Pilota. Binakako finala

Kastarekin, arrakasta ziurra

Txapelketa aurkeztu zenean pentsatu ere ez zuten egiten hain urrun iristerik, baina lan onak eta elkarren arteko babesak binakako finalean jarri ditu Bengoetxea VI.a eta Larunbe. Esan dute zeruak eta lurrak bat egin beharko dutela txapela jantzi ahal izateko, baina aukera ikusten dute.

Bengoetxea VI.a, Larunberi gomendioak ematen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Bilbo
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Duela lau hilabete pasatxo, joan den urteko abenduaren 3an ekin zioten binakako txapelketari Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Larunbek, eta ez zuten nahi bezala abiatu ibilia. Estreinako partida hura 22-16 galdu zuten Olaizola II.aren eta Untoriaren aurka, Lizarran (Nafarroa). «Sasoi eskasean hasi genuen txapelketa, batez ere nik», aitortu du leitzarrak. Halere, penak ahazteko edo, partida ondorenean elkarrekin afaltzera joan ziren bi pilotariak, eta mahaiaren bueltan ziren bizkaitarraren kuadrillako lagun batzuk ere. «Gaztetasunak eragiten duen ilusioa ezin ezkutatuta, haietako batek esan zuen txapela irabaztetik ez ginela urruti ibiliko, eta aholkatu nion poliki joateko eta erokeriarik ez esateko». Bada, ez zebilen hain oker Larunberen lagun hura, txapel preziatua janztetik pauso bakar batera baitago Asegarceko bikotea. «Txapelketa aurkeztu zenean, ez genuen pentsatu ere egingo hain urrun helduko ginenik», aitortu du Larunbek. Hori bai, behin finalean egonda, Irribarria eta Rezusta menderatzea dute xede, datorren igandean, Bilbon.

Bideoa: Bengoetxea VI.a eta Larunberi elkarrizketa (Argazki Press)

[youtube]https://youtu.be/MTT0IIO8JMA[/youtube]

Aspaldi ezagutu zuten elkar Bengoetxeak eta Larunbek. «Tira, nik telebistatik jarraitu izan dut betidanik, baina Asegarcerekin debuta egin nuenean hasi genuen halako harreman bat», gogoratu du Galdakaokoak. Harreman ona eta sanoa. Hala dio leitzarrak. «Azken lau urteotan lagun onak egin gara, baina egia da txapelketa elkarrekin jokatzeak indartu duela gure laguntasuna. Sarri afaldu izan dut nik bere lagunekin, eta gure etxean ere bisita batzuk egin ditu Larunbek». Hain zuzen, laguntasun hori mesederako izan dute kantxa barruan zein kanpoan. «Dezente harritu nintzen biok bikote ariko ginela esan zidatenean, ez bainuen espero. Pentsatzen nuen berak Urrutikoetxearekin jokatuko zuela». Baina ez. «Ilusio handia egin zidan txapelketa gazte batekin jokatuko nuela jakiteak. Uda osoan maila handia eman zuen Larunbek, eta egin duen lanak ez nau harritu». Harrituta geratu dena Larunbe izan da. «Partida batzuetan maila ikusgarria eman du nire aurrelariak. Harmailetan eseri, eta txalo jotzeko gogoa ematen zidan».

Harritu edo ez harritu, elkarren arteko babes eta konfiantzari esker heldu dira finalera. Bengoetxeak gogoko du laguna animatzea. «Une zailetan bere ondoan egoten saiatu naiz, eta aholku egokiak ematen. Mutil bizkorra da Larunbe, badaki partidak irakurtzen, eta kasu egin dit. Gazteekin jokatzea asko gustatzen zait, presiorik izaten ez delako». Bengoetxearen esanetan, errietarik ez dio egin atzelariari. «Halakorik inoiz ez. Bere gainean egon naiz, animatu egin dut, kezkatu egiten nauelako lagunaren egoerak, baina errietarik ez dut egiten». Larunbek eskertu ditu aurrelariaren animoak. «Ez da isiltzen! Txapelketa aurkeztu zenean, ikusi nuen apustuetan ez geundela faboritoen artean, eta normala zen nigan konfiantzarik ez edukitzea. Halere, beti esan dit nigan sinesteko, eta, bere laguntzarekin, behetik gora egin dut».

Kasta eta garaipen gosea

Elkarren arteko laguntasun eta konfiantzarekin soilik, ordea, ezin egin daiteke finalerainoko biderik. Leitzarrak kasta eta garaipen gosea nabarmendu ditu, ezeren gainetik. «Normala den bezala, gorabeherak izan ditugu lau hilabeteko jardunean, baina une jakinetan kantxan egoten asmatu dugu, eta horregatik gaude finalean. Barruko jenio hori erabiltzen jakin dugu, eta, behin baino gehiagotan gaizki jokatu arren, ez diogu muzin egin lanari. Sari honen atzean lan asko dago». Lagunak kutsatu dizkion motibazio eta intentsitatea nabarmendu ditu Larunbek. «Positiboa izateko eskolak eman dizkit, ez pilotarako bakarrik, bizitzarako baizik». Olaizola II.aren eta Untoriaren aurka Iruñean jokatu behar zuten finalerdietako ligaxkako partida, eta hiru ordu lehenago Oinatzek telefonoz deitu zion. «Betiko moduan, pentsatu nuen materiala gastatua izango zuela, eta eskatu egingo zidala. Baina ez. Animoak emateko eta nigan sinets nezan esateko deitu zidan. Asko errazten du bidea».

