartzeko modu bat izan zen. Mezu bat ere bazegoen atzetik neskentzat: 'Realarekin txapeldun izan zaitezke'»
AINTZANE ENCINASRealeko jokalari ohia eta hirugarren taldeko teknikaria
Beste mugarria Txapeldunen Liga jokatzea izan zen, 2022-2023ko denboraldian. Etxeberria: «Pena izan zen txapelketaren formatuak kanporaketa bakarra jokatzea ahalbidetu zigula. Baina asko ikasi genuen horretatik». Txapeldunen Liga jokatu zuten urtean ez zutela asmatu aitortu du. «Ziurrenik, orain dugun erronka denboraldi on batzuk kateatzea da».
Baldintzak eta ikusgaitasuna
Urte hauetan aldaketa nabarmenetakoak baldintzetan eta ikusgaitasunean gertatu direla berretsi dute hirurek. Etxeberriak nabarmendu du ikusgaitasuna handituz joan den neurrian ardura ere handiagoa izan dela. «Egiten duzunak, emaitzek eta hartzen dituzun erabakiek isla eta eragin handiagoa dute kanpora begira. Hala, ezinbestean, gauzak erlatibizatzen ikasten duzu. Gainera, lantaldeak oso babestuta sentitzen naiz».
Aldaketa horren ondorioz, «jokalarien bizitzeko modua» ez da berdina orain: «Guri ere eragin digu horrek. Hasierako jokalari haiek etorkizunari begiratu gabe bizi ziren, momentua gozatuz. Oraingoak, berriz, momentuaz eta dutenaz gozatu beharrean, askotan etorkizunari begira jartzen dira; azkarregi bizi dira. Gauzak lortu nahi dituzte bidea egin gabe, nahiz eta jabetzen diren zer daukaten. Guk, behintzat, azpimarra egiten dugu horretan, Realaren filosofia eta balioak oso presente izan ditzaten».
Baliabideen gaian sakon sartu aurretik, Encinasek bitxikeria bat kontatu du: «Pentsa, igo ginenean afari batera gonbidatu gintuzten Bodegon Alejandron, eta kamiseta bat eman ziguten opari, gizonekoen taldeko Txapeldunen Ligako zuria». Arratsaldean entrenatzen ziren hasieran: «Jakina den moduan, ordutegi txarrenetan. Entrenatzaile multzoa ere askoz txikiagoa zen, eta zelaien baldintzak kaskarragoak. Ni jokatua nago Realaren elastikoarekin hartxintxar zelaietan, Oñatin... Baina batez ere metodologian izan da aldaketa handiena. Hasieran ez zegoen».
Inbidiarik? «Ez nuke aldatuko bizi izan nuena, pozgarria izan baita beste batzuentzat bidea egitea». Etxeberriak ere ez lituzke aldatuko futbolari izan zen garaiak. «Oroitzapen ederrak ditut. Pentsa, kapitain moduan bi Kopa jaso zituen Oiartzunekin». Hori entzun duenean hausnarketa hau egin du Apariciok: «Orain guk jarraituko dugu lanean, asko baitago oraindik egiteko».
Encinasek nahiko luke beste jokalari askok bere 388 partiden marka gainditzea. «Horrek esan nahiko luke ibilbide luzea egin dutela Realean. Polita da klub bakar batean jokatu duen futbolari bat izatea». Erronka handia dela onartu du Apariciok. «Guretzat taldean ibilbide luzea egin duten edo egiten ari diren jokalariak erreferente dira, eta urratsez urrats, disfrutatuz eta eguneroko lanean arreta jarrita, izugarria litzateke kopuru horietara iristea».
Erreferenteen garrantzia azpimarratu du Encinasek. «Adibidez, ni jokatzen hasi nintzenean, baziren Gipuzkoan ibilbide luzea egina zuten emakume futbolariak: Arantza del Puerto, Garbiñe bera... Baina ez zuten ikusgaitasunik. Hala, nik [Xabi] Prieto, [Pep] Guardiola edo [Gaizka] Mendieta izan nahi nuen eskolako patioan jokatzen nuenean. Orain, berriz, ederra da zaleak edo haurrak patioan Nahiaren, Amaiurren edo Nerearen kamisetekin ikustea. Tokia irabazi dugu zelaian, harmailetan, eskolako patioan... Bidean segitu behar dugu». Tokia irabazi izanaren garrantzia berretsi du Etxeberriak: «Horrek deseroso sentiarazi ditu batzuetan bertan zeudenak». Badago zer egina, horren adibide Apariciok kontatutakoa: «Oraindik badira uste dutenak gure kamiseta daramatenak lagunak edo senideak direla».
«Ez dut ukatuko asko borrokatu behar izan dugula hona iristeko. Ez da erraza izan. Baina nora iritsi garen eta zein etorkizun dugun ikusteak asko betetzen nau»
GARBIÑE ETXEBERRIARealeko kirol zuzendaria
Egun, Realaren emakumezkoen taldeen egitura «sendo» ikusten du Encinasek, eta argi du nola nahiko lukeen ikusi hemendik hamar urtera. «Harrobiko talde gehiagorekin, eta emakumeen futbolaren bilakaerak eskatuko dituen pausoak emanda. Ziur nago hala izango dela, lana oso ona baita». Horren garrantzia nabarmendu du Apariciok: «Formakuntzarako ezinbestekoa da harrobian taldeak egotea».
Horretan funtsezkoa izango da eraikin berria. «Zubietan beti esaten dugu dena denona dela, baina eraikin propio bat izateak sendotasuna emango digu hazten jarraitzeko, eta pizgarri bat ere izango da lanean jarraitzeko, etorkizun polita baitugu aurretik», berretsi du Etxeberriak. Eta ondorengo hau erantsi du. «Gozatu egin dut, baina urte hauetan buruhauste asko ere eman dizkit Realak. Egon dira bolada zailak. Izan ere, denetik egitea tokatu zait. Ez dut ukatu asko borrokatu behar izan dugula hau dena lortzeko. Ez da erraza izan hona iristea. Baina nora iritsi garen eta zein etorkizun dugun ikusteak asko betetzen nau».