Katamotza nola ehizatu

Realak Txapeldunen Ligako final zortzirenen itzulerakoa jokatuko du gaur, PSGren aurka. Bi golen aldeak «galtzekorik ezaren» zama arindu dezakeela uste du Aritz Olagoi kirol psikologoak.

(ID_13668128) ESPAÑA FÚTBOL LIGA CAMPEONES: REAL SOCIEDAD-PSG
Realeko jokalariak, atzoko lan saioan, atzean Imanol Alguacil entrenatzailea ageri dela. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Realaren historian arrastoa utziko du gaur Donostian jokatuko duten norgehiagokak. Izan ere, Anoetako estadioak Txapeldunen Ligako final zortzirenetako neurketa bat hartuko du hogei urteren ostean. Ez da kontu xumea. Txuri-urdinek Paris Saint Germain ahaltsua jasoko dute kanporaketaren norgehiagoka erabakigarrian (21:00, Movistar). Katamotzak —animalia hori da frantziarren ikurra eta maskota— nagusitu ziren joanekoan (2-0), eta Imanol Alguacilen taldeak iraulketa bat behar du hurrengo faserako sailkatzeko.

Realak erronka handia du aurrean. Taldeak azkenaldian izan duen beheraldiari gehitu behar zaizkio aurkariak abantaila duela aldeko eta taldetzarra osatzen dutela. Gorengo mailako jokalariei osatzen dute Parisko multzoa. Hala, handia egin behar du aurrera egiteko; bi golen aldeaz nagusitu behar du kanporaketan berdintzeko, eta hiru egin behar ditu gainditzeko. 

Arlo psikologikoak zeresana izango du katamotzak ehizatzeko garaian. Aritz Olagoi kirol psikologoaren esanetan, taldearen bolada eskasak «baldintzatu» egin dezake egoera: «Emaitza aldetik justu dabil, eta golak ez ditu erraz sartzen. Osagai guzti horiek koktel batean sartuz gero, zalantzarik ez dago erraza ez duela izango. Kontua da, era berean, arlo psikologikoan ondorioa izan dezakeela dela presiorik gabe aritzeak. Txapeldunen Ligan ondo egin du orain artekoa, final-zortzirenetara sartu zen multzoko lehen postua lortuta, eta txapelketako talderik handienetako baten aurka ari da lehian».

Bi taldeak otsailaren 14an lehiatu ziren joanekoan, eta hemezortzi egun geroago elkartuko dira berriz. Denboraren kudeaketari dagokionez, Olagoik nabarmendu du Realak «denbora gutxi» izan duela partidan pentsatzeko: «[Espainiako] Kopako finalerdia tartean egon da, eta hiru txapelketatan buru-belarri ibili da. Partidaz partida joanez ikasten du. Desberdina izango litzateke ligako partidaren bat soilik eduki balu; halakoetan, handiagoa izango litzateke kanporaketa buruan bueltaka ibiltzeko arriskua. Astean bi partida jokatuta, burua garbi edukiko dute alde horretatik».

Azken hiru norgehiagokak galdu egin dituzte txuri-urdinek, eta Espainiko Kopako finalik gabe geratu da haietako baten ondorioz. Klubaren jiran eratutako ezkortasun hariak bi aldagai ditu, Olagoiren ustez: «Alde batetik, bolada txarrak taldearen eta jokalarien konfiantzan eragin dezake, eta kalterako izan daitekeen aldagaia da. Baina, era berean, ezkortasun horrek espektatibak murriztuko ditu. Inor gutxik espero du Realak sailkatzea lortzea. Aurreikuspenak jaisteak mesede egin diezaioke, ez duelako ezer galtzeko». Alde horretatik, Mallorcaren aurkako kopako kanporaketaren «justu kontrakoa» da egoera, donostiarrak jotzen zirelako faborito, itzulerakoa etxean jokatuta eta joanekoan berdinduta.

Paris Saint Germainek begiz joa du Txapeldunen Liga. Hura lortu arteko bakerik ez du, sekula ez baitu Europako kluben txapelketa gorena irabazi. Realak, berriz, talde goseti baten aurka neurtuko ditu indarrak, eta, erronka horri ekiteko, «ondo egindakoetan» erreparatzeari garrantzia eman dio Olagoik. Kirol psikologoaren esanetan, taldearen zereginetan jarri behar da arreta: «Talde handia da, baliabide asko ditu, eta jokalari bikainak. Realak adibide gisa erabil dezake joaneko partidaren lehen zatian; lanak eman zizkion PSGri, eta golak sartzeko aukera izan zuen. Arreta iraulketan eta behar dituen gol kopuruan jarriz gero, zelaian egin beharrekoa ahazteko arriskua dago. Erronka da partidan jarraitzea, gertatzen dena gertatua ere».

Urumean nola, Sena ibaian ere urak nahastu egin dira azken asteetan. Kirol arloan baino gehiago, bulegoko kontuetan. Izan ere, Kilian Mbappe izarrak taldea uzteko erabakia jakinarazi du: «Talde bat zelaitik kanpoko kontuekin nahasten denean, arreta galtzea ekar dezake». Halaber, joanekoan paristarrak gailendu izanak «gehiegizko konfiantza» eragin diezaioke Luis Enrique Martienezen taldeari, eta kaltea ekarri. Realak aldeko aldagai dezente baliatu beharko ditu helburua lortzeko bidean. Bolada txarra eteteko modu zoragarria luke.

Taldea, «prest»

Realak norgehiagoka zaila du partidari berari erreparatuta, eta erronka are zailagoa da kanporaketa osoari dagokionez. Izan ere, Paris Saint Germainek kalitate handia du, joaneko emaitza aldeko, eta Imanolen jokalariak makal antzean ari dira beren estadioan. Donostiarrek ez dute etxean irabazi azken hiru hilabeteetan, eta kostatzen ari zaio aurkariaren atea zulatzea». Azken orduko okerrik gertatu ezean, imanol Alguacilek Ander Barrenetxea berreskuratuko du norgehiagokarako. Donostiarra osatu da orain bi aste jasotako kolpetik, eta taldearekin osatu zuen neurketaren aurreko lan saioa. Kontrara, Arsen Zakharyanek ez zen taldekideekin entrenatu. 

Anoetak itxura ederra izango du gaurko partidarako. Zaleek mukuru beteko dute estadioa, eta, tartean, Paris Saint Germainen 2.000 zale baino gehiago izango dira harmailetan. Zalerik ultrenen presentzia tarteko, Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia antolatuko du Anoetaren aldirietan. Bestalde, Realak jakinarazi du zale txuri-urdinek taldeari harrera egiteko modua izango duela Errondo pasealekuan, 19:25 inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.