Kasualitatetik, kausalitatera

Martin Lasarteren esanetara debutatu zuen Realarekin Antoine Griezmannek, 2009ko abuztuan. Ordurako igarri zion uruguaitarrak izar handi bat izan zitekeela, eta jokalaria Atletico Madrilen bikain jokatzen aritzeak ez du harritu. Igande honetan motzean lotzea komeni dela uste du.

Antoine Griezmann eta Martin Lasarte, Zubietan, 2009ko azaroan. Uda hartan igo zuen entrenatzaile uruguaitarrak jokalari frantziarra gazte kategoriakoen taldetik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ez nau batere harritzen Griezmann Atletico Madrilen ematen ari den mailak. Futbolari bikaina da. Eta erne, oraindik ere hobea izango baita». Ez dira edonoren adierazpenak horiek. Ez horixe. Besteak beste, kirol arloan Antoine Griezmannen aita izan denaren hitzak dira: Martin Lasarterenak (Montevideo,1961). Hain justu, entrenatzaile uruguaitarraren esanetan egin zuen Realarekin debuta Griezmannek, 2009-2010ko sasoian, eta ongi gogoan ditu garai haiek Lasartek. Ordea, «futbolean orainak agintzen du», eta datorren igandean Atletico Madrilekin ariko da Griezmann Anoetan. «Berak bihotzean du Reala, eta oso partida berezia biziko du. Espero dut hiru puntuak Realak lortzea. Horretarako, motzean lotu beharko du Griezmann».

Izan ere, «gero eta hobea» da Griezmann. Realean izarretako bat zen, «eta Atletico Madrilen ere hala da, nahiz eta denbora asko ez eraman taldean». Berezkoa du hori, Lasarteren ustez. «Zelai barruan liderra izatea gustatzen zaio, eta horregatik dago dagoen lekuan». Bartzelonaren aurka penaltia huts egin zuen joan den jardunaldian, baina ez da kikilduko. «Bada zerbait Atletico Madrilen halako erantzukizuna hartzea. Gaizki atera zitzaion, baina hurrena ere penaltia jaurtitzeko prest izango da». Burugogorkeria onerako duela pentsatzen du Realeko entrenatzaile ohiak. «Psikologikoki indartsua izan da beti. Lehen egunetik igarri nion hori».

Lehen egun hori, dena den, kasualitatez iritsi zen. «Inork aurreikusi gabe deskubritu genuen Griezmann. Postu horretan jokatzeko, Kolonbiatik ekarri genuen Jonathan Estrada, eta min hartu zuen». Bingen Erdoziarengana jo zuten gero, baina hura ere jokatu ezinda zegoen. Beraz, lagunarteko partida hartarako, Griezmann deitu zuten, Gazteen Ohorezko Mailan ari zen 18 urteko gaztetxoa. «Azkoitian (Gipuzkoa) izan zen, eta bi gol sartu zituen. Harrituta geratu nintzen. Hura zen hura jokalaria! Banekien izar baten aurrean geundela».

Bada, traza hori hartuta, lehen taldearekin partida gehiago jokatzeko aukera eman beharrean sentitu zen Lasarte. «Realeko bigarren taldean ere ez zegoen Griezmann. Baina nik Lorenekin —Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendari— hitz egin nuen, eta azaldu nion zein zen nire nahia. Hasieran ez zitzaion gustatu nire erabakia, baina gero bai. Ligako bosgarren jardunalditik aurrera hasieratik jartzen nuen beti». Eta ez entrenatzailearen kapritxoz, Griezmannen beraren merituz, baizik. «Ezaugarri on asko zituen. Bere buruarekin konfiantza handia zuen, lotsagabea zen zelaian, eta, gainera, jokalari aparta. Ezker bikainekoa. Bizia eta buruz bizkorra». Debutatu berria izanagatik, gogoan du Lasartek ez zuela erreparorik izaten falta bat berak jaurti nahi zuela esateko.

Ikurrina ukitu zuenekoa

Besteak beste, Lasarteri ez zaio sekula ahaztuko Getaferen zelaian gertatutakoa. «Gaztea zen, eta gol bat sartu ondoren elastikoko ikurrina ukitu zuen Getafeko zaleei begira. Iskanbila sortu zen. Halako gauzak gustuko zituen. Ez zen polemika zalea, baina bai lotsagabea». Bide horretan, taldekideen laguntza oso garrantzitsua izan zuen. «Mikel Aranburuk, Mikel Labakak eta abarrek asko maite zuten jokalaria, eta beti erakusten zioten bide egokia. Griezmannen egungo izaeraren parte dira jokalari horiek». Kirol arloan, berriz, Carlos Bueno aurrelari uruguaitarrarengandik asko ikasi zuen frantziarrak, Lasarteren esanetan. «Lan saioak bukatu ondoren biak geratzen ziren erasoko jokaldiak lantzen. Goiko jokoan, esaterako, berdinak dira biak». Uruguaitarraren esanetan, fruituak ez dira kasualitatez jasotzen. «Bere bizitzan sufritu beharra izan du, eta lan asko eginda heldu da dagoen tokira».

Sarritan, taldekideen laguntza eta babesa nahikoa ez, eta aitaren rola behin baino gehiagotan bete behar izan zuen Lasartek. «Donostiara bizitzera etorri baino lehen, Baionan egoten zen bera, pentsio moduko batean. Goizetik gauera Realeko izarretako bat bilakatu zen, neska guztien ametsa, eta ez zitzaigun komeni berak okerreko gauzarik egitea». Horregatik, pauta batzuk markatu zizkion, eta behar bezala zaintzen ahalegindu ziren. «Denon haur mimatua zen. Ile horia zuen, begi urdinak, eta oso maitagarria zen. Nik astean behin ekartzen nuen etxera afaltzera, eta bizitzari buruz hizketan aritzen ginen. Kontuan hartu behar da berak hemezortzi urte soilik zituela. Futboleko bideo zaharrak ere ikusten genituen elkarrekin, eta gero gurean geratzen zen lotan».

Madrilera, gonbidatuta

Griezmann gorengo mailan ikustea «ohorea» da Lasarterentzat. «Zortea lagun izan dut nire ibilbidean. Luis Suarezek ere nire esanetara egin zuen debuta, eta orain Bartzelonan dago. Beste talde handi batean. Meritua eurena da. Izugarri pozten naiz beraiengatik». Pozik handiena, ordea, jokalariak berarekin akordatzen direla ikusteak ematen dio Realeko entrenatzaile ohiari. «Oraindik ere harremana mantentzen dut biekin, batez ere Griezmannekin. Mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri. Azkenaldian, esan eta esan ari zait ea noiz joan behar dudan Madrilera berarekin afaltzeko. Adarra jotzea asko gustatzen zaio, zentzu onean». Hankak lurrean edukitzea garrantzitsua da. «Zelaian ikusi, eta, askotan, ematen du harroa dela, izaera lotsagabea duelako. Baina halakoa ez balitz, ez litzateke hain jokalari ona izango. Mutil aparta da, jatorra, bihotz onekoa».

Orain arte ibilbide oparoa badarama ere, Griezmann gorago hel daitekeela uste du. «Bere hurrengo erronka da Frantziako selekzioarekin tituluren bat lortzea, eta lortuko du. Dagoeneko tokia egin du taldean, eta ez du asko iraungo hasierako hamaikakoan posturen bat eskuratzen. Zer esana emango du, eta ez nintzateke harrituko are talde handiago batera jauzi egingo balu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.