Halere, bide guztia ez dute lorez betea izan. Arantza batzuk zapaldu behar izan dituzte. Bengoetxeak, batez ere. Besteak beste, lau t'erdiko txapela jantzi eta berehala ekin behar izan baitzion binakakoari. «Mailari dagokionez, motel hasi nintzen, baina ongi nengoen psikologikoki. Hori bai, asteek aurrera egin ahala, nekatzen hasi nintzen. Pilota munduaz leporaino nengoen, eta etsitzetik gertu egotea tokatu zitzaidan. Bizpahiru egunez deskonektatu nuen, eta, zorionez, berriro ere pilota gosea itzuli zitzaidan». Leitzarrari oso luze egin zaizkio lau hilabeteak; ez, ordea, bizkaitarrari. «Esperientzia gutxiago daukat, eta urtean txapelketa bakarra joka nezake: binakakoa. Horregatik, normala da ni Oinatz baino freskoago egotea psikologikoki. Gozatu egin dut, eta finalean ere gozatzea espero dut». Pilotatik urrundu behar izan duenean, berriz, ikasketak baliatu ditu Larunbek. «Energia berriztagarrien ingeniaritza ikasi dut, eta orain irakasle izateko ikasten ari naiz. Ordu dezente egiten ditut ordenagailuaren aurrean, eta lagungarri zait».

Ez daude itsututa

Oraingoz, biak ala biak lasai daude finalari begira. Esperientzia lagun du aurrelariak, binakako hirugarren finala izango baitu. Lehenengoa galdu egin zuen Belokirekin, Irujoren eta Goñi III.aren aurka (22-12). Bigarrenean, txapela jantzi zuen Untoriarekin batera, Berasaluze VIII.aren eta Zubietaren aurka (22-7). Nahi luke berriro ere orduko balentria lortu. «Finalerdietako ligaxkan sartzea izugarria izan zen, eta zer esanik ez finalean egotea. Txapela irabaztea ikaragarria litzateke, pentsaezina, baina ez dit lorik kentzen. Azken finean, urte asko daramatzat zeregin honetan, eta, galdu edo irabazi, kirola besterik ez da. Txapela janzteak ilusio handia egingo lidake, baina ez nau itsutzen».

Larunbe ere ez dago itsututa. «Gozatu egin dut txapelketan, eta gauza bera egin nahi dut finalean. Garai gogorrak igaro behar izan ditut bizitzan». Besteak beste, bihotzeko arazo batzuk zituela eta, operatu egin behar izan baitzuten duela ia bi urte. «Erabat osatu naiz, baina garai gogorrak igaro nituen, eta lana serio egiteak ekarri nau onenekin lehiatzera. Aski sari da hori. Horregatik, lo lasai egiten ari naiz. Irabazten badugu, bikain, eta bestela ere bai».

Zer egin behar lukete finala irabazteko, baina? «Egunik onena eduki behar genuke, eta haiek ez», adierazi du Bengoetxeak. «Berme handia ematen duen bikotea osatzen dute. Biak gazteak dira, baina ez dira urduri jartzen, eta konfiantza osoa dute euren buruarengan. Ahal handikoak dira biak, baina txarrena da hasieratik bukaeraraino estutzen dutela aurkaria. Arnasa hartzeko aukerarik ere ez dute ematen». Haren arabera, azken urte eta erdian Rezusta ari da izaten atzelaririk onena. «Profesionaletara jauzi egin zuenean, inor gutxik esango zuen halako maila emango zuenik. Ezkerra eta atzelaria zelako, ez zuten aintzat hartu askok, eta akaso guk geuk ere ez genuen usteko hala jokatuko zuenik. Baina izugarria da duen maila. Pilota astintzeaz gain, hanka azkarrak ditu, eta badaki plazan egoten».

Larunberen esanetan, Rezustari aurre egitea oso da zaila. «Bere kolpearekin, pilota oso azkar etortzen da, eta, ezkerra denez, sarritan okerka ere bai. Eskuan pilota ongi asmatzeak makina bat lan ematen dit. Irribarriak, berriz, tantoa azkar amaitzen du, eta ez dago hari ahoko zuloan uzterik. Bikain jokatu beharko dugu irabazteko». Bengoetxea ere iritzi berekoa da. «Zeruak eta lurrak bat egin beharko dute».

Hots, estatistikak alde dituzte. Hirutan lehiatu dira Irribarriaren eta Rezustaren aurka, eta bitan irabazi dute. Leitzarraren esanetan, horrek badu azalpena. «Ligaxkan aise ibili dira, gainerako bikoteon gainetik, baina finalerdietan ikusi zen errealitatea. Azpian pasatu gintuzten». Hori bai, finalak beti dira bereziak, eta are bereziago bihurtu nahi dute Asegarceko pilotariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.