Pau Gasol

Katalunia eta Grezia batzen dituena

Hirugarren Eurobasket irabazi du Espainiarekin, eta zenbait jokaldi kritikotan pibotak azaldutako egoskorkeria miretsi dute adituek. 35 urterekin, aurkariak bat bestearen atzetik azpiratu ditu, hura gabe erdipurdiko taldea zela jakitun.

JAVIER LIZON / EFE.
Danel Agirre.
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Kataluniaren aurka nola edo hala lehiatu beharreko arma ez konbentzionaldun sestran, Espainiak Felipe erregea bidali zuen igandean Lillera (Frantzia), misio bakarrarekin. Eurobasketeko finala amaitu bezain pronto agertokian azaldu, eta Pau Gasoli ia bere aurkariek egin dizkiotenak baino zaintza estuagoa egin behar zion, ahal zen irudi gehienetan elkarrekin azaldu zitezen. Kataluniak eta Espainiak elkarrekin osatzen duten sinbiosi garaiezinaren eredu da Gasol, Frantziari finalerdi epikoan gailendu ostean asteburu osoan hamaika komunikabidetan irakurri ahal izan denez.

Aste honetan ikusiko da 35 urteko pibotak unionisten lubakira jaitsi nahi izango ote duen, eskaerarik —presiorik— ez baitzaio faltako. Amaitu berri duen txapelketa heroikoegia da irailaren 27a baino lehen zukutzen ez saiatzeko. Duela bi aste Berlinen abiatu zenean, komunikabide berberak askoz zuhurrago zebiltzan, Eurobasketak ez zuen traza onik Espainiarentzat. Bost osagarri onenetakorik gabe —Calderon, Rubio, Navarro, Ibaka, eta Marc anaia—, beteranoegia zirudien Gasolek maila honetako lehiaketa batean ia sorosmenik gabe gailentzeko.

Los Angelestik Chicagora egin (AEB), eta sasoia luze geratu zitzaion sintomak emanak zituen NBAko kanporaketetan. Ordura arte pilatutako zenbakiak itsustu, eta Cleveland aurkakoan lehia garrantzitsuenetako bi traje eta gorbatarekin ikusi zituen, giharrek aski esan ziotelako. FIBAko ekosistema terapeutikoa da, ordea, Gasolentzat, eta hiru hilabete geroago 30 minutuz iraun ahal izan du kantxan, batez beste, taldearen itsasargi bakarra izateak eragindako markaketa oldarkorrekin ere.

Gasolen ekarpen oparoaren eta erresistentzia fisikoaren konbinazioak 1987ko Nikos Gallisen Eurobasketa dakar gogora. Sobietar Batasunak eta Jugoslaviak jokalari sorta bikainak zituzten aroan, antolatzailearen erakustaldi bat bestearen atzetik kateatuta eskuratu zuen urrea Greziak. Gutxienez 30 puntu saskiratu zituen Gallisek norgehiagoka bakoitzean; sobietarren aurkako finalean 40, luzapen eta guzti. Bitxikeria harrigarriagoa utzi zuen, ordea, burdinazkoa zirudien, eta 30 urte beteak zituen 6 zenbakidun txikiak. Bederatzi egun eta zazpi partida izan zituen maratoian ez zuen segundo bat izan arnasarik hartzeko, Kostas Politis hautatzaileak ez baitzuen eseri.

A, B eta D planak, berbera

Gallisen gehiegikeriak ezinezko bihurtzen dituzte egungo saskibaloiaren erritmo askoz biziagoak eta defentsari egun aitortzen zaion garrantzi handiagoak. Haren ezusteko balentria hark eta Gasolenak elkarren arteko antz guztia dute. Bereziki, norberaren dohainengan fedeagatik, multzoaren sostengu ia bakar izanda ere garaipenarekin itsutu eta taldekideak bizkar gainean eramate horregatik. Haren garaikide askok etxean erretiroa hartuta ikusi duten Eurobasketean —urte berean jaio ziren Arvidas Macijauskas eta Gasol, adibidez— 25,6 puntu eta 8,8 erreboterekin puztu ditu dagoeneko kontinentean ia inork erakutsi ezin dituen zenbakiak.

Chicagon bere aprendiz gisa ari den Nikola Miroticek behar zuen aurten Gasolen konplize nagusi. Kamuts aritu da montenegroarra, Espainiarekin aritzea erabaki izanak eragin dion presioa ezin uxaturik. Bostekoko beste izarretako baten, Rudy Fernandezen, bertsiorik onena gero eta urriago agertzen da horrelakoetan, bizkarrean duen arazo kronikoa dela medio. Gauzak horrela, Sergio Rodriguez, Felipe Reyes, Victor Claver eta Pau Ribas izan dira Gasolen emaria osatzeko ekarpen baliotsuenak egin dituztenak. Sergio Scariolo hautatzailea ez da saiatu ere egin Gasolez haratago zihoan plangintza bat entseatzen ere. Lehenbiziko fasea estropezuka eta bi porrotekin gainditu zuen taldeak jokaldi kritiko bat izan duen bakoitzean, margotutako eremura begiratzea nahikoa izan du behar zituen erantzun guztiak eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